25/08/2018

Gaizka Amondarain
Irakaslea
Mihisea

Mihise batekin estali zuten diktadorearen gorpua arnasa hartzeari utzi zionean. Inork ez zuen hitzik egin. Gutxi batzuk geratzen ziren logelan ordurako, hurbilekoenak, konfiantzazko jende hori, gerra bat irabazteko hain beharrezkoa dena. Bazekiten noizbait gertatu behar zuela, hilabeteak zeramatzan hilzorian eta azkenean, hiru bihotzeko eta gero, peritonitis batek eraman zuen bizidunen artetik behin betiko. Goizeko hamarretan etorri zen Arias Navarroren aurpegiera goibelarekin batera historiara pasa zen esaldi famatua: «Espainiarrok, Franco hil da». 1975eko azaroaren 20a zen.

Berrogeita hamar orduz eduki zuten hil-kapera zabalik hurrengo egunetan hura ikustera joan nahi zuenarentzat. Hirurehun eta bostehun mila pertsona inguru hurbildu omen ziren Madrileko Ekialdeko Jauregiraino Francori azken agurra egitera. Hiletarako Eroritakoen Haranera eraman zuten gorpua eta bertan lurperatu. Monakoko Raniero printzea, Jordaniako Husein I.a erregea eta Augusto Pinochet jenerala izan ziren elizkizunetara hurbildu ziren garaiko estatuburu bakarrak. Haiekin batera, Errepublikarekin bukatu eta hurrengo berrogei urteetan zehar egindakoagatik beraien esker ona eta fideltasuna erakustera bertaratu nahi izan zuten beste milaka eta milaka jarraitzaile.

Ondo gogoan du Juan Sotok egun hura. Ez luke esango poza sentitu zuenik, amorrurik ere ez ordurako, etsipen moduko bat agian eskuetako izerdia praketan lehortzen zuen bitartean. Bartzelonan atxilotu ondoren, homosexuala izateagatik Langraizko kontzentrazio esparruan pasatako urteak etorri zitzaizkion gogora albistea entzun eta minutu gutxira. Harrobian bizia galtzea edo militar baten etxean umiliatua izatea. Bizirik atera nahi zuelako aukeratu zuen Juan Sotok, 1940an Langraizera preso eraman zutenean, pauso bat aurrera eman eta homosexuala zela esatea; guardia baten etxean zerbitzari lanetan aritzeagatik baino, harrobiko lanetan hilda ez bukatzearren. Kontzentrazio esparru izatetik kartzela izatera pasa zen handik urte batzuetara eraikina. Garai berriak ziren. Gerra galdu zutenen debaldeko eskulanari esker altxatako zimenduen gainean kartzela berri bat. Eta beste bat haren gainean duela ez hainbeste. Kartzelak txiki geratzen zaizkion herrialde baten historia laburbiltzen duen matrioxka.

Langraizko kontzentrazio esparrua bezala, Eroritakoen Haraneko monumentua ere gerran preso hartutako errepublikazaleen lanari esker altxa zen. Bertan lanean emandako egun bakoitzagatik bost egun gutxiago pasako zituzten preso trukean beraien buruak eraikuntza lanetarako eskaintzen zituztenek. Hemezortzi izan ziren hildakoak guztira Eroritakoen Haranean, ehun eta hogei inguru Langraizko kontzentrazio esparrua eraikitzeko lanetan eroritakoak. Mihise batekin estali zituzten hildako horien denen gorpuak gero. Memoria bezain erraz urratzen den mihise baten azpian iraun du haien egiak gaur arte, harri astun haien azpitik noiz aterako. •