Ramon Sola

755, 673, 500, 392, 299, 150... 0

Presoak zenbakietan neurtzea gauza itsusia da oso. Bakoitzaren atzean pertsona bat, bizitza bat, senide batzuk, zenbait lagun, mugimendu politiko oso bat daude. Itsusia da, baina ez dago arazoaren tamaina zehazteko beste modurik. Zenbakiei tarteka erreparatzea beharrezkoa da, beraz. Historiari begiratzea bezala. 1936ko gerraren ondorioz Jacinto Otxoa uxuetarrak 26 urte pasa zituen preso. Alfonso Etxegaraik “1958ko gerra” deitu duen honetan, bada kartzelaturik 30 urtetik gora daramanik. Historiak gutako inork ezagutu ez duen aroa –preso politikorik gabekoa alegia– abia dezan, horri nahi bezala deitu baino, zero zenbakira heldu beharko da. Kopuruei begiratu diezaiegun ba, ikuspegi egokiaren bila-edo, nahiz eta era desordenatuan izan:

392: Gogoan dut Arnaldo Otegi kaleratua izan eta biharamunean, ‘‘Free Otegi Free Them All’’ kanpainari jarraipena emanez, estreinakoz azaldu zela GARAko azalean euskal presoen kopurua: 392. Urtebete eta bederatzi hilabete pasa dira geroztik, eta, lerrook idazteko orduan bertan, Ramon Aldasorok urratu du 300 presoen langa hori. Mantso-mantso joan da atzerako kontua, bai.

755: Atzera egin nahi nuke une batez. 2008an, ETAren atentatuek oraindik hildakoak eragiten zituztela, 755 presora heldu zen kopurua, 1968ko “Salbuespen egoera” direlakoen ondorengo kopuru altuena, beraz. Urte horretan atxilotutako ETAko kideek 40 urte pasako zituztela preso zin egin zuen Rubalcaba ministroak. Inertzia horretan segituta gaur zenbat izango ziren (presoak eta hildakoak) hausnartzea ez dago soberan.

673: Atalez atal joan ziren ixten borroka armatuaren fronteak, eta, horri esker, amaiera iragarri zenean, 673 preso ziren, 673 oraindik. Negoziazio mahaiaren bidez poliki-poliki etxeratzea lortuko zen ustea okerra gertatu zen. Hurrengo urteetan kartzelako hormatzarretan zirrikitu bakarra Europak ireki zuen, “Parot doktrina” baliogabetzeak 60 bat preso askatu baitzituen.

500: Kopurua 500 presotik jaistean, albistetxo xume bat idatzi genuen. Garai nahasiak ziren ezker abertzalearen inguru batzuetan, noraeza nabaria eta frustrazioa handia, eta konstatazio objektiboa baino ez zena kritikagai bilakatu zen. Gaur zorionez onartuta dago etxera itzultzen den preso bakoitzaren askatasuna behar bezala nabarmendu eta ospatu beharra: familia bat gutxiago errepidean, eragile politiko bat gehiago kalean, eta gatibu bat gutxiago Estatuaren esku.

299: Oraindik 299 preso direlarik, argi izpi batzuk piztu dira bidean: Gobernu frantsesak espetxe politika aldatzeko prest dela aipatu du aste honetan bertan, presoak hurbilduz eta DPS estatusa birpentsatuz (kalera ateratzen hasteko lagungarri, antza). Azkartuko al da gure azaleko atzerako kontua? Agian.

150: Etorkizunari begira jar gaitezen orain. Egungo legedia baliatuz, epe motz-erdira egungo presoen erdia etxera ekartzeko aukera legokeela diote adituek. 7/2003 lege maltzurrak, ordea, giltzarrapoa jartzen du 150 preso politiko ingururen ziegetan. Lehenbizikoz aipatu berri du Espainiako Barne ministroak “Ley General Penitenciaria” delakoa alda daitekeela. Logikoagoa litzateke Aznarrek «presoak kartzelan usteltzeko» asmatutako anakronia horri heltzea, zentzu guztia galdu baitu. Legeak egokitzen hasita, zergatik ez? •