Xabier Izaga

Patxada subjektiboa

PP eta Ciudadanos alderdi espainiarrak Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko dekretuaren aurka agertu dira, hartarako presarik ez dagoelako. Gogoa behar da, gero, hildakoen betiereko atsedena aztoratzeko.

Diktadorearen gorpua hobitik atera ondoren Erorien Haranak zer erabilera izango duen ere eztabaidatzen hasi omen dira. Batzuen asmoa Auschwitzeko kontzentrazio-esparrua bezala memoria gune bihurtzea da. Poloniakoa nazismoa garaitu bezain laster egin zuten. Zergatik ez zuten gauza bera egin frankismoa amaitu eta berehala? Ez zelako garaitua izan, akaso? Ez zen, ez, garaitua izan; aitzitik, beti izan da garaile, baita amaitu zenean eta ondoren ere. Eta garaileak garaituak behar ditu garaile izateko.

PPko presidente Pablo Casadok esan berri du orain dela 40 urte «bi bandoen arteko itun» bat izan zela. Uste dut esan nahi duela frankisten eta besteen –antifrankisten, demokraten...– artekoa. Eta Casadoren alderdia zer bandotan zegoen/dago? Besteenean? Berehala esango nuke! Eta berrogeita gehiago urtean demokraziaren berme izan omen den erregea zer bandotan zegoen? Bandoz aldatu zen?

Jakin nahi nuke (esaldi erretorikoa da) zein ziren itun hura egin zuten bandoak: alde batean frankismoa eta bestean AP, UCD, PSOE, PCE...? Edonola ere, ituna egin eta bando bera osatu zuten denek, bando konstituzionala, frankistak ere bere baitan hartu zituena. «Bi bandoen arteko itunak» inpunitatea bermatu zien frankistei, bistan da, baina hori baino askoz gehiago ere bai: Estatuaren kontrola. Armadan, epailetzan, zenbait alderdiren zuzendaritzan... denek izan zuten beren lekua, gorputz polizialek bezala parapolizialek ere. Denek, itun eredugarri hura onartu ez zutenak izan ezik.

Hau, jakina, kontakizun subjektiboa da. Nik ezagutu nuena. Ez da egia ofiziala, ezta judiziala ere (eta, beraz, bakarra, ezta, ministro jauna?).

«Honela frankismoa sostengatzen dugula uste duenak ez du ez PP ez haren parte den jendea ezagutzen», esan zuen Teodoro Garcia alderdi horretako idazkari nagusiak. Hala da, nonbait, artaburu ezjakinak gu. Ez dirudi PPk jarrera horrekin botoak galduko ote dituen kezka handirik duenik. Haren boto emaile askok ondo ezagutzen dutelako emango diote, hain zuzen ere, botoa, baietz, Teodoro? Beste batzuek ez dute ondo ezagutzen, baina bost axola zaizkie Francoren hezurrak, Albert Rivera Ciudadanoseko buruak esan zuen bezalaxe. Azken honen alderdiak ere, demokrata bezain progresista izanagatik, ez du presarik, ez baitu PPren argudio berari eusteko arazorik.

PP eta Ciudadanos alderdien ustez, beraz, ez dago Francoren gorpuzkiak “bere” hobitik ateratzeko presarik. PSOEk ez du sekula halakorik esan, baina bat etorri beharko luke argudio horrekin. Izan ere, ez du halakorik esan, baina eskuinak eskatzen duen patxada bera erakutsi izan du urte askoan. Trantsiziotik gaur arte Madrilgo Gobernuan urte gehien eman dituen alderdia da PSOE, 1982an hasita. Adriana Lastra alderdi horrek Kongresuan duen eledunak esan zuenez, premia handia dago, «40 urteko atzerapena daramagu». Hori pentsatzen al dute hainbeste urtean alderdiaren ardura izan dutenek, lurpean edo leizeetan zain dauden gorpuak ateratzeko patxada berbera erakutsi duten horiek? •