Iñaki Soto

Agertokiak aurreikusteko unea, mugen barruan

Pedro Sanchezen asmoa legegintzaldia amaitzea da. Bi urtez ari gara hitz egiten, gutxi gorabehera. Hogei hilabete inguru, tartean udal eta foru hauteskundeak daudela. Denbora mugatua, edonondik begiratua ere. Zenbait gauzetarako gutxiegi eta beste zenbaitetarako luzeegi jo dezaken tarte politikoa. Aldi berean, duela hilabete bat pentsaezina zen agertokia.

Joku politikorako aukerak zabaldu egin dira eta, horrexegatik soilik bada ere, egungo egoerak interesgarriagoa dirudi. Emankorra izango ote den ezin esango dugu esan orain, baina egiten denaren araberakoa izango da. Zenbait mugen barruan, jakina.

Denbora mugak garrantzitsuak diren bezala, egoera politiko honen mugak aurreikustea ere garrantzitsua da. Bien arteko harremana ere finkatu egin behar da. Izan ere, PSOEren borondate politikoaren mugak zeintzuk diren oso argi dago. Alderdi sistemikoa da, 78ko erregimenaren ardatzetako bat, eta Sanchez ez da sistema hori iraultzera etorri. Aldi berean, botere oso mugatua du, bai aritmetika parlamentarioaren aldetik, bai baliabide ekonomikoen aldetik. Baita denboraren aldetik ere, ikusi dugun bezala.

Hori esanda, aurreikusitako profeziaren arriskua hortxe dago beti. Jende batengan tentazio hori permanentea da. Arrazoia izan nahi dute, etxekalte bada ere. Diskurtso hiperpolitizatu baten atzean politikarekiko alergia atzematen da.

Eskubide zibiletan, hainbat sektoreren bizi baldintzetan edo preso politikoen auzian lor daitezkeen aurrerapenak ezin dira gure fantasien arabera neurtu, baizik eta aukera politiko errealen arabera. Horrexegatik, lehenik eta behin tarte horretan zer lor daitekeen eta ezer ez finkatu behar da. Eta lortzeko ekin.

Ez «D egunik», ezta «A aukerarik» ere

Mobilizazio herritar itzelak, dinamika instituzional bizia –bai munizipalismotik, baita parlamentuetan ere– eta gogoeta saio estrategiko eta iraunkorra. Hiru ardatz horietan lan eskerga egiten ari da Euskal Herrian. Jarduera txalogarriak dira, guzti-guztiak.

Gure ohiko jokabide ziklotimikoari jarraituz, pultsua galduta zuen herri bat irudikatzetik herri bizi baten irudira igaro gara. Ziur asko, errealitatea konplexuagoa da. Mugez ari garela, mobilizazioek ez diete diseinutako estrategiei erantzuten, horrek dakartzan onura eta mugekin. Antolakuntzarik gabeko mobilizazioen mugak agerikoak dira, adibidez. Alor horretan, gainera, aliantza potentzialak agerikoak dira, baina aurrera eramaten zailak.

Erakundeen mugak ere agerikoak dira eta hor epeak oso garrantzitsuak dira. Nafarroan agintea bermatu behar da. Lehendabiziko legegintzaldiaren helburu zehatzena bigarren bat lortzea zen. Ondo egin da, baina ez da erraza izango. EAEn Estatusaren inguruko eztabaida aurrera doa eta Ipar Euskal Herrian kultura politiko berriaren garapen instituzionala martxan da.

Pentsamendu estrategikoaz harago, taktikoan, “D egunaren” dogma atzean utzi dugun bezala, “A aukerarena” ere leuntzen joateko garaia izan daiteke. Orain, asmatzea ez da aukera onena iradokitzea, baizik eta agertoki desberdinetarako hautu eraginkorrak aurreikustea. Alegia, mugen barruan emaitzak lortzea. •