Pello Otxandiano

Garai berrirako oinarriak eta printzipioak

Pasa den ostiralean jakin genuen, sanferminetako txupinazoarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politiko berriaren oinarri eta printzipioen inguruan ados jarri direla EH Bildu eta EAJ, eta akordio horren zati batzuek Podemosen oniritzia ere badutela. Historikotzat jo du akordioa EH Bilduk eta Xibertako elkarrizketez geroztiko bi familia abertzaleen arteko akordiorik sendoena dela esan izan da. Nago akordio hau baloratzeko orduan edukiak besteko garrantzia duela testuinguruak, hau da, akordioa noiz gertatzen den –zein momentutan ikuspegi historikotik eta fase politikoarenetik–.

Begirada historiko batetik ezin dugu alboratu akordio hau borroka ziklo baten itxieran eta berri baten irekieran kokatzen dela, hainbeste aipatu den trantsizio garaian. Zentzu horretan, uste dut, batetik, akordioan jasotzen diren edukiak hamarkadetako borrokak metatu duen kapital politikoa islatzen duela, eta, bestetik, garaiko pultsio sozialen eragina ere jasotzen duela. Hau da, bi korronte, iraganetik datorrena eta etorkizunetik datorrena, kristalizatzen direla akordioaren lerroetan.

Iraganari dagokionez, Xibertako elkarrizketen porrotaz geroztiko borrokak balizko herri akordio baten langa noraino altxa duen, horixe dira akordioaren termino politikoak. Eta ez da emaitza makala: burujabetza marko bat, Estatuarekin berdinen arteko harremana proposatzen duena, askoz hurbilago dagoena independentziatik Euskal Herria itotzeko pentsatu zen autonomismotik baino. Ez da emaitza makala, inolaz ere, Estatuak, 40 urtez, independentismoa sozialki marjinala bihurtzeko diseinu bat garatu duela kontuan hartuz gero.

Bi tradizio abertzaleen arteko konkurrentzia bat eman da akordio honetan, azken 40 urteotan gertatu ez dena, noiz eta Xibertaz geroztik batzuek eta besteek erabili dituzten paradigmak agortu direla begi bistakoa zaigun garaian: ezker abertzaleak ez du sistema konstituzionalaren kanpotik jardunez autodeterminazio eskubidea lortu, eta EAJk ez du autogobernuan sakontzeko biderik aurkitu sistema konstituzionalaren baitan. Lau hamarkadetan elkar aurkitzeko egon diren hainbat saiakera frustraturen ondoren, akordio hau, nolabait, Lizarra-Garazin posible izan ez zen bien arteko sintesi gisa uler liteke. Aldi berean, nabarmena da akordioa borroka ziklo berriak ere ezaugarritzen duela. Adibidez, garaiko erronka sozialei erantzuteko saiakeran, erabakitzeko eskubidearen kontzeptualizazio berritzailea egiten dela bi tradizio politikoen erreferentzietatik begiratuta ere.

Akordioa fase politiko honen testuinguruan kokatzen badugu, aldiz, uste dut mugarri taktiko bat zehazten dela bertan, ezker abertzaleak “XXI. mendeko Alternatiba Demokratiko” gisa uler lezakeena; datozen garaietan Estatuak demokratikoki konfrontatzeko instrumentu ideologiko eta politikoak jasotzen baitira bertan, eta independentismoari dialektika emankor baterako bideak eskaintzen baitizkio, bai Podemos-Ahal Duguk ordezkatzen duen esparru politikoari dagokionez bai eta ezohiko indarrez agertzen ari diren mugimendu sozial berriei dagokienez ere.

Begi bistakoa da jeltzale ofizialistei, eta inguruan dauzkaten intelektual pseudo-abertzaleei, akordioak ez diela grazia handirik egiten. Ezin da ahantzi estatus politikoaren eguneratze prozesuaren lehen fasea baino ez dela honako hau. Eta noski, Euskal Herriaren zati batez baino ez garela ari kasurik onenean. Bai, baina ez da gutxi halere. Urte politiko honi erreparatuz gero, dinamika instituzionalaren eta gizarte mugimenduen artean izan den txertaketak sortzen dit esperantza gehien niri. 175.000 lagunek, eskutik helduta, mandatu bat eman zioten EAEko Parlamentuari. Gaur, akordio parlamentario bat dago mandatu hori jasotzen duena. •