Nerea Ibarzabal Salegi

«Dana guzurre»

Asko txundituta geratzen dira telebistako platoetan sartzean. Ez da gutxiagorako. Nori ez diote tripetan halako “ai” bat eragiten paradisu desmuntagarriek? Idoloak korridoreetan, aspaldiko istorioen harri-kartoizko hondarrak, neska-mutilak panpina polit bilakatzen dituzten gela misteriotsuak, arropategi amaiezinak, ON AIR.

Egia da bere magia baduela. Arraldeko kale hutsa ikusten dudanean beti oroitzen naiz nire aitonaren anaia Joxez; sekulako iskanbila sortu zuen etxean “Goenkale”-ko Maria Luisaren seme Xabier “hil” eta gutxira, aktore hura (Paul Zubillaga) “Sorginen laratza”-n edo agertu zelako gonbidatu bezala. «Ha ezta hil benetan! Dana da guzurre!».

Etxekook barre egin genuen. Joxe hil egin zen gerora, mundua azkarregi biratzen hasi zen momentuan gutxi gorabehera. Bere patxadaren eta erretxinduraren erdia eraman zuen berarekin, eta beste erdia utzi zidan niri. Telebistan lan egitea suertatu zaidan honetan ez datozkit ondo ez bata ez bestea.

Ez dakit dena ote den gezurra Joxek zioen bezala, baina badakit programa bakar batek ere ez lukeela inoiz bere modukorik elkarrizketatuko; ez zen bereziki umoretsua, mantso hitz egiten zuen eta ez zitzaizkion arinkeriak gustatzen. Jai luke, beraz, pantailan. Aktualitatea den espektro lanbro horren atzetik, hausnarketarako tarterik uzten ez duen lurraldea da telebista. Ez da pertsona eta esateko daukana inporta zaiguna –ez baldin bada drama mediatiko bat–, baizik eta honek eskaini dezakeen jokoa eta esateko duen modua, ez baitaukagu gehiagorako astirik.

Esaguzue azaletik landuko dugun beste ikerketa potolo bat kaleratu dutela ikerlariek, erretentzioak daudela N1ean, orburu soroak urpean geratu direla uholdeen ondorioz, norbaitek zerbait esan duela beste norbaitez, arren. Ez esan ez denik ezer gertatu, bestela nolabait zuen desgraziatxoak edo gertaeratxo polemikoak deseatzera iris gaitezke eta hori ez dugu nahi, pertsona gaizto sentiarazten gaituelako.

Aurpegi berriak, haragi xamurra, freskotasuna nahi dugu platoetan, nor ekarri dezakegu minutuak betetzera? Baina egin dezala graziaz eta labur, bere aurpegia eta izen-abizenak emanez, bere ardurapean, eta ondo egiten badu, eman diezaiogun aukera bat beste reality-ren batean, eta gero beste batean, eta bera jabetu dadila –agian berandu– zenbateraino hipotekatu duen zer. Ez naiz ezer berririk esaten ari, eta pozten naiz horregatik: zenbait gauza esan beharko liratekeelako oraindik, berriak izan gabe ere.

Baina egia da telebista kritikatzea dagoen errazkeriarik handienetako bat dela eta gutxitan pizten dugula hausnarketa sakon eta pausatuak entzuteko asmoz –gehienez “Ur handitan” jasaten dugu eta astean behin–. Netflixen eta sare sozialen garaian, ez dakit ze etorkizun aurreikusi dakiokeen beti pausu bat atzetik doan gure egongelako pantailari, batez ere reality garestiak egiteko aurrekonturik ez daukaten kateei.

Nire patxada erdiak dio oraindik telebistak –publikoak behintzat– baduela funtzio bat, bere burua birpentsatu beharko lukeela eta arriskatu; nire erretxintasun erdiak, berriz, denborarekin nolabaiteko xarma duen zirku dekadente baten antza hartuko duela. •