Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Udako plan bi

Eguraldiak oraindik izkin egiten badio ere, uda beteko egunak ditugu uztaila erdiko hauek. Auzo eta herriak erdi hutsik, lanean direnak ere erritmo erdian... ez gara beltzaran jarriko, baina badugu patxadaz bizitzeko astia egunotan. Kontenplaziozko bizitza dastatzea, aspertzeko parada izatea, horrexek behar luke izan oporraldiaren ardatz. Bakoitzak, jakina, nahi eta ahal duen moduan beteko ditu egun hauek, baina plazer duenarentzat, pare bat proposamen luzatuko dizkiot txoko honetatik.

Bata, zeruari begira jartzea. Berriz ere, treguarik ematen ez duen hodeitzak uzten digun heinean, oso gau interesgarriak bizitzeko aukera izaten ari gara asteotan. Eguzkia jartzear dela, izarrak oraindik agertu ere ez direnean, planeta bat baino gehiago agertzen zaigu zeruan egunotan. Uztaileko lehen erdian, ikusten zaila den Merkurio bera izan dugu arratsetako protagonista, gorrituz desagertzen den Eguzkitik gertu. Baina Merkurio festaren hasiera besterik ez da izan:

Artizarra: Leon kokatuta egongo da hilabete osoan, eguzkia jarri eta ordu pare batera ezkutatuko delarik ortzimugan.

Marte: Txanda-pasan ariko bailiran, Artizarra ezkutatzen denean irtengo da Marte ekialdetik. Argi eta garbi igarriko zaio planeta gorria dela, indar biziz Kaprikornio aldean izango baitira dirdira gorrixkak. Hilak 27an oposizioan aurkituko da, Eguzkiak bete-betean jotzen duela gure norabidean, eta horregatik ikusten dugu horren deigarri (egun berean da ilargi betea ere eta egun batzuk lehenago beharbada hobe ikusiko da). Hurrengo oposizioak 2020ko urrian eta 2035eko irailean izango dira, beraz, probestu Marte begiztatzeko aukera hau.

Jupiter: Dozena bat ilargi berri aurkitu berri dizkioten planeta erraldoia Libran izango da hilabete osoan. Gauaren hasieran hego-mendebaldean aurkituko dugu ortzimugatik 25 bat gradura eta bizpahiru ordutara ezkutatuko da.

Saturno: Planeta parranderoena izango da eta ia gau osoan zehar ikusi ahal izango dugu, gauaren hasieran hego-ekialdeko zeruertzetik 20 bat gradura topatuko dugunetik aurrera. Sagitarion emango du hilabete osoa.

Urano: Eguzkia atera baina ordu pare lehenago ikusi ahal izango dugu hego-ekialdeko zeruertzetik 30 bat gradura, Ariesen, betiere, argi kutsaduratik libre diren orientazio egokiko lekuetan.

Neptuno: Akuarion emango du hilabete osoa eta ekialdeko zeruertzean agertuko da gauaren amaieran.

Ilargia: gure sateliteak ere emango digu oparirik hilabete honetan eta heldu den ostiralean, hilak 27, Lurraren atzean ezkutatuko zaio Eguzkiari. Hots, aurtengo bigarren ilargi eklipse osoa ikusteko aukera izango dugu; 21:30etatik 23:13ra bitarte luzatuko da eta mendeko eklipse luzeena izango da. Bidaian bazaudete, ia Europa guztian, Afrikan eta Ekialde Hurbilean ere izango da ikusgai Ilargiaren gorritzea.

Interesgarri dago zerua, bai, baina hodeitzak edota paretek ikuskizuna ekidingo badizute, honatx bigarren proposamen bat, zeruko argiak ordez garuneko argiak piztu-itzali aritzeko: ebatz dezakezu irudiko problema? Eta hala bada, uste duzu posible litzatekeela xaflan beste motako zuloak egongo balira? •