Antton Izagirre

Bisaiak

Maiatzeko lehen astea betea izan dugu telebista, irrati, zein egunkarietako berri eta iritzi emariei dagokionez. Orduak eman ditugu haiei eta hangoei so, handik igaro diren politikari, tertuliakide eta herritar arruntei adi.

Genevakoa eta Kanbokoa guztiek izan dute ahotan. Hitzordu horiez esan edota idatzi dutenaz beste, haien gorputz-espresioari eta aldarteari eskaini diegu arreta. Esan dutena baino, komunikatu digutena jaso dugu oroimenean; ez baita gauza bera esaten dena eta komunikatzen zaiguna. Bisaia, aurpegia, arimaren isla dela aitortu ohi dugu.

Jo dezagun, telebistan aurrez aurre, begiz begi dugunari, ahotsa kendu eta haren bisaiari, gihar eta keinuen adierari, eskuen dantzari, gorputzaren arintasunari/nagitasunari erreparatzen diogula, edota, entzun eta idatzitakoaren tonuaren arabera, autorearen bisaia geure baitan irudikatzen dugula. Bitan banatu ditugu, irribarreak ala malkoak, bisaia ilunak ala distiratsuak erakutsi dituztenak.

Paradoxa adierazgarria: urteetan ETA desagertzea eskatzen jardun izan direnen bisaiak, goibel, tenkatuak eta tematuak sumatu ditugu. Aldiz, ETA babesteaz akusatuak izan direnen bisaiak, apal, irribarretsu eta akordioetara irekiak igarri ditugu.

Hitzetatik harago doan komunikazio moldea dugu bisaia edo bisajea; gure kasurako, hitza bera baino esanguratsuagoa.

Ez dugu inoren izenik emango, baina edonork asmatu baietz nor jarri alde batean ala bestean! •