Pello Otxandiano

Baietza sortu, ekinaren ekinez

ETAren desegiteak eragindako zurrunbiloa baretzen hasia da egunotan. Gutxi-asko prebisibleak izan dira elkarren segidan etorri diren azken asteotako gertakariak. Denok genekien gutxi gorabehera zer gertatuko zen, edo zer gertatu asmo zuen, eta gutxi harritu gaituzte eragile politikoen erreakzioek. Halere, EAJko ordezkari batzuen partetik entzundakoek harridura ez baina ezinegona sortu didatela aitortu behar dut, errelatoaren lehian ezker abertzalea menderatu asmoz herri ikuspegi oinarrizkoenari ere uko egin baitiote.

Aurreikustekoa zen EAJk ezker abertzalearen ibilbidea deitoratzeko baliatuko zuela ETAren desegitearen momentua. Ikuspegi etikotik zein politikotik ezker abertzalea oker ibili dela azpimarratzeko momentua zela hau beretzat, eta, horrekin batera, Xibertako elkarrizketen porrotaz geroztik berak hartutako bidearen egokitasuna goraipatuko zuela. Hori normala zatekeen. Baina hori baino askoz gehiago egin du: ETA bere sorreratik bertatik akats eta porrot izugarri bat izan dela adieraziz Espainiaren demokraziaren errelatoa irentsi du bete-betean. Zer da horrekin esaten dena? Euskal Herriak, Francoren diktadura faxistak zapaldua zelarik, ez zuela izan askatasuna borrokatzeko eskubiderik? Bada bai, horixe bera. Arduragabekeria izugarria iruditzen zait horretaraino iristea, 1936ko altxamendu faxistarekin hasten den gatazkaren ziklo historikoaren herri-errelato oinarrizko bat hankaz gora jartzen baitu: euskaldunok euskal legitimitate demokratiko oro zanpatzera zetorren altxamendu faxista bati egin genion aurre gerra garaian. Gerra galdu genuen. Gerra ondoan diktadura faxista baten biktimak izan ginen. ETA horren ondorioa da, edozelakoak direlarik ere biolentziaren erabileraren inguruan bakoitzaren kontsiderazio etikoak. Hortik aurrera ez gaude ados mila kontutan, baina horraino uste nuen bat gentozela gehienok.

Bingen Zupiriak eman du abertzaleen artean oinarri-oinarrizkoa beharko lukeen errelato hau hankaz gora botatzeko argudio giltzarria. Bere hitzetan ETAren sorrera bera izan zen euskal gizarteari erakutsitako errespetu faltaren lehen adierazpena. Gauzak aldarazi nahi zituzten gazte haiek bizkarra eman zioten gerra aurreko legitimitate demokratikoa ordezkatzen zuen erakunde bakarrari, atzerrian nekez bizirauten zuen Agirre, Leizaola, Landaburu, Iglesias eta abarren Eusko Jaurlaritzari, haren legitimotasuna ukatuta. Horixe ETAren bekatu originala. Ziplo gelditu nintzen hori irakurrita. Euskal legitimitate demokratikoa ukatu zutenak frankismo betean gauzak aldarazi nahi izan zituzten gazte haiek izan omen ziren beraz, ez antza 36ko altxamendu faxista eta Francoren diktadura militarra.

Demokraziari buruzko errelato propiorik gabe, Espainiak ezarritako errelatoa irentsiz gero, gureak egin du. Eta horixe da EAJk egin duen jauzia asteotan: Espainia ustel honen demokraziaren errelatoa irentsi du hasieratik bukaeraraino, noiz eta Europaren begietara Espainia estatu demofobikoa dela ageri-agerian gelditzen ari den garaiotan, noiz eta demokratikoki hautatutako agintari katalanak kartzelan eta erbestean daudenean, noiz eta frankismo soziologikoa bizi-bizi dabilenean. Arduragabekeria historikoa.

EAJren gainbehera moral eta politiko hau ezker independentismoak konpentsatu beharko du, halabeharrez. Ziklo berri baten irekiera sustatzea dagokio, Euskal Herriari aurrerabideak eskaintzea, etorkizunari ateak zabaltzea, soseguz, pazientziaz. Baietza sortzea, ekinaren ekinez. •