Miren Azkarate Badiola

32 urte eta gero

1986ko “Argia” aldizkari bat izan dut eskuartean egunotan. Betidanik etxean izan dugun alea da, beno, nire atxiloketan Guardia Zibilak eraman zuen eta ondoren ez nekien itzuli ziguten edo ez, baina orain badakit baietz. Aitari urte hartan egin zizkioten torturen harira hedabide ezberdinetan egindako elkarrizketak, argazkiak, eta abar. Guztiak ditu amak gordeta, eta aipatu “Argia” hartan, amari egindako elkarrizketa bat azaltzen da; azalean nire aitaren eta anaiaren argazki bat ikus daiteke. Orain arte ez nekien zein kazetarik egin zion amari elkarrizketa hura eta kasualitateak edo jakin ezazue nork nahi izan duen, lanean torturaren aurkako eguna dela-eta prestatzen ari nintzen elkarrizketen artean, orain bera ere torturatu bezala eta nik lan egiten dudan hedabideko zuzendari bezala, nik berari eta berak niri buruz buruko elkarrizketa bat egitea. Solasaldi moduko bat izan dugu Iñaki Uriak eta biok, eta hortxe aitortu dit bera zela ezizen baten atzean amari egindako elkarrizketa hartan zegoen kazetaria.

Nola diren gauzak, 16 urte beranduago haien alaba izango zen bortizki torturatua eta 17 urte beranduago bere hitzak jaso zituen kazetaria. Eta biek, kazetari eta hedabide berdineko langileak, aurrez aurre hori gogoratu eta elkartrukatuko zuten, 32 urte beranduago, torturaren aurkako egunean, Joxe Arregi erail eta 37 urtera. •