Juantxo EGAÑA

XIX. mendeko langileak, Antiguako botila fabrikan

1876ko gerra karlistaren amaieran, Brunet anaiek beirazko botila fabrika bat eraiki zuten Donostiako Antigua auzoan. Beste negozio batzuk ere bazituzten; haietako bat, sagardo fabrika bat. Lursailaren maila jasotzeko, harea, lurra eta harriak eraman zituzten Ondarretako hondartzatik. Horretarako, fabrikaraino iristen zen trenbide bat jarri zuten. “La ilustración española y americana” aldizkariak, «ardo eta gaseosetarako Brunet jaunen botila fabrika» horren berri eman zuen. 1881ean, “Gaceta Industrial” aldizkariaren arabera, 80 langile zituen fabrikak eta 4.000 botila ekoizten zituzten eguneko. Urte horretan bertan, “El Urumea” egunkariak kontatu zuen fabrika horretan lan egiten zuten 80 langileetatik 45 atzerritarrak zirela, frantziarrak eta alemaniarrak. Fabrikaren jarduerak ia 10 urtean iraun zuen. Zenbait urte geroago, lursail hartan “El León” garagardo fabrika eraikiko zuten. Artikulua ilustratzen duen irudia XIX. mendeko 70eko hamarkadaren amaieran egin zuen Jose Brunet enpresaburu eta argazkizaleak. Bertan fabrikako langile batzuk ageri dira, botilak banaketako gurdi batean kargatzen. Argazkian ikusten den ehundura albumina-paperaren gainean egindako positibatuaren ondorio da. Kolodioi hezean egindako negatibo batetik abiatutako ukipen bidezko prozesatze prozedura hori, XIX. mendeko bigarren erdiko argazkilariek erabiltzen zuten.