Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Sexuaren arazo bakarra sexismoa da

Hiru urte pasatu dira Nazio Batuen Erakundeak genero berdintasunerako eta ugalketa osasunerako ikastetxeetan Sexu Heziketa aurrera eramatea ezinbestekoa dela baieztatu zuenetik. Mende hasieran, Osasun Mundu Erakundeak Sexu Heziketa programak martxan jartzearen beharraz ohartarazi zuen. Hau da, haurrak berdintasunean, aniztasunean eta errespetuan heztea, sexuarekiko jarrera baikor eta naturala garatuz. Hala ere, sexua, oraindik, saihestu eta prebenitu beharreko arrisku bezala ikusten da kultibatu beharreko balio gisa hartu beharrean, tabuarekin, bekatuarekin, perbertsioarekin eta gaixotasunarekin erlazionatzen jarraitzen delako.

Historian zehar, ezjakintasun sexuala kontrol sozialerako giltzarria izan da, eta Mendebaldeko medikuntza eta erlijioak hasieratik jabetu dira honetaz. Baina, instituzio patriarkalak direnez eta horiengan ideologiak zientziak eta balioek baino pisu gehiago eduki duenez, sexualitatea ulertzeko modu konkretu bat eraiki dute eta honetan doktrinatu gaituzte: sexu moral erlijiosoa eta sexualitatearen eredu maskulinoa. Horrenbestez, sexualitate femeninoa ezeztatua, ezkutatua, debekatua eta erreprimitua izan da, eta hori bermatzeko moral bikoitza eraiki da. Sexua balio bezala sozializatzea negozio eskasa bada, are gutxiago emakumeak beren gorputzen eta sexualitateen jabe izatea; eta, batez ere, arriskutsuagoa da.

Beraz, sexuaren arazo bakarra sexismoa da. Hala ere, pertsona oro heteropatriarkatu puritanoan heziak izan garenez, sexua emakumeentzat leku arriskutsua dela barneratu dugu. Ondorioz, emakumeok gizonen sexualitate harrapakaria gelditzera edo honen aurrean amore ematera kondenatuak izan gara.

Carole Vancek “Pleasure and Danger: Exploring Female Sexuality” (Plazera eta arriskua, sexualitate femeninoa esploratzen) liburuan dioen bezala, «emakumeen sexualitatea plazeraren eta arriskuaren artean definitzen da».

Abiapuntua arriskua bada soilik, erotika (fantasiak, desirak, maitemintzea, sexu harremanak…) mehatxutik eta arriskutik definitzen dela seinalatzen du. Erotika emakumeentzat mehatxagarri bezala identifikatzea oso kaltegarria izateaz gain, sexualitatea ez ulertzea da, indarkeriarekin parekatzea baita, eta emakumeentzat sexua ez izatea balio bat. Honen harira, «sexu indarkeria» kontzeptua jaio da eta funtsezkoa da termino hau birpentsatzea. Sexua ezin baita inolaz ere indarkeriaren izenondoa izan, sinergiak eraiki, aniztasuna sortu eta gizartea aberasten duelako.

Laburbilduz, sexua gizonen eskura dago eta emakumeentzat kaltegarria izaten jarraitzen du. Zehazki, iraingarria eta umiliagarria izatera iritsi da eta gu geu gure polizia propioak bihurtu gara. Horrenbeste kakaztu dugu sexua, etsai bihurtu dugula eta honen kontra borrokatzen ari gara. Baina borroka honek soilik galtzaile bilakatuko gaitu, geure buruaren aurkako eta sexuen arteko guda bultzatzen ari baikara. Ezjakintasun sexualari esker, ikuspegi eta posizionamendu antisexual zaharrak mantentzen eta berriak eraikitzen hasi gara eta honi aurre egiteko sendagai bakarra sexu heziketa dugu. Askatasun sexualerako jakinduria sexuala ezinbestekoa baita eta Magnus Hirschfeld sexologoak esan zuen bezala, «sexuan, kultibatzeko balio gehiago daude saihestu beharreko arriskuak baino». •