Iker Barandiaran

Zehaztea mugatzea da

Dagoeneko urte asko daramatzat han eta hemen idazten; izan ere, hori dut aspaldidanik lanbide nagusienetakoa, eta, gehienetan, kazetaritzari eta eduki sorkuntzari lotutako diziplinetan, ez horrenbeste sorkuntza librean. Hala ere, bereziki sorkuntza librearen kasuan sarri konplikatua egiten zait hitzetan batutakoa laburtuko duen izenburua aurkitu edo asmatzea: deskriptiboegia egin? Nahasiegia? Hitz joko harrapaezina bilakatu? Jakina, horretan ere zeresan handia dauka argitalpen mota edo testuinguruak; horiek jartzen dizkigute-eta mugak askotan, baina ez, aldiz, erantzunak.

Idazteko une asko musikari buruzkoak izan ohi dira; kantu bildumak izan ohi dira horretarako argudio edo abiapuntu. Horrelakoetan gogora ekartzen ditut kantuen sortzaileak eurak, nolatan askok aitortu izan duten abestiei izena jartzeak ematen dizkieten buruko minak. Eta are gehiago, kantu bildumak osotasunean izen bakarrean laburbiltzeko beharrak. Zailtasun horren ondorioz askotan kantu baten izenak ordezkatzen du lan osoa. Eta badira, baita ere, bestelako irtenbideak: Gose taldeak, adibidez (eta aurretik kideetako batek sortutako Bad F-Line proiektuak ere) koloreekin bereizten zituen diskoak, izenak asmatu beharreko zama saihesteko asmo zuzenarekin.

Horri lotuta, bitxia eta –aitortzen dut– barregarria izan zen aspaldi telebistako “Wazemank” saioaren parodia batean Fermin Muguruza bere lanei izena jartzen irudikatu izana. Muguruzak bost bat hitz gakoz osatutako bolekin izen konbinazioak egiten zituen etengabe: Revolution, Dub, Ashmatic, Lion, Sound System….

Hala ere, ezin zaio ukatu Muguruzari berrasmatzeko duen abilezia eta ikuspegia. Eta horretan gailurra izan da, nire ustez, iaz martxan jarri zuen Fermin Muguruza & The Suicide Of Western Culture proiektua. Elektronika indartsua eta iluna lantzen duen Kataluniako bikotearekin batera “B-Map” kontzeptua asmatu eta aurrera atera du, erabat originala eta desberdina: hala, “B” hizkiarekin hasitako munduko hainbat hiri aukeratu zituen, guztiak esanguratsuak eta garai jakinetan borrokalariak; eta haien historia eta testigantzak batuta kantu bilduma aberatsa eta tonalitate erabat desberdinekoa sortu zuen. Chapeau!

Irundarraren pareko buru-jario emankorra duen beste musika sortzaile bat Iñigo Garces Cabezafuego iruindarra da. Musikaren esparruan mila batailatan ibilia, gai izan da dozenaka proiektu buruan irudikatu eta su hartu aurretik martxan jartzeko. Horietako gehienak, gainera, musikalki eskema apurtzaileak izan dira; eta beti-beti izen aski irudimentsuak izan dituzte. Horien artean nabarmentzen dira Bizardunak, Basque Country Pharaons, Mermaid, Royal Canal, Los Separatistas eta Black Lagun, besteak beste. Azken proiektu horretan pegatak ere atera zituzten, Xabier Arzallus afro peluka jantzita azaltzen zela. Estiloei dagokionez ere, Muguruzaren parera etengabe berrasmatuz eta beti pauso bat –besteok espero ez dugun eremura– aurrerago emanez. Ez hori bakarrik, biek proiektu desberdinekin arrakasta izan badute ere, eskuetan kiskali aurretik horiek alde batera utzi eta erronka berriak jarri izan dituzte aurrean. Bada izaera hori definitzerik? Badu nolabaiteko izen zehatzik? Ez diet bada beraiei galdetuko, sortzen jarraitu dezaten eta guk gure buruari hori interpretatzeko bidea zabal diezaiogun. •