Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Egia hor kanpoan dago

Egia hor kanpoan dago» zen 1990eko hamarkadako «The X-files» telesail ezagunaren lema. Alienak gorabehera, Mulder eta Scully X fitxategien artean zebiltzan egiaren xerka, konspirazio giro ilunean. Giro hartan, konspirazio teoria askotarikoek egingo zuten bere lema itxaropentsu hura. “Egia hor kanpoan dago, eta ezagutzen denean dena irauliko da!”, hala pentsatzen nuen nik, artean, gurean bertan ere X letraren atzean ezkutatzen zirenean erradikal gutxi batzuen konspirazio teoriak. 78ko iruzurra salatzea konspirazio teoria handi bat bezala irudikatzen baitzen, giro ilun betean, estoldetan bezala. Eta hein handi batean, horrexek eramaten gintuen borrokara, egiak. Egia iraultzaileak. Arrazoia genuelako merezi izan zuten, besteak beste, esfortzuak eta apustuak, ezta?

Egia hor kanpoan dago, eta gaur a bombo y platillo gabiltza alienen bila. Konspirazio giro ilunik gabe, harro dabiltza zientzialariak bilaketa serio horretan. Pasa den astean bertan NASAk TESS satelitea jaurti berri du, azkenaldiko misio handienean, 20.000 exoplaneta aztertzeko asmoz. Bizi estralurtarra topatzeko balioko duela diote, nahiz eta momentuz bizigarriak izan daitezkeen planetak identifikatzera soilik heltzen garen. Urrunegi gaude, baina, guzti horietatik, eta horregatik zioen Hawkinek une arriskutsua bizi dugula, Lurra suntsitzeko gai baikara baina ez bertatik alde egiteko.

Egia hor kanpoan dago, Lurrean bertan, a bomba y pardillo. Sirian, nabarmen. Urruneko leku askotan. Eta baita gertuago ere, Madrilen, eta, Cifuentesen baino gehiago, epaitegian, baita Kongresuan ere. Egun berean heldu zaizkigu egia zati handiak zituzten bideoak, denen begietara, ilunik barik. “Borboiak tiburoietara” esatea inor atxilotzeko nahikoa izaten jarraitzen duen arren, Suitzan ere badago egia puska handi bat. Gertuago ere, “Guernica”-rik gabeko Gernikan, bonba beste egia trumoitsu jausi arren; Euskaditik at den Kanbon ere izango da egiarik zutik.

Egia hor kanpoan dago, gure esku, hamaika informazio jaberen eskuetatik ihesi. Edo hobe esanda, hamaika pirata informazio horiek zabaltzen. Zientzian, nola ez, ehunka artikulu argitaratzen da egunero, erdiak pribatiboak, diru publikoz sustatutakoak izan arren. Eta, gainera, Sci-Hub bezalako atariek horiek zabaltzean, berriz ere botere publikoak izango dira atariok itxiko dituztenak, komunikabide piratei mozala jartzen ari diren modu berean, guztion diruarekin.

Egia hor kanpoan dago, baina antza ez da nahikoa gauzak iraultzeko. Egia ez da nahikoa PPNVk hauteskundeak galtzeko, edota erregimena tombara erortzeko, edota sistemak miseriak zabaltzeari uzteko. Egia hor kanpoan dago, bai, baina non jartzen gaitu gu? Zenbat langile ari gara Maiatzaren Leheneko zubi honetaz gozatzen? Alienen bila, alienatuen bila, badugu nondik hasi Lurrean bertan, etxean bertan, gure baitan.

Egia hor kanpoan dago, eta barrura sartzea falta zaigu. •