01/09/2018

Koldo Sagasti
Manteroak

Hamabi urte dira Ibrahim Euskal Herrira iritsi zela. Beste 126 pertsonarekin batera txalupa batean ontziratu zen Senegaletik Kanarietara, zazpi eguneko bidaia arriskutsuan. Gasteizera heldu eta ordu gutxira, herrikide baten laguntzaz, kaleko salmentan hasi zen. Harexek utzi zion lehenengo salgaiak erosteko dirua. Ez zen, inondik inora, familiako lantegia atzean utzitakoan gogoan zuen ogibidea, baina beste zeregin hoberik lortu artean abiapuntua izan zitekeen. «Ni langilea naiz, ez naiz hona etorri eskean ibiltzeko», errepikatzen zuen harro. Diskoak saltzen hasi zen. Bazekien jarduera ilegala zela; baina horrek, akaso, ahalbidetuko zion bestelako produktuetara pasatzea. Halaxe izan zen. Gero ikasi egin zuen eta musu truk praktikak egin zituen lantoki berean kontratatu zuten.

Uda honetan, hedabide ofizialeetan, salmenta ibiltarian aritzen direnen aurkako kanpaina sutsua burutu dute. Jomugan jarri dituzte. Euren jarduera ilegala dela leporatzen diete, baina ez da Wallapopen bidez edozein produktu saltzen duenarena baino ilegalagoa. Bertako merkataritza txikia kaltetzea egozten diete; baina ez dute Inditex, Amazon, Primark edota El Corte Inglesek baino gehiago kaltetzen, ezta hurrik eman ere. Salerosketa ez-arautu horretan aritzen direnek eskura duten modu bakarrean aurrera atera baino ez dute egiten. Ez ziren ontziratu hil ala biziko bidaia batean kalez kale galtzerdiak saltzen ibiltzeko. Baina bestelako helburu hobeak lortu bitartean, kale salmenta denik eta abiapunturik duinena izan daiteke, Ibrahim bezala, eskean ibiltzeko etorri ez denarentzat. •