Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Historian iltzatuta geldituko den egun hutsala

Dagoeneko jaio da. Mutil bat da. Gaur egun osoan zehar inposatu didaten presio mediatikoak nire burmuina alienatu du eta Londrestik begirada ematea helburu dudan zutabe honetan “Royal Baby”-aren albistea ez aipatzea ez litzatekeela egokia izango iruditu zait. Londreseko egunerokoan gailendu den berria izan da, inongo zalantzarik gabe.

Zein friboloa, ezta? Bai, badakit.

Bulegoan telebista bat daukat aurrean. 24 orduz albistegiak ematen dituen katea dago pantailan. Ezohikoa da, baina gaurkoan lauzpabost ordu bilerarik gabe ordenagailuaren aurrean eman ditut, biharko prestatu behar dudan proposamen bat idazteko saiakeran. Azpitituluekin eta bolumenik gabeko imajinak nire aurrean. Denbora guztian jaio berri den haurraren albisteak ari dira erakusten. Etenik gabe. Mundua gelditu izan balitz bezala. Beste albiste guztiak bigarren plano batera pasatuz. Ezin dut telebista itzali. Okurritu zait behin baino gehiagotan altxatu eta hori egitea, baina nire inguruan gogo biziz tindatutako aipu batzuk entzun ostean, ekintza berekoia litzateke.

Ospitalearen aurrean ehunka pertsona bildu dira, goizean goizetik, haurra noiz jaioko zain. Ez dut ulertzen monarkismoa hezurretaraino nola sartu dakioken bati. Eta, alde praktikoagoetara joaz, jende horrek ez al du lanik? Edo, aspektu filosofikoagoetan pentsatuz, benetan hori al da haien bizitzetako pizgarria?

Zein izen jarriko ote dioten galdera diru asko hasi da mugitzen dagoeneko apustu etxeetan. Arthur da faboritoa. Erresuma Batuko bandera bizkarrean duela, mikrofonoa hartzeko borrokan dabilen emakume bat erabat grinatsu dago, bere semeak ere izen hori duelako; telebista ikusten ari garen milioika pertsonoi datu hori axolako zaigula pentsatu du, noski.

Juzgatzen hasi naiz. Eta, ez du merezi fribolitateak juzgatzerik. Noan lanarekin jarraitzera.

Telebistakoa imajinak sortzen didan distrakzioa ekidin nahian, irratia piztu dut eta aurikularrak belarrian, proposamena idazten jarraitu dut. Beti entzuten dudan katean ere albiste berdina dute kontagai. Kazetari bat elkarrizketatu dute. Ahotsarengatik eta bere ibilbide profesionalari egindako erreferentzia bat edo beste kontuan hartuz, berrogeita hamar urte inguru izango dituela ondorioztatu dut. Ingalaterrako familia errealaren haur baten jaiotzaren erreportajea egiten zuen lehenengo aldia zen. Ilusionatuta zegoen, poztasuna nabari zitzaion.

Ondorengo bi urteetako estrategia ari naiz definitzen. Nola sortuko dugu esperientzia aberatsagoa bezeroen eta gure eskaintzaren artean. Nola aurreratu gaitezkeen bezeroen erabakietan eragina izatera. Edo nola erabili ditzakegun datuak erabaki horiek oraindik ere arrasto handiagoa utzi dezaten. Horrek guztiak milioika libera aurrezteko aukera emango dit. Horiek dira nire proposameneko gai nagusiak

Hori guztia ere friboloa dela pentsatu dut. “Benetan” garrantzitsuak diren arazo guztien artean, ez du inongo desberdintasunik markatzen. Ingalaterrako eta Londresko historiara pasako den egun honetan, zein ekarpen eskasa egin dudan pentsatuz banoa etxera. Biharko eguna normalagoa izango den itxaropenez, telebistan eta irratian albisteak inposatuko ez dizkidaten egun bat. Eguzkia dago zeruan, udaberria iritsi da Londresera. Udaberriak Londres berpizten du. Horretaz hurrengoan gehiago. •