Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Bejondeizuela, Seaska!

Ikasturte berrirako Lehen Mailan, Kolegioan eta Lizeoan 230 ikasle berri izango zituztela-eta, Seaska Ikastolen Federazioak 25 irakasle berri eskatu zizkion Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Frantziako Estatuan Hezkuntzan ardura nagusia duen instituzioak, ordea, ez ziola irakasle gehiago emango erantzun zion. Protesta koloretsu eta irudimentsuek, jendeen haserreek eta hainbat erakunderen eta politikariren babesek mugiarazi ditu agintari frantsesak, eta, badirudi, azkenean, 5,5 irakasle emango dizkiola. Begiratzen den lekutik begiratzen dela, erantzun eskasa. Bestalde, ikasketak euskaraz egin zituztela-eta, Brebeta (14 urterekin kolegio amaieran egiten den azterketa, Matematika, Historia eta Geografia, eta, iaztik, Zientziak neurtzen dituena) euskaraz egingo zutela erabaki zuten 180 neska-mutilek eta haien etxekoek.

Bordeleko Errektoretzak euskaraz egindako Zientzia azterketak ez zuzentzeko agindua eman zuen, nahiz eta bazituen probak zuzentzeko prest zeuden irakasle elebidunak. Gainerako gaietako probak euskaraz egin eta zuzenduak izan baziren ere, Zientzietakoa blokatu egin zuen Errektoretzak. Antza, legearen azpitik dagoen zirkularrean preseski Zientzia aipatzen ez delako. Honela dio, baina, “Code de L’éducation” hezkuntzaren kodeko L 121-3 II artikuluak: «La langue de l’enseignement des examens et concours, iansi que des thèses et mémories dans les établisements publics et privés d’enseignements est en français, sauf exceptions justificés par les nécessités de l’enseignement des langues et cultures régionales».

Oso estua izango den kultura eta hizkuntza erregionalak irakasteko beharraren zirrikitutik pasatzea lortu dute, bada, Seaskakoek. Errektoretzak euskara ez zekiten irakasleei agindu zien Zientzietako azterketa zuzentzea. Eta noski, haiek zenbakiak soilik zuzendu zituzten, idatzizko zatiei tankerarik eman ezinik. Hamaika ikusteko! Eta hara, hunkiturik irakurri dugu Seaskak egin duen txioa: «Zientzietan nota biziki apala izanik ere euskaraz egiteagatik, gure ikasleen % 100k lortu du Brebeta!».

Harro egon daiteke Seaska bai bere neska-mutilez bai eta inguruan dituen familiez ere, guztiak eskubide guztien jabe garela esan diguten garai hauetan desobedientziaz eta helburuak lortzeko duintasunez borroka egin beharraz irakaspen benetan ederra eman baitigute. Bejondeiela!

Zer nahi duzue. Mapetan marraztu gabe, espazioan biraka dabiltzan sateliteek ere aurkitu ez gaituztelarik, artean, bere GPS lokalizazio puntua zelaian marraztu behar duen herria gara!

Frantziako Tourra mundu mailako fenomenoa omen da – hori sinestarazi digute munduko latitude honetan, bederen!–. “You are in the Basque Country” eta hemen, gure lurrean, “Kasu, ikastolak kexu!” esan diogu munduari.

Astelehenean, irailaren 3an, hasi zen ikasturtea Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako heziguneetan. Seaskak 25 irakasle behar ditu, besteak beste, ez daitezen 40tik gora ikasle izan geletan, eta elbarritasunen bat duten haurrek baldintza duinetan ikas dezaten.

Seaskako familia handiak borrokan jarraituko du, besteak beste, beren seme-alabek euskaraz ikastea nahi dutelako. Hori besterik ez!