Isidro Esnaola

Marxek baztertutako ideiak gauzagarri bihurtu dira

Pasa den larunbatean Karl Marxen jaiotzaren 200. urteurrena ospatu zen. Efemeride horren inguruan, ehunka izan dira idatzi diren artikuluak. Ohi den moduan, batzuk bere obra goraipatzeko, asko bere akatsak azpimarratzeko. Ezkerrekoentzat, Marxen lanak eredu dira; eskuindarrek, berriz, gaitz guztien sorburu bilakatu nahi dituzte. Hala ere, ez dut ulertzen ezkerreko idazle askok zergatik erabiltzen dituzten oraindik Marxen obrak beren ideia propioak justifikatzeko, edota arerioenak ukatzeko. Hor dabiltza Marxen lan batzuk goratzen eta beste batzuk gutxiesten edo alboratzen, bere liburuetan erantzun guztiak egongo balira bezala. Hausnarketa horietan, gainera, askotan ez dute kontuan hartzen Marx berak lan bakoitzari ezarri zion erronka. Edozein kasutan, Marxen ideia asko onartuak izan dira eta egun bai jendartean bai gizarte zientzietan erabat barneratuta daude. Beste ideia batzuek, aldiz, ez dute denboraren galbahea pasa. Teoria guztiekin gertatzen den moduan. Beti mugatuak eta osatugabeak dira. Dena den, Marx zientzialari handia izan bazen ere, politikaria ere bazen. Eta horrek aztarnak utzi zituen bere lanetan. Zenbait kasutan, Marxek kontuan izaten zuen aurreikusitako konklusio zientifikoek zer motako ondorio politikoak izan zitzaketen. Eta, horren arabera, bide ematen zien edota landu gabe uzten zituen.

Esate baterako, oso argia da jabetza pribatuarekin gertatutakoa. 1844ko eskuizkribuetan Marxek jabetzaren oinarriak aztertu zituen, bi kontzeptu landuz: lan besterendua eta horren oinarrian dagoen lanaren zatiketa. Lanaren zatiketa da, hain zuzen ere, kapitalismoaren gorakadaren oinarrian dagoena. Adam Smithek bere obra ezaguna puntu horretatik hasi zuen. Lanaren zatiketak produktibitatean aurrerapen oso handiak ekarri zituen eta horren aurka jartzea zaila zen, bai behintzat oparotasunaren erreinua eraiki nahi izanez gero. Baina, era berean, lanaren zatiketaren ondorioz, langileek beren lanaren gaineko kontrola galdu zuten. Marxen eskuizkribuen ondorioa argia zen: lanaren zatiketarekin amaitu behar da lanak bere giza izaera berreskuratzeko, eta, azken finean, jabetza pribatuarekin amaitzeko.

Alta, horrek ondorio politiko oso potoloak zituen. Marx konturatu zen bide horretatik jarraituz gero, beste sistema sozial bat lortzeko aukera mugarik gabe atzeratuko zela. Izan ere, kapitalismoaren hazkundearen funtsean lanaren zatiketan oinarritutako antolakuntza berria zegoen. Horren kontra jartzea aurrerapenaren kontra egitea litzateke. Testuinguru horretan, Marxek bere gogoeta alboratzea erabaki zuen. Are gehiago, lan besterenduaren kontzeptua ez zuen gehiago erabili ondorengo ikerketetan. “Besterendu” hitza beste behin soilik erabili zuen, zuzenbidearekin lotuta. Leninek eta beste marxista askok ez zuten kontzeptu hori ezagutu.

Marxek beste bide batetik jo zuen: jabetza pribatuarekin amaitzeko desjabetzaileak desjabetu behar dira. Horrek helburu politiko argi eta nolabait lorgarri bat ematen zion langileriari. Eta hortik eratorri zen gainerako garapena: estatuaren jabetza kolektiboa eta abar.

XIX. mendean lorgarri ikusten ez zena, baina, orain hurbilago ikusten da. Izan ere, lanaren zatiketak sortzen dituen mendekotasunezko botere harremanak gainditzeko urrats batzuk ematen ari gara, esate baterako, zaintza lanak partekatzen. Robotak ere beste aukera batzuk ireki dituzte. Oraindik bidea luzea da, baina bada, behinik behin, bidea egitea. •