Joxean Agirre

Hizkuntzak

Oporretan, neure hizkuntzen eremutik atera orduko, lau esaldi jarraian esaten ez dakien atzeratu baten traza hartzen diot neure buruari eta Nestor Basterretxeak aipatu ohi zuen pertsonaia bat datorkit gogora: Pas de Calais-ko hotel baten atezain lan egiten zuen emakume espainiar batek 40 urte zeraman Frantzian. Gaztelania ahazturik zuen baina frantsesa ikasi gabe eta anabasa arraro bat egiten omen zuen. «Si ancora tomas de la viera, te vas a agarrar una feblesa» esan zezakeen, edo «estas crevettas tienen du sable». Nahasketa linguistikoak emakumeari berari ere grazia egiten zion nonbait eta esaldi bakoitzaren ondoren algara bat egiten omen zuen.

60ko hamarkadan, oso bakanak eta oso bestelakoak ziren gure artean poliglotak. Mirande aipatzen zen. Bagenekien Krutwigek, Arestik edo Kintanak euskara hilabete gutxitan eta beren gisara ikasi zutela. Juan Mari Lekuona, moda berriei aiduru beti, esperantoa ikasten ari zela esaten ziguten. Xabier Mendiguren Bereziartuk hizkuntzak ikasten zituela. Haren ezagunei galdetzen genien «zerekin ari duk orain?» eta «errusierarekin» erantzuten ziguten eta txundituta gelditzen ginen.

Orain poliglota izatea obligazio bihurtu da ia-ia, nahiz eta lehen zuten haloa galdu duten. Horretarako daude hizkuntza eskolak. Baina ni saiatzen naizen bakoitzean lehengo erara ikasi nahi izaten ditut eta emaitzak hutsaren hurrengoak izaten dira. Dagoeneko esperantza bakarra daukat: Oliver Sack-en liburuetan agertzen diren pazienteen antzera, egunen batean buruan kolpe bat hartu eta hizkuntzaren bat hitz egiten hastea.

Egun gutxi barru noa oporretara eta ez zitzaidan gaizki etorriko kaskarreko on batek buruan dudan korapiloa askatuko balit eta erosotasun apur batekin Europako pare bat hizkuntza txukun antzean hitz egiten hasiko banintz. Hori gerta dakidan bitartean nire esperanto bereziarekin moldatu beharko dut eta Nestorren atezainak bezala «crevettak» jango ditut hondar aleekin edo «flebesak» harrapatuko ditut garagardoarekin. •