Nekane Zinkunegi Barandiaran

Bizi zitezkeenak

Liz izendatu dute haren intimitatea babesteko. 24 urte zituen eta Argentinako Senatuak Abortua legeztatzeko lege proiektua atzera bota eta ia astebetera hil zen. Senatuaren erabakiaren ondoren abortu klandestino batek eraildako lehen emakumea izan da.

Perrexil zurtoinarekin haurdunaldia eteten saiatu zen eta horrek eragindako shock septikoaren eta infekzioaren ondorioz joan behar izan zuen erietxera. Han umetokia erauzi eta zainketa berezietara bideratu bazuten ere, larriegia zen haren osasun egoera bizirik atera ahal izateko. Artatu zuen medikuetako batek esan zuen urteak zirela perrexilarekin lotutako kasurik esku artera iristen ez zitzaiela.

Hori dakar klandestinitatera kondenatuta egoteak, baldintza egokietan abortatzeko aukerarik ez izateak eta kartzelara joateko beldurrak. Baina ez hori bakarrik. Legezko abortuaren aldeko mugimenduak sekulako urratsak egin baditu ere, Senatuan atzera bota izanak gizarte bereizketa areagotzen du. Abortatu ondoren konfesatzera joan eta bekatutik libre geratzen diren emakume aberatsen eta klandestinitatean abortatzeagatik hiltzen diren emakume behartsuen arteko bereizketa iraunarazten du. Abortatu ondoren ikasten jarrai dezaketen familia aberatseko alaben eta haurdunaldia hala nola eten dutelako Poliziak jazar ditzakeen nesken arteko bereizketa eragiten du.

Jaio gabeez oroitzeak bizi zitezkeenez ahaztera daramatza pentsaera ustez garbikoak. Jaio gabe geratutako haurrak nora irits zitezkeen espekulatzeko tranpa egiten duten bitartean, baldintza kaskarretan abortatzeagatik hildako emakumeak zer izan zitezkeen ahaztu nahi dute. •