Iratxe Urizar

«In-komunikazioa»

Euskal gatazkaren inguruko film on baten faltan, maiz pentsatzen dugu Hollywooden kontaktu on bat izatea dela behar duguna. Izan ere, ukaezina da mass media-k eskaintzen zuen irakurketa unionistatik urruntzen ziren zuzendari profesionalen pelikulek Irlandako gatazkaren internazionalizazioan eta ezagutzan lagundu zutela. Publiko orokorrari ordura arte azaldu gabeko hainbat elementu helarazi zitzaizkion bide horretatik. Euskal gatazkaren kasuan, baina, salbuespen gutxi batzuk kenduta, ez da film onik ez dugula (ikuspegi orotatik begiratuta, ez eduki mailan soilik), askotan esperpento hutsez ari garela baizik.

Hau guztia dator Ryan Coogler zuzendariak Ameriketako Estatu Batuetako zinema aretoetan estreinatu berri duen filmagatik, “Black Panther” deritzon akzio pelikulagatik, hain zuzen ere. Arrakasta itzela izaten ari da, baina ez hori bakarrik: egunerokotasun osoa izatera pasatu da erakunde iraultzaile horretako kide izatea leporatuta gaur egun oraindik ere kartzelan dauden presoen bizi baldintzen gaineko eztabaida. Ez gara ari historian existitu zen erakunde bati buruz: preso horiek gaur egun ere kartzelan daude kondena luzeak betetzen. Mumia Abu Jamal da agian presorik ezagunena, baina ez bakarra. Superheroiak ateratzen diren fikziozko film bat izanik ere, interesgarria da ikustea nola bide horretatik gai bat gizarte guztira heltzen den.

Bizirik dirauten gatazka politikoei buruzko pelikulak egitea kontraesanez eta arriskuz beteriko kontua da, arrisku nabari-nabariak gainera. Ezkutuko errealitate bat pendulu kolpe latz baten ondorioz bat-batean kontsumo produktu izatera pasa daiteke, edukirik gabeko merchandising eta guzti.

Pantaila handira eramateko moduko gai asko okurritzen zaizkit. Fikzio film bikaina izan zitekeen, esaterako, “Egunkaria”-ren itxiera (adibide bakar bat jartzearren), egunotan gertaera latz horretatik hamabost urte betetzen diren honetan. Denbora marjina egokia da, zuzendaritzako kideak torturatu egin zituzten guardia zibilek (bai, torturatu) eta epaileek ez zuten ezertxo ere egin; osagai guztiak gertatutakoa eraso zuzen bezala ulertzeko. Urtemugak, gainera, eskandalu kate batekin kointziditu du: hainbat kantari kondenatu dituzte euren letretan esaten dutenagatik, Arco ferian arte-erakusketa bat zentsuratua dute, liburu bat bahitu dute… Gertaeron larritasunari fitsik kendu barik, askok errepresio molde berriak bailiran aurkezteak harritu egiten nau.

“Egunkaria”-ri buruzko pelikulari bukaera ezin hobea ere emango nioke: Fermin Muguruzak botatako salaketa bere “In-komunikazioa” abestiak kanta onenaren saria jaso zuenean Madrilen. Fermin Muguruzak esker onak banatzeko unea “Egunkaria”-ren itxiera salatzeko erabili zuenean, publikoan zeuden gehienek txistuka eta oihuka erantzun zioten (ez gara urrutiegi joango publiko hartako aurpegiak enfokatuz, izan ere, seguruenik egunotan euren profil sozialetan “adierazpen askatasunaren aurkako eraso izugarriak” salatzen ibiliko dira-eta): Espainiako kultura eta artisten munduko aldarrikatzaile eta progresistak denak ala denak. •