Juantxo Egaña

Bilbo, armada frankistaren eskuetan erori berriTAN

Bilbo Armada frankistaren eskuetan erortzear zegoela, Eusko Jaurlaritzaren Defentsa Batzordearen izenean, Jesus Maria Leizaolak Bilboko zubiak leherrarazteko agindua eman zuen 1937ko ekainaren 18ko gauean. Goizeko ordu bat eta erdietatik aurrera, Bilboko argiak itzali eta leherketak hasi ziren. Irudian, Itxarkundia batailoiko laugarren konpainiak Eusebio Zubillagaren agindupean leherrarazi zuen Isabel II.aren zubia ageri da. Konpainia hartako kideak erretiratu zirenean, frankistek atxilotu eta Larrinagako kartzelan sartu zituzten. Argazkia German Elorzak egin zuen, erorita ageri den zubia lehertu eta hurrengo egunetan. Eskuinean, lur-zakuz babestuta, Nervion kafea dago ikusgai, Bilbon ohiko elkarretaratze eta tertulia gune zena, eta ezkerrean, Bilbotik Portugaleterako geltokia, La Capilla izenez ezaguna eta frankistek zubi berri bat egiteko erauzi zutena. Zubi hari Garaipenaren Zubia izena eman zioten. Gaur egun Areatzako zubia izena du.