Xabier Izaga Gonzalez
LANDA MERKATARITZA

«Atzo eta gaur», Arabako herri txikietako denden istorioak, mendebeteko historia

Arabako landa eremuko herri txikietan izan diren eta diren hainbat dendaren istorioak bildu ditu Karmentxu Intxaurragak AKE Arabako Kontzejuen Elkarteak argitaratutako «Atzo eta Gaur» liburuxkan. Atzera begirako lana ez ezik, aurrera begirakoa ere bada, denda horiek herri txikien elkargune eta bizitza direla uste baitute.

Orain oso aspaldi ez dela, Arabako herri askotan janari-denda txikiak zeuden. Denda horiek eskuarki taberna ere baziren, baina, oroz gain, herri horietan bizi ziren gizon-emakumeen elkargune. Ohiko tabernak ez bezala, edariak ez ezik, askoz gauza gehiago ere eskaintzen zituzten saltokiak ziren. Janariak, arropak, lanabesak, tabakoa... eta gaur egun horrelako lekuetan pentsaezinak diren zerbitzuak eskaintzen zituzten, hala nola posta, telefonoa eta are, zenbait kasutan, mediku kontsulta ere.

XX. mendearen erdialdetik aurrera, industrializazioarekin, garraio pribatuarekin eta telebistako iragarkiekin batera, herri txikietako jende askok hirira jo zuen eta herriko bizitzan hain garrantzitsuak ziren denda haiek desagertzen hasi ziren.

Arabako 300 biztanletik beherako zenbait herritako denden historiaren bidez, herri horien historiaren parte garrantzitsua kontatu du Karmentxu Izagirre soziologoak “Atzo eta gaur” liburuxkan, azken urteotan AKE Arabako Kontzejuen Elkartea herri merkataritza zerbitzua sustatzeko egiten ari den lanaren erakusgarri. XIX. mendearen erdialdetik gaur arte izan diren eta oraindik badiren denden istorioak dira. Argitalpenaren xedea, batetik, landa eremuan desagertu diren edota iraun duten saltoki txikien istorioak berreskuratu, prestigiatu eta oroimenean atxikitzea da, eta, bestetik, landa merkataritzaren balioa nabarmentzea, herri txikiek bizirik iraun dezaten, hurbiltasun, zerbitzu, produktu eta elkargune gisa erreferentzia izanda.

Karmentxu Izagirrerengana jo dugu lanaren nondik norako nagusien bila. Berehala hasi da denetariko azalpenak ematen. Landa lana gustukoa izan duela eta zoragarri pasatu duela dio hainbeste gauza kontatu dizkioten lagunekin. Nabari zaio. «Saiatu gara istorio horietako bakoitzak arima propioa izan dezan», nabarmendu du. Lan hori osatzen lagundu dioten guztiei bere esker ona agertzea ere ez ahazteko eskatu dio GAUR8ri: istorio horien eta beste hainbaten berri eman dioten herrietako bizilagunei, Iñaki Jauregialtzo Jaltzo eta Haizea Etxeberria Zelaiari beren lankidetzagatik, eta Andere Arriolabengoa eta Manex Agirre bertsolariei.

Atzo

XIX. mendearen amaieran komunikazioak nabarmen hobetu ziren. Ordurako abian ziren Madril-Hendaia trenbidea eta Bergaratik Lizarrarainoko bidea egiten zuen Vasco-Navarro izenekoa. Herri txikietan hainbat familia-negozio zabaldu zituzten. «Herri horietako dendak saltoki hutsa baino askoz gehiago dira, elkargunea dira, harreman lekua eta zerbitzu gunea», dio Intxaurragak. Zerbitzu horiek hamarretik gora kilometroko erradioko inguruan zeuden bakarrak ziren; horrenbestez, inguruko herrixketako lagunentzat ere elkargune eta zerbitzu gune ziren. Zenbait lekutan dendaren inguruan festak antolatzen zituzten, bola-jokoan jarduten zuten… Beraz, giro ona sortzen zen lekua ere baziren.

“Atzo eta gaur” liburuaren lehenengo atalean, “Zenbat aldiz… zenbat istorio” izenburupean, garaiaren testuingurua deskribatu eta XIX. mendearen amaieran zabaltzen hasi ziren saltoki horien istorioak agertzen dira, eta, horien bidez, mende batetik gorako historia eta kultura. Andere Arriolabengoaren bertsoak ondo laburbiltzen du zer ziren denda haiek: «Gure ortutako baba/ ta etxeko mermelada/ ezin daitezke konpara/ Eskuz egindako eskubara/ ta berbenazko pomada/ Herriko dendak ziren bertako/ bizimoduen islada».

Andresa Martinez de Ordoñana, bi urterekin Zegamatik Araiara joana, Zalduondora ezkondu zen XX. mendearen hasieran. Berak zabaldu zuen herriko denda bakarra, 1979an hil zen arte iraun zuena. Zaharragoa zen, Asparrenean, Albeizko denda-taberna edo «Geltokiko Kantina», XIX. mendean tren geltokiarekin bateratsu zabaldu zutena. Barrundia udalerriko Ozeta herrian, XX. mendearen hasieran denetarik saltzen zuten hiru denda zeuden, eta XIX.enaren amaieran Gervasia Eginoak zabaldu zuena hurrengo mendearen hasieran Isasmendi janari-denda eta taberna izatera pasatu zen. Garai bertsukoa zen herri horretako Aureliaren denda.

Lopez de Munain anaiak, Arabako Mendialdean, aitak erositako asto batekin herriz herri ibili ziren beren merkantzia saltzen, eta XX. mendearen erdialdean janari-denda bana zabaldu zuten Dulantzi udalerriko Egiletan eta Gasteizko ekialdeko landa eremuko Billafrankan. Luis Ozaetak eta Espe Sagastuik 50eko hamarkadan Bernedon zabaldu zuten Romero janari-denda. 2008an itxi zuten. Erriberabeitiko Manzanosen, 80 urte iraun zuen Luisen tabernak, 2001. urtera arte, hain zuzen, eta ia mendebete Mujikatarren tabernak Ilarratzan. Santikurutze Kanpezun hogeitik gora saltoki zahar desagertu dira azkenengo hamarkadotan, eta askoz gehiago Langarikan, Menagarain, Urrunagan, Aramaion, Bilarren... Hamaika herri dendaren historia, ehunka eta ehunka pasadizo, mende bateko bizitzaren isla.

Egun, egoera zaila

Ehunetik gora denda izan ziren Arabako herri txikietan; gaur egun haietatik dozena bat baino ez dago. Batzuk eraldatu egin ziren, gehienak ostalaritzako negozio bihurtuta, baina dendarik gabe. Karmentxu Intxaurragak dioenez, iraganeko jardun hori orainera itzul liteke, orduko bizilagunen ondorengoez gainera, 80ko hamarralditik aurrera joandako landatar berriek ere herrian elkargune haiek izan ditzaten.

Bestetik, herriko aitona-amonek igandeetan elizako atarian halako elkargunea dutela dio Intxaurragak, baina oraingo bizilagun gazteagoek ez, horrelako merkataritza gunea izan ezean. Leku horietan, garai honetara moldatuta, ohiko produktuak ez ezik, bertako produktuak ere saltzen saiatzen dira, merkataritza gune handietan aurkitzen ez direnak. Izan ere, familiako produkzio txikia ez da gune erraldoietara iristen, eta herrietako denda txikiak aproposak dira horrelako produktuak, produktu desberdin eta kalitatekoak, aurkitzeko, eta hori, Intxauragaren ustez, merkataritza gune handiek ez duten indarra da. Azkenaldion bertako produktuen aldeko kanpainak, elikadura burujabetzaren beharra, norabide horretako bultzada izan litekeela dio.

Gelditzen diren eta sortu berri diren bakanak bezalako denda gehiago lortzen badira, posible ikusten du herri txikien bizitza suspertzea. Ozetako denda dakar gogora, eta gero Done Bikendi Haranako Vito Etxea, «litxarreria atal ikaragarria duena eta bertara inguruko haur guztiak biltzen dituena». Liburuan Vito Etxearen istorioa jasotzen da, nola bertan ohikoa zen jakiak fidantzan eman eta gero interesik gabe kobratzea. Zerbitzua zen, «zerbitzu solidarioa», dio Intxaurragak.

Ruiz Taberna Espejoko janari-dendak, betiko produktuez gainera, beste inon topatuko ez direnak ere baditu. Mendebete ondo pasea du eta Jose Manuel Orruño da haren jabea, hirugarren belaunaldikoa. Berarekin hitz egin dugu, joan den mendearen parte handi baten lekuko izan baitzen. Lanik eza eta merkataritza gune handiak aipatu ostean, «ez da batere erraza», dio, eta bat dator Karmentxu Intxaurragarekin: «Instituzioen lankidetza ezinbestekoa da landa merkataritza suspertuko bada».

Herriarentzat funtsezko

XXI. mendearen hasieratik dozena bat saltoki gehiago zabaldu dituzte zenbait herri txikitan. Esan bezala, merkataritza, are gehiago herrixka horietan, jardun ekonomikoa baino gehiago da. «Herriari bizitza ematen dion tresna da, hurbiltasuneko zerbitzua, bilgunea», Izagirreren hitzetan. AKEk lankidetza publiko eta pribatua ezinbestekoa dela dio. «500 biztanletik beherako gizarte txikietan aztertu egin behar duzu zein diren beharrak eta hutsuneak, eta errealitate horien araberako konponbideak bilatu». Izan ere, leku batean bideragarria dena, beharbada, beste batean, ez.

Manzanosen argi ikusi dute dute, gizarte etxeko tabernarekin batera, denda bat landa merkataritza bultzatzeko pauso txiki bat izan litekeela. Aurten zabaltzea aurreikusi dute, kontzejuko Administrazio Batzarraren eta Foru Aldundiaren laguntzaz.

Zenbait kanpaina egin ditu AKEk landa merkataritza «birsortze» aldera. Lehenengoa, duela lau urte hasita, bideragarritasun azterketa. Bizilagunen iritzia jaso zuten; ondoren, lokal publiko erabilgarriak dauden ikusi; zer salgai mota izango diren, bertako produktuak, edo, haurrak badaude, haientzako produktuak… Bestetik, arau subsidiarioak ere aztertu zituzten, kasu askotan aldatu egin behar direlako: esate baterako, legediaren arabera gizarte etxe batean ezin da jardun ekonomikorik egin, eta errealitate horietara egokitu behar dira arauak. Hornikuntza aukerak ere aztertu zituzten.

2015ean landa merkataritza agerian jartzeko kanpaina egin zuten eta hartarako logotipo bat sortu zuten, honako eslogan honekin: “Zaindu zeurea. Con sumo cuidado”. Landa merkataritza txikia sustatzeko katalogo bat eta bideo bat ere egin zituzten.

Izagirrek dioenez, landa merkataritzarekin konprometituen dagoen jendea gaztea da, eta Pobesko Goxo-goxo dendatxoa aipatu du. Alazne haren jabeak Gasteizen lan egiten zuen, eta, langabezian geratu zenean, kalte-ordainak baliatuta, denda zabaldu zuen. Lezan, berriz, bertako Udalak denda baten falta sumatuta, proiektu publiko-pribatu baterako proposamen bat luzatu zuen eta bizilagun batek Udalak eskainitako lokal bat hartu zuen errentan. Denda bat egokitu eta aldameneko tabernarekin akordio bat egin zuen ogitartekoak saltzeko.

Horiek eta atzo eta gaurko beste istorio asko hurrengo liburu batean argitaratu nahiko lituzke AKEk bildutako materialarekin, beti lanerako prest, eta, Manex Agirre bezala, baikortasunez: «Begiratuta aurrera/ biziberritze-aukera/ goazen aprobetxatzera./ Sartzen bazara landaguneko/ betiko denda batera/ gerriak bere altzoan hartu/ bazintu bezalaxe da».