Mikel Zubimendi

«Putoamoak» direla uste duten miserableak dira

Bere burua putoamotzat dauka EAJk. Munduan diren negozio-gizon onenak omen dira, trebeenak. Paparra puztuta diote: gure talentuagatik Kataluniakoa azkar konponduko da, laster izango dute orbangabeko gobernu bat, alegia, «un gobierno sin tachas». Preso politikoak eta erbesteratuak “orbanak” direlako. Europan alemanak bezala, hala ikusten du alderdiak bere burua: lokomotorra dira. Haiekin datoz aurrerabidea, asfaltoa eta adreiluak, milioiak poltsikora, hori da egiazko nazio eraikuntza, hori ardura politikoa; besteena, amateur batzuen erretolika, arduragabekeria. Oraingoan, baina, urrutiegi joan dira eta larrutik ordainduko dugu herri bezala. Rajoy salbatzearen jokaldia ezin hobeki, biribil-biribil aterako zitzaiela uste zuten, beste behin argi geratuko zela jelkideen jeinua, negoziatzeko artea. Txoko guztietan pilota gozo-gozo utzita, kantxaren erdi-erdian mantentzen direlako beti, pilotari txapeldun handiek egiten duten lez.

Ez omen dugu Espainian horrenbesteko eragin politikoa sekula izan. Orain bai, euskal hitzak orain badu errespetua Pancorbotik behera. Orain badu benetako pisua, arrazoizko prezioa. Milioi batzuen truke erosi daiteke, merke, oso merke. Doktrina egin nahi du EAJk, gainera: hitza eman baina hura jaten ez dakienak, azkenean, ekintza politikoa dilapidatzen omen du.

155. artikulua bertan behera geratuko omen da une batetik bestera. Bitartean, dena normal-normal: letrok idazterakoan makrooperazioa Katalunian, 29 atxilotu. Rajoy salbatu baina Jean Rene Etxegarai lehendakaria iraintzen dute. Bertizen Rajoyri negozio berri bat proposatu zioten: ETA osteko aroa elkarrekin kudeatzea. Eta PPren erantzuna? UPNrekin hitzartu berri duena: espetxe politika Madrilen erabakiko da beti, eta beti Itun Antiterroristaren baitan. Baina zer axola du horrek? Zer presoen eskubideak baldintza ilegalekin inposible egiteak? Edo kaleratzean beren soldatak eta ondarea lapurtzen hasteak? Egonkortasun politikoa da.

155. artikulua ez da forma kontu bat, ez da sukar iragankorra. Inboluzio eta kontrarreforma neofalangista aspaldikoa da, geratzeko etorria. Hemen badugu salbuespenezko eta mutur-muturreko 155 eiteko bilduma ederra, 155 deitu gabe baina mingarri eta odoltsuago.

Flotagailu batean dabilen naufragoa da autogobernua. Eskumen zaharrak ez dira mapetan ageri eta daudenak lege estatalek laminatzen dituzte. Auzitegi Konstituzionalak beti du sega, zorrotz eta prest. Orain mamu beldurgarriena Ciudadanos omen da, IBEX indizeko sektore faktikoen apustua. Hauteskundeak irabazteke bere politika laranja, falangisten politika eguneratua, martxan da. Kontzertu ekonomikoa kenduko duela hitzeman du, eta hura geratzeko eman diote botoa PPri. Eskerrak eman behar dizkiogu EAJri, gainera, mehatxu existentziala bi urtez atzeratu digutelako.

Lotsagabe dihardu EAJk, euskal jende asko suminduz. Eta larrutik ordainduko dugu, horixe baietz! Kolpistak ohartu direlako EAJrekin milioi batzuen truke eros daitekeela euskaldunen hitza eta borondatea. Ikusi dutelako inboluzio agendaren aurrean EAJ baldin bada mehatxuaren aurkako harresia, defentsa horrek ez duela oinarri sendorik, erraz pitzatzen dela, merke, oso merke. Inboluzioaren erasoaldiri atea parez pare ireki dio EAJk. Asko galdu dugu, bai. Eta dena galduko dugu hitza ematea ez badugu behar eta merezi dugun politikaren ardatz egiten, emandako hitzaren errespetua ez bada etorkizun sano eta libre baten oinarri. •