Mikel Zubimendi

Presentismoa ez obeditu

Zaila egiten zait gurea baino garai presentistago bat irudikatzea, berehalakoari hain lotua izan den beste garai bat gogoratzea. Unearen, istantaren mendeko bilakatzen ari da politika; soilik, osoki, berehalako estimuluei erantzuten dion ariketa. Horrelakoa da teknologia berrien eta sare sozialen ekosistema: orainaren probokazioei erantzun iraunkor eta bat-batekoak emateko sortua.

Orainaren bulkadei itsu obeditzeak ez du, baina, pentsamendu trankil bat sortzen laguntzen. Ez zaitu zure buruaren lagun egiten, ez du asmatzen uzten ea zein indarrek irudikatzen duten etorkizuna orainaldian. Unearen beharretara makurtua denak uste du, oker uste ere, oraina ondoriozkoa dela infinituan, betikoak eta betirakoak direla bere ondorioak. Alarmismoari lotuta dago ideia hori.

Esperientzia preziatua da oso, kapitalizatu beharreko ondarea. Iraganaren inguruan pentsatzea oraingo ekintzak etorkizunean nola islatuko diren kontzientzia hartzea da. Horretan jardutean, gertatzen zait bere garaian garrantzi gabekoak ziruditen hainbat erabaki oso-oso garrantzitsuak izan zirela konturatzea, eta, beste batzuek, hil ala bizikoak ziruditenak, hutsaltasunean nola bukatu duten jabetzea.

Ez dago leku eta denbora segururik, ez da existitzen. Mundu errealean bizi gara, denok dauzkagu orbainak, denok eragin ditugu zauriak. Presentismoaren urgentzien eta kanpoko soinuen bolumena jaitsi egin behar da hemen, entzunak izateko borrokatzen direnak entzun ahal izateko. Ez dela espazio perfektua? Ez dela betiko garai onena? Ez dela beti izatea nahi genuen hori? Eta? Geurea da, baina, eskuz esku landu beharrekoa.

Geure denbora eta lekua hartzea eta hartaz jabetzea inportantea da. Zenbat aldatu diren gauzak barneratzeko zenbat aldatu garen gu jakitea eskatzen du horrek. Iragan garaien nostalgia merkea baino, gure esperientziaren balioa kontuan hartzea. Oraina lanabes izan behar da, ez bere baitan helburu; eta etorkizuna, kokotsa gora eta urrutiko gogomiraz beti, ardatz.

Batzuentzat oraina geldi dago, ez omen dira gauzak gertatzen, ez behintzat gertatu beharko liratekeen abiadan eta norabidean. Presentismoak dio itsasoa bare dagoela, ez dela harrotzen, herri honek ez duela beste garai batzuetako nerbiorik. Alarmismoa hedatu nahi duenik ere ez da falta. Baina, leku eta denbora honetan, halakorik esateko arrazoiak non daude?

Begiratu olatuak: pasa den asteburuan Iruñean inoiz izan den mobilizazio handiena Altsasukoen alde, aurrekoan giza-kate erraldoia Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuz, marka guztiak hautsiz. Ikusi pentsiodunen borroka, ikaragarriak diren mobilizazio handiekin. Edo mugimendu feminista, sekula egon den indar erakustaldi handiena egin berri. Hemen ez dela ezer pasatzen? Begira nola eta zein dotore gauzatu diren ETAren azken erabakiak, begira etxera bidalitako Mariano Rajoy… Begiratu lasai eta perspektibaz. Nola esan liteke, zergatik jakitera eman, ez dela herririk, ez dela lehengairik, ez dagoen tokitik ez dagoela ateratzerik?

Besterik da eskola zaharreko kontsignak jarraitzen diren ala ez, militantzia molde traumatikoak onartzen diren ala ez, zaletasunak zainduz bizitza arin eta eroso bat bizitzearekin bateragarriak diren konpromisoak onartzen diren ala ez. Baina, presentismotik harago, gure esperientzia oinarri eta arnasa beti luze, hemen sekulako herria dagoela ez egin dudarik. Eta inoren aitakeria beharrik gabe, martxan, bere martxan doala. •