Koldo Sagasti

Zatoz eta konta ezazu

Aurtengo udaldian opor bidaian pentsatzen ari den askok ikusiko zuen telebistan, segur aski, Israelgo turismoa sustatzen duen publizitatea: “Tel Aviv-Jerusalem. Two cityes, one break”.

Iragarkiak tentuz neurtutako mezua igortzen du. Modernitatea, hondartzak, gastronomia, festa eta hondartza gehiago... ortzadarraren koloreez apaindutako lelo batez hornituta. Turismoa Mediterraneoko herrialdearen diru sarrera garrantzitsua bilakatzea izango du helburu kanpainak, noski, baina ez hori bakarrik; turismoa kanporako leihoa ere bada; herrialdearen irudi abegikorra, aurrerakoia eta modernoa emateko plataforma. Israelek, beste baliabide asko bezala, turismoa ere erabiltzen du apartheid erregimenaren gehiegikerien gaineko arreta desbideratzeko eta estatu sionistaren itxura jatorragoa emateko. Horregatik, hain zuzen, balizko kontsumitzaile festazale, hedonista, gazte, eta baita LGTB kolektibokoa ere erakartzeko ahalegina. Eta bide batez, lelo berean, bi hiri bisitatzeko gonbita: Tel Aviv eta Jerusalem. Bata nazioarteko legediak onartzen duen Israelgo Estatuko hiriburu ofiziala; bestea, aldiz, Palestinako hiriburu historikoa, mugimendu sionistak beretzat aldarrikatu eta 1967an okupatu zuena, Donald Trumpen erregimenak alde bakarrez eta nazioarteko erakundeen ebazpenak urratuz Israelgo hiriburutzat onartu berri duena. Dena ondo kalkulatua, erregimenaren irudia zuritzen duen mezua saltzeko.

Inportantea da Palestina bisitatzea, hango egoeraren lekuko zuzena izatea, areago hedabide ofizialak sionismoaren kontakizun ofizial horren bozgorailu bihurtu direnean. Horrelaxe eskatzen digute behin eta berriz palestinarrek: zatozte eta konta ezazue. Baina bidaide egokiak bilatu, urteroko brigadak antolatzen dituzten talde internazionalisten zein Palestinako bertako bidaia agentzien eskutik bidaiatu, eta break horren bueltan, kontatu. •