Maddi Txintxurreta Agirregabiria
«L.S.B., ANA» LESBIKOMIKIA

Belaunaldi berrientzat erreferente izan nahi duen komiki lesbikoa

Teresa Castro Gutierrezek «L.S.B., Ana» lesbikomikia idatzi du, Ana protagonista lesbianaren bizitzari buruzko komiki-tira bilduma. Eguneroko errealitatea lesbiana izatearen baldintzapean bizi du Anak, eta horrek dakartzan zailtasun eta mugei umorez erantzuten die. Ahalduntze prozesu bat jasotzen du argitalpenak, arauz kanpoko sexualitatea, aniztasuna eta feminismoa ardatz. Asmo didaktikoa dauka liburuak, eta gazteentzat baliagarria izatea du desioa du autoreak.

Irakaslea sexuari buruzko klasea ematen ari da, eta Anaren gelakideak, gaztetxoak oraindik, barrez ari dira «gizonak emakumearengan bere hazitxoa» jartzen duela entzutean. Anarentzat antzua da, ordea, irakasleak ahoan darabilen hizketa. Berak gauza bakarra du buruan: Palomaren ondoan eserita dago eskolan.

Horrela hasten da Anaren istorioa; gustatzen zaion neskarekin idazmahaia konpartitzeak eragiten dion ezinegona, “normala” izan nahiaren borrokatik lesbianismoa zer den ezagutzera.

Ana Lopez Suarez Burgos Coma “L.S.B., Ana” lesbikomikiko protagonista da eta superbotereak ditu. Ez Marvel komikietako protagonisten superindarra, elastikotasuna edo marasmetatik zintzilikatuta hegan egiteko gaitasuna. Anaren superboterea lesbiana izatea da, horrek nahitaez ahalduntzera bultzatu baitu. Zirkuko pantera arrosa sentitzen da eskolan, bere espeziean bakarra, baina umorea du askatasun orro. Komiki-binetatan barna aritzen da saltoka, egunerokoari aurre eginez, batzuetan zabar eta inozente, baina betiere indartsu.

Ana komikira eraman duen hori Teresa Castro Gutierrez da, lesbiana donostiarra, adats motz eta betaurrekodun komikigilea. 2013an aurkeztu zion “L.S.B, Ana” Oscar Arroyuelo Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen aldizkariko arduradunari, eta ordutik “Gehitu Magazine”-n argitaratu ditu Anaren istorioak. «Aldizkariaren arduradunari erakutsi nion lehenengo tira bihotzetik atera zitzaidan istorio bat izan zen, nire istorioa: lesbiana nintzela deskubritu nuenekoa», azaldu du Castrok. Ordutik, hamahiru istorio argitaratu ditu “Gehitu Magazine”-n, eta guztien bilduma-liburua kaleratu du berriki.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta kanpainaren baitan argitaratu du Teresa Castrok liburua, eduki soziala izatea lehenesten duen kultura proiektuei zuzendutako kanpaina. Mathc funding bat antolatu zuten dirua eta itzulpenak lortzeko, eta aise lortu zuten Meta kanpainak eskatzen zuen aurrekontu optimoa: 9.500 euro. Dirua liburuaren ediziorako erabili da, gainontzeko lana boluntarioa izan baita. Euskaraz eta gazteleraz kaleratu dute bilduma, baina italierara, katalanera eta galegora itzultzeko asmoa dauka egileak. Bestalde, Mugen Gainetik gobernuz kanpoko erakundearen laguntzaz, lesbikomikia Latinoamerikako hainbat herrialdetako LGTBI erakundeetara zabaltzeko asmoa ere badute.

Komiki-liburua Gehituk antolatzen dituen aniztasun sexu-afektibo eta genero tailerretan erabiliko dute, eta belaunaldi gazteenen eskuetara irits dadin nahi du Castrok. Orobat, aleak doan banatzen ari dira, eta Gehituko bulegoetatik pasatzen den edonork har dezake. Anaren istorioak irakurtzeko adin aproposena 11-12 urte direla dio egileak, baina helduek ere gozatuko dutela ziurtatu du.

«Kaxoi batean gordeta»

Komikigintzan «amateurra» dela dio Castrok. Ez du ogibide, baina «betidanik» jardun du komikiak egiten. «Komikiarekiko dudan maitasunaren eta aktibismoaren arteko nahasketa da ‘L.S.B, Ana’», azaldu du. Hala ere, Castrok dio «zaila» dela komikiak egitea «beraiekin zer egin ez dakizunean», eta “Gehitu Magazine”-k Ana bere orrien artean agertzeko oniritzia ematea egilearentzat «aurrera egiteko» motibazioa izan zen. «2013an hasi nintzen Gehiturentzat komikiak egiten, baina Ana 2000. urtetik zegoen kaxoi batean gordeta», esan du.

“Gehitu Magazine” monografikoa izanagatik, askotariko gaiak jorratzen ditu Teresa Castroren komiki bildumak: hiesa, sexu segurua, lehenengo harreman sexu-afektiboa, transexualitatea eta bullying-a, kasurako. «Gai konkretu batzuk lantzean konplikatua izan da nire errealitateko istorioak islatzea. Nire esperientzietan oinarritutako istorioak daude, baina baita gertukoek bizitako egoerak ere», azaldu du Castrok.

Teresa Castroren esperientzien eramailea da Ana. Ezin jakin noiz bukatzen den bata eta non hasten den bestea. Biak umoretsu, betaurrekoak eta koadrodun alkandora jantzita, ile-motz eta bihotz bero. Hala ere, Castrok dio Ana «bera baino gehiago» dela: «Teresagandik gero eta urrunago dago, gero eta lotsagabeagoa bihurtzen ari da. Gauzak beti umorez hartzen dituen nire partea da Ana. Ni ez naiz pertsona serioa, baina berak dena ikusten du ironia eta umore puntu batekin».

Anak abantailarekin jokatzen du lesbianismoaren barne borrokan. Teresa Castroren esperientzietatik ikasi du, eta dena perspektiba zabalago batekin behatzeko gai da. «Ia-ia lehenengo istoriotik ahalduntzen da, bere desberdintasunaz kontzientzia hartzen du, gaizki pasatzen duen arren. Dena umorez hartzeko lesbiana ahaldundu bat izan behar du derrigor», azaldu du sortzaileak.

Ikusezintasun lesbikoa

Castrok «horrelako istorioak irakurtzeko beharra» zuelako sortu zuen Ana. Izan ere, sortzaileak dio ez dagoela komikigintza lesbikoaren gertuko erreferenterik, oraindik ere «pelikuletako gaizto gisa» agertzen direla, agertzen direnean. Egiazko lesbianak ikusezin segitzen dutela iritzi du, salbuespenak salbuespen: «Bi neska kataluniarrek saiakera egin zuten ‘Salidas de emergencia’ izeneko komiki lesbikoarekin, baina gutxi iraun zuen».

Lesbiana plastiko, idiliko eta irrealak hartu dituzte pantaila handi eta txikiak, baita komikietako binetak ere. “The L Word” telesaila aipatu du Castrok, 2004tik 2009ra eman zen, eta erreferente lesbikoak agertzen zituen telesail bakanetakoa izan zen garai hartan. Areago, protagonista guztiak lesbianak ziren. Alabaina, Castrok salatu du emakume homosexualak telebistan agertzea beharrezkoa bada ere, «gizonen gustura zizelkatutako lesbianak» izaten direla sarri: «Oso zaila da emakume maskulino bat agertzea, gizonek sentitzen dutelako lekua lapurtzen ari zaizkiela».

Lupaz bilatu behar izan ditu Castrok komiki lesbofeministen erreferenteak. “Le bleu est un coloeur chaude” komiki frantsesa aipatu du, Julie Maroh egilearena, “La Vie d’Adèle” pelikularekin zinemara eraman zena. Berebat, komiki lesbikoaren erreferente behinena Alison Bechdel estatubatuarra dela dio Castrok. “Dykes to watch out for” komikiarekin Ameriketako Estatu Batuetako 80ko hamarkadako lesbianen erreferente kulturala bilakatu zen. Hala ere, adibideok arrotzak dira euskal lesbianentzat, testuinguru historiko eta soziala ez baita bera han eta hemen. «Alison Bechdelen komikiaren kasuan, interesgarria da oso Ameriketako Estatu Batuetako tira historiko gisa, baina urrunegia da guretzat. Herrialdeko historia politikoa nahasten du, eta inbidiaz irakurtzen duzu ikustean zeinen aurreratuta dauden bertan, baina hemen ez da horrela», azaldu du. Bestalde, nabarmendu du «errazagoa» dela gizon homosexualen inguruko erreferentziak aurkitzea.

Teresa Castrok hezur-haragizko erreferente lesbiana plazaratu nahi du Euskal Herrian. “L.S.B., Ana”-k ez du bere burua ikusten “The L Word” telesailaren baitan, non okina ere lesbiana baiten. Lesbiana izaera onartzea borrokaren hasiera besterik ez da berarentzat, harreman berriak eraikitzen ikasi behar du, eta onartu ez dela existitzen telesailetako mundu idealik.

Ana emakume maskulinoa da, eta, zentzu horretan, lesbianaren estereotipoa betetzen du. «Nik ere koadrodun alkandora janzten dut – dio Castrok barrez –. Hala ere, estereotipoekin apurtzen saiatzen naiz, zeren, kontsumoaren kulturan, pelikuletan-eta, lesbiana politak eta femeninoak agertzen dira soilik. Anari bullying-a egiten diote bere itxuragatik, eta ezin dugu ahaztu bakoitzak nahi duen moduan janzteko eta jokatzeko eskubidea duela».

Castroren helburua da komikia irakurtzen dutenek jakitea «ez daudela bakarrik», eta identifikatu daitezkeen istorioak aurkitzea liburuan. Gazte lesbianak errazago identifikatuko dira Anarekin, baina komikiak genero aniztasunaren eta aniztasun sexu-afektiboaren gaineko sentsibilitatea duen edonorengan eragiteko gaitasuna izango duela uste du Castrok. «Zoriontsuak izan gaitezke, gogoak ematen digun lekuan egin dezakegu lan, ez dugu arazorik lesbiana izateagatik», azaldu du.

Lesbianaren aldarria

Zergatik zabaldu lau haizetara lesbiana zarela? Zergatik aldarrikatu homosexualitatea, izaeraren ezaugarri bat besterik ez bada? «Nik, orain urte batzuk, pentsatzen nuen: zergatik esan behar dut lesbiana naizela?», esan du komikigileak: «Baina kontzientzia hartzen duzu, emakume izaerak heteropatriarkatuaz jabetzea eragiten duen bezala. Lesbianak garela aldarrikatu behar dugu. Oso garrantzitsua deritzot belaunaldi berriek erreferente positiboak izatea; lanean, familian, zineman edo komikietan. Erreferente horiek ez lirateke existituko ikusgarri egingo ez bagina. Erakusten ez diren gauzak ez dira existitzen. Lesbianok pentsatzen badugu gure sexualitatea pertsonala dela politikoa beharrean, jai daukagu».

Gizartera lesbiana bezala aurkeztea ez da beti erraza, baina Castroren ustez, sarritan are konplikatuagoa da «gure buruari ezartzen dizkiogun mugekin apurtzea». «Guk muntatzen ditugun armairu txiki horiek dira okerrenak». Bere esanetan, «barneratutako lesbofobia» da emakume homosexualen beldurretako bat. Oraindik ere “lesbiana” hitzak konnotazio negatiboa duelakoan dago Castro, «badirudi itsusiak, lodiak eta desiraezinak garela», eta uste horiek guztiak «hezkuntza katolikoak eta heteropatriarkalak» xiringatu dizkigutela dio.

Teresa Castro ohituta dago espazio erosoetan ibiltzen, errespetatzen duten lagunekin. Baina zirkulu erosotik hanka bat ateratzean, erasoak gertatzen direla aipatu du. Gizarte «hipokrita» batean bizi garela iritzi du berak, diskurtso «politikoki zuzena» erabili arren, jendea makur eta adi egoten dela noiz saltatuko zain.

Castrok bere azalean bizi izan du lesbofobia “L.S.B, Ana” liburuaren kanpainan. Sare sozialetan iraindu zuten, hiru arrazoirengatik: «emakume izateagatik, lesbiana izateagatik eta gaizki marrazteagatik. Baina gaizki marraztearena beste bien aitzakia da».

Heriotzarekin amesten du Anak liburuko komiki-tira batean. San Pedrok atea ireki dio, eta Jainkoa agertu zaio bat-batean, zerura ongi etorria emanez. Koadrodun alkandora, betaurreko arrosak eta adats motza du Jainkoak, Anak hala berdin-berdin. «Zerk harritzen zaitu? Ez al zaitut nire irudi eta parekotasunera egin?», galdetu dio Jainkoak. Pentsakor geratu da Ana, jainkotiar ispiluari begira. Orduan… Jainkoa lesbiana da?