Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Etorkizuna

Etorkizuna ginela esaten ziguten. Ekain erdialdera oholtzara atera eta etorkizuna ginela esaten ziguten. Eta guri etorkizunak ez zigun axola. Guretzat etorkizuna hurrengo azterketa zen, hurrengo parranda, hurrengo plana, hurrengo bertsoa. Mundua arnasestu bat zen; denbora ere, gu bezala, oraindik galtza motzetan zebilen. Oraindik ere ez genituen oroitzapenak gure azala bezala zimurtzen, nahasten eta desitxuratzen sentitzen. Guretzat etorkizuna hurrengo bertsoko hurrengo hitza zen. Eta hortik aurrera, amildegia.

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zen larunbatean Saran. Eta berriz ere entzun nituen guri behinola esandako hitz haiek, beste ahots batzuk etorkizun bilakatzen. Eta, nahi gabe, bat-bateko sorkuntza sorgin honek sortzen duen enpatia kutsakorrez Sarako trinketeko oholtzan ikusi nuen nire burua; parekoen irristadetan ikusi nituen nireak, parekoen isiluneetan nireak, parekoen arrazoiak tolesten nire burua.

Orain dela hamahiru urte entzundako gurasokeriazko aholkuak berritu zitzaizkidan; “hemen hobe huen errima hau” eta “gaiari bide honetatik heldu bahio” eta belarri batetik sartu eta bestetik irteten zitzaizkigun goitik beherako hipotesi aginduzko haiek denak. Etorkizuna baikinen; sustraitu gabeko kimu berriak, egin gabeko bertsolariak. Denborarekin ikasi dugu ezetz: ez etxean eta ez bertso-eskolan, bertsolaria inoiz ez dela egiten, hizkuntza inoiz ikasten ez den bezala. Bertsoa sortzen dugun aldiro aldatzen baita; aldiro traizionatzen baikaituzte guk esan nahi duguna esaten ez duten hitzek; pentsatutako bukaera bota arren ahotsak berak esaten baitigu arrazoiak ez zuela arrazoi. Eta orduan zalantza dator, eta berriz hutsetik hastea. Behin botatakoa bota ahala desegiten baita; gero utziko du, beharbada, oihartzuntxoren bat aurrekoen begiradetan. Eta gutxien espero dugunean hasiko gara berriz, duela hamahiru urteko Altsasuko Eskolarteko hartan bezala, eta pentsatutako bukaerara iritsitakoan hutsune bat aurkituko dugu hitzen ordez. Isildu egingo gara ahaztutako silaben bila; entzuleen arnasestuak gure egingo ditugu, beren aulkietan mugituko gara gu ere. Eta alde egin digun bertso horren zauria gugan eramango dugu aurrerantzean. Hastera goazen bertso bakoitzean zabalduko da berriro.

Horregatik miresten ditut joan zen larunbateko Sarako oholtza gaineko konplizitate keinuak eta bertsokideen babesa. Bertsoa norbere buruaren lanketa adina baita talde bat, mundu bat. Doinuek, hitzek eta emozioek gure gorputz aldakor, partikular eta eraikiak zeharkatzen dituztenero eraikitzen, aldatzen eta sortzen baita, berriz, bertsoa. Eta bertsoaren barruan, mundu ikuskera bat, hautu estetiko batzuk. Baina harreman intimo horrek beharrezkoa du talde baten babesa eta zaintza.

Gazte denari, gazte izateaz gain etorkizuna ere izan beharraren zama eranstea ez da juxtua. Hasteko, etorkizuna ez delako existitzen; ez delako ezer, norberak nahi duen hori ez bada. Eta gazte izatea, ezer baino lehen, orain eta hemen izatea delako. •