Miguel Fernandez Ibañez
TURKIA

Erbakanen ondarea, Erdogan bere feudoan ahultzeko oposiziokoen tresna

Turkiako eremurik kontserbadoreenetan, boto erlijiosoak beste inon baino indar gehiago dauka. Erdogan presidentea da nagusi leku horietan, orain arte behintzat. SP Zorionaren Alderdiak AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiari babesa kendu nahi dio Anatolia sakonean. Erbakan zenaren oinordekoentzat ere zaila dirudi agintean dauden islamistei indarra kentzea.

Anatolia sakonean boto erlijiosoak beste inon baino indar gehiago dauka. Erdogan da nagusi leku horietan, orain arte behintzat, eta hor duen indarrari esker herrialdeko aginteari eusten dio. SP Zorionaren Alderdiak AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiari babesa kendu nahi dio Anatolia sakonean. Erbakan zenaren oinordekoentzat ere zaila dirudi agintean dauden islamistei indarra kentzea, nahiz eta bi formazio horiek oinarri ideologiko bera eduki.

SPren indarrak oso kaskarra dirudi, ia baliogabea, inkesten arabera %0,9 eta %2ren artean kokatuko baita, baina Erbakan zenaren ondarea ordezkatzen duen alderdiak sekulako garrantzia duen eginbeharra du hemendik aurrera: Recep Tayyip Erdogan presidentearen feudoa den Anatolia sakonean AKP formazioari botoak kentzea. Zenbat eta gehiago kendu, orduan eta hobeto, oposiziokoen iritziz.

Jainkozaleen artean bigarren aukera da SP, Necmettin Erbakan zenaren alderdia, Milli Gorus edo Turkiako islam politikoaren ikur nagusiaren formazioa alegia. Turkiarrek Hoca (“irakaslea”, turkieraz) deitzen zioten gizonak miresle ugari ditu oraindik ere kemalismoak «ahaztuta» utzi zituen Anatoliako lurretan. Baina jainkozale guztiek ez diote botoa ematen, Erbakani leporatzen baitiote bere sinesmen islamiarra defenditzeagatik pragmatismo politikoa alde batera utzi izana. Eta hori ez da barkatzekoa, nonbait.

Erbakanen itzala oso luzea da eta Erdoganek bere ibilbide politiko osoan beti izan du atzean. Presidentearen diskurtsoak aldaketak izan ditu urteotan, betiere hauteskunde testuinguruaren arabera. Hala ere, azken bozketek erakusten dutenez, Erbakan ez da nahikoa izango gizarteko sektore kontserbadore eta pragmatikoaren botoak biltzeko, AKP kendu eta kemalismoa agintera iritsiz gero sektore horrek gaur egun duen boterea galduko lukeelakoan.

AKP bera Erbakanen mugimenduaren zatiketa bat izan zen hasiera batean. 2001ean sortu zuten formazioa Mendebaldeko bizimodura hurbildu nahi zuten kideek, politika neoliberalen aldekoek. Militarren mehatxuak sekulako garrantzia izan zuen momentu hartan, Erbakanen jarraitzaile askok pentsatzen baitzuten uniformedunek legez kanpo utziko zutela formazioa, 1997an islamisten Gobernuaren aurkako estatu kolpea egin eta gero gertatu zen moduan. Erbakanen Exekutiboa izan zen orduan militarren biktima. AKP alternatiba pragmatikoagoa zen eta boto islamista emateko prest zeuden herritar askok alderdi berriaren alde egin zuten.

Jainkozale horiek AKPrekin bat eginda jarraitu zuten gero, Erdoganen alderdia herrialde askotako islamistentzat eredu bihurtu zenean. Gainera, Anatolia sakoneko azpiegiturak garatu zituen eta gizartearen alde musulmanak publikoki gora egin zuen AKPkoekin.

Garai hartan Zorionaren Alderdiak betiko islam politikoa ordezkatzen jarraitu zuen, Mendebaldearen errefusa nabarmenduz. Ordainetan, bizitza politikoan zuen espazioa galdu egin zuen. Horrela izan zen bederen azken erreferenduma egin zen arte, Erdogani irabazteko Erbakanen aldeko islamistak ezinbestekoak zirela oposiziokoak konturatu ziren arte. Geroztik Temel Karamollaoglu alderdiburua eta presidentetzarako hautagaia hedabideetan gehiago agertzen hasi zen, eta, amaitu berri den udaberrian, azkenean, SP alderdia oposiziokoen koalizioan sartu zuten.

Erdoganen aurkako borrokarako oso eraginkorrak izan daitezkeen bi arma ditu SPk: Erbakanen beraren irudi ezin garbiagoa eta AKPren eta Mendebaldearen arteko harremanen porrota.

Botoen %3 lortzea, SPren xedea

Hala ere, inkestek ez diote botoen %2 baino gehiago ematen SPri. Boto horiek Anatolia sakonean bilduko lituzke. Baita orain hamarkada batzuk hiri handietara joan ziren jainkozaleen artean ere. SPrentzat sekulako poza izango litzateke botoen %3ra iristea, batez ere inkestek aurreikusten duten parekotasuna izaten bada.

Turkia Handiaren aldeko mugimendua, panturkiarra, zatituta dabil eta gero eta zailago egiten zaio AKPri aurre egitea. Meral Aksener hautagaiak bere alderdi propioa sortu du, baina berak ere arazo asko izango ditu Erdoganen alderdiaren babesa ahultzeko. SPk, aldiz, ideologia bera duenez, AKPri arazo gehiago eragiteko aukera du. Horregatik iazko erreferendumean Karamollaoglu alkate izan zen Sivas hirian Erdoganen formazioak atzera egin zuen. Baina begiraleek diote zaila izango dela emaitza bera eskualdeko beste hirietan errepikatzea. Kurdistanen, berriz, SPren eragina oso txikia da.

Zalantzarik gabe, islama kontuan hartzeko moduko faktorea da Turkiako hauteskundeetan, baina begiraleek diote beste kontu batzuek eragin handiagoa izango dutela. Batez ere azken hamasei urteotan Turkiako eremu jakin batzuetara iritsi den garapenak. Gainera, Anatolia sakonean askok uste dute balizko gobernu kemalista batek egungo oreka beraien kalterako aldatuko lukeela. Erdoganek berak oso ondo ezagutzen ditu sentimendu horiek eta bere posizioa indartzeko erabili izan ditu. Esaterako, Manisa mendebaldeko hirian antolatu zuen ekitaldi batean esan zuen oposiziokoek, «aukera izanez gero, Menderesekin egin zuten bezala, gu geu ere urkatuko gintuzkete». Politikari kontserbadorea 1960ko hamarkadan egin zen estatu kolpe baten ondoren urkatu zuten.

Garai bateko kemalismoak islamisten artean oraindik beldurra eragiten badu ere, SP alderdiak oso harreman onak josi ditu CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoarekin: sei politikari islamista sartu dituzte kemalisten zerrendan. Beraz, ezin da baztertu Zorionaren Alderdia diputaturik gabe geratzea, Parlamentutik kanpo alegia, eta hala ere Erbakanen jarraitzaileak pozik agertzea, Erdogan presidenteari boto asko kentzea lortuz gero.

Kemalisten iragana

Kemalisten eta islamisten aliantza horrek boto emaile ugari izutu egin ditzake. Anatoliako jainkotiar askok esaten du CHP balore islamiarren aurkako ezkerreko formazio bat dela. Gertuegi ditu turkiar boto emaileak ideia hori indartzen duten esperientziak: kemalistek, adibidez, indar handiz defendatu zuten ikasleek unibertsitatera zapia jantzita ezin dutela joan ezartzen zuen legea. Erdoganek trebezia handiz gogorarazten du iragan hurbileko kontu hori.

Bestalde, bi sektore horien arteko azken lankidetza kasua oso gaizki bukatu zen: 2014ko presidentetzarako hauteskundeetan, MHP panturkiarrak eta CHP kemalistak Ekmeleddin Ihsanoglu Batzar Islamikoko Erakundeko idazkari ohia izendatu zuten hautagai, baina islamistak ez zuen lortu bigarren itzulira pasatzea. Hala ere, kemalistek islamistekin batera lan egin behar dela defendatzen dute. Uste dute Erdoganek jainkozale guztien botoak biltzen jarraitzen duen bitartean, presidenteari irabaztea ezinezko izango dela. Eta horixe da SP alderdiari jarri dioten lana. Ez dute ahaztu orain 23 urte, 1995ean, ideologia bera baina beste izen bat zuen formazioak garaipena lortu zuela Anatolian. AKP ahultzea da kontua, bestela alfer-alferrik arituko dira-eta. Biharko hauteskundeak izan daitezke aro berriaren giltza.

Ahmet Faruk Unsal

«Herritarrek jasandako injustiziek eragina izango dute emaitzetan»

AKP Justiziaren eta Garapenaren Alderdiko diputatu ohia eta Mazlumder giza eskubideen Turkiako elkarteko presidente ohia, Unsal gaur egun Erdogan presidentearen aurkako ahotsetako bat da, herrialdeko beste islamista askoren moduan.

Ahmet Faruk Unsal 1963an jaio zen, Adiyamanen. Necmettin Erbakan Turkiako islam politikoaren buruaren jarraitzaile izan zen oso gaztetatik. Gero, beste islamista askok egin zuten moduan, Recep Tayyip Erdoganen iraultza demokratikoarekin egin zuen bat. 2009an, AKP alderdia utzi aurretik, Mazlumder elkarteko presidente izendatu zuten, eta bertatik saiatu zen gutxiengoen eta islamisten eskubideak babesten. Erdoganen demokraziaren aurkako joera indartu zenean, Unsalen zintzotasunak eragin zuen alderdikide izandako pertsona batzuekin haserretzea. Iaz, Erdoganen aldekoen «estatu kolpea» jasan behar izan zuen Mazlumder elkartearen barruan. Orduan beste erakunde bat sortu zuen, Halk Inisyatifi izenekoa. Azken bolada honetan hasierako bidera itzuli da: SP Zorionaren Alderdira, Erbakan zenaren ildoari eusten dion formaziora alegia. Skype bitartez erantzun ditu GAUR8ren galderak.

Zer espero duzu hauteskundeetatik?

Erabat politizatutako gizartea bitan zatituta dago: alde batetik, Erdogan maite dutenak, eta, bestetik, gorrotatzen dutenak. Egia da Erdoganek Justizia Administrazioa eta hedabideak dituela mendean, oso ahaltsua dela eta irabazteko eskura dituen tresna guztiak erabiliko dituela, baina ezin da esan garaipena ziurtatuta duenik. Ez gara ez Siria ez Egipto, eta hemengo hauteskundeetan ekonomiak eta herritarrek jasandako injustiziek eragina izango dute azken emaitzan. Mundu guztiak salatzen ditu atxiloketak, “garbiketa” politikoa eta arazo ekonomikoak. Testuinguru horren tankerakorik ez genuen 2015ean.

Turkian batek baino gehiagok esaten du egungo errepresioa Kenan Evren kolpistaren garaikoa baino okerragoa dela.

Arazo nagusia justizia falta da. Evren kritikatzerik bazegoen, baina, aldiz, gaur gauza bera Erdoganekin eginez gero, berehala etortzen zaizu Justizia. Gainera, larrialdi egoera daukagu. Bihar polizia bat etor daiteke nire etxera eta ni kartzelara eraman arrazoirik gabe. Espetxeetan inoiz baino suizidio gehiago izaten da gaur egun, presoek Justizia Administrazioan itxaropenik jarri ezin dutelako. Gero Gulenen aldekoak daude: familia ahaltsua, dirua edo agintearekin harremanak dituztenak ez dituzte kartzelara sartu, baina Gulenen bankuetan dirua sartuta zuten herritar normalak edo haren aldeko eskoletara joaten zirenak orain lanik gabe daude, edo espetxean. Injustiziei erreparatuz gero, Turkiak ez du inoiz hain aro ilunik ezagutu. Ezta Kenan Evrenekin berarekin ere. Horregatik jende asko ihes egiten saiatzen ari da.

Ba al du inolako errurik Europar Batasunak?

Turkia Batasunean sartzeko prozesuan akatsak egingo zituen EBk, bai, baina gure herrialdean justiziarik ez izatea bat-egite prozesuan aurrera ez egitearen arrazoietako bat da. Geure errua da. Merkelek berak egon behar al du gutako bakoitzaren atzean? Ez.

Erdoganek egungo ildoari eutsiz gero, EBk isunak ezarri behar al lituzke?

Erdoganek irabazita ere, ez dut uste EBren politika aldatuko denik. Herritar askok uste dute Erdogan ez dela hain injustua izango hauteskundeak amaitu ondoren. Ideiak badu bere logika, martxoan udal hauteskundeak egingo dira-eta. AKP alderdiak dagoeneko galdu du hiri handietan zuen babesa eta beste hiri askotan ere atzera egingo du. Parlamentuan duen gehiengoa ere galdu egingo du, eta presidentetzarako hauteskundeetan bigarren itzulira joan beharko du. Egoera horretan, Erdogan pragmatikoak modu bateratzailea aukeratuko du bere jarduerarentzat.

Zer eragina izan du Erdoganek «Milli Gorus» edo Turkiako islam politikoan?

Egungo AKPk ez du orain hamar urteko alderdiaren tankerarik, aginteak Erdogan pozoitu duelako. Berak ez du Turkiako islam politikoa ordezkatzen, 2002an Milli Gorus-a utzi zuelako. Urte hartan AKPk bat egin zuen Fethullah Gullenekin, 2016ko estatu kolpe ahalegina leporatu zaion klerikoarekin.

Baina zerorri AKP horretan zinen.

Ez nekien Erdogan Gullenen aldekoekin zegoenik. Hori ondoren jakin genuen.

Anatoliako jainkozaleek SP Zorionaren Alderdi islamistaren babesa duen hautagai kemalista baten aldeko botoa emango al dute?

Beharrezkoa da eta seguru SPk konfiantza hori lortzen lagunduko duela. CHP alderdi kemalista aldatzen ari da, baina ez dakit jainkozaleek hori ikusiko duten. Ondo azaldu behar ditugu harreman honen atzean dauden arrazoiak.

Naturaren aurkakoa dirudi egungo Turkian kemalisten eta islamisten arteko aliantza batek.

Baina ez da horrela. Millis Gorus-ek esku hartu zuen lehenengo gobernu koalizioan; 1974an, Erbakanek bat egin zuen CHPrekin. Egungo egoerak ordukoarekin antzekotasun ugari ditu.

Hauteskundeak galduz gero, Erdoganek alde egingo al du?

Parlamentuan gehiengoa lortzen ez badu, aginteari eusteagatik, hauteskundeak berriz deitzeko aukera du. Baina bozketan galdu edo begi bistako irregulartasunak izaten badira, alde egin beharko du, herritarrak kalera protesta egitera irtengo dira-eta. Tentsio handia dago pilatuta herrialdean.