Gorka Elejabarrieta

Adostu edo ez adostu, hor dago koska

Eskoziarekin, Faroe uharteekin, Flandriarekin, Irlanda iparraldearekin, Groenlandiarekin eta beste hainbatekin amets egiten dugu, baina, eguneroko politika erabaki behar dugunean, espainiar Estatuaren demokrazia ezarekin talka egiten dugu. Gurean, gaur-gaurkoz, ez dago autodeterminazio eskubidea onartuko duen Estatu espainiarrik, ezta Estatu frantziarrik ere (buruan izan azaroan Estatu frantsesaren menpe dagoen Kanakyk independentzia erreferendum adostua egingo duela).

Egia da, injustizia bat da, ez da bidezkoa, askoz ere demokratikoagoak dira autodeterminazio eskubidea onartzen duten estatuak. Baina hori da errealitatea. Errealitate gordin horrek eztabaida eta erabaki politiko oro guztiz baldintzatzen du. Gurean, eztabaida –abertzaleen artekoa, behintzat–, beharko lukeenaren kontra, ez baita errepublika independente baten sorrerak ekarriko lituzkeen onuren eta galeren ingurukoa, baizik eta bidearen hautuari buruzkoa. Eta bidearen inguruko irakurketa eta erabaki desberdinek aliatuak izan beharko luketenen arteko harremanak mikaztu egiten dituzte erabat, ia-ia arerio edo etsai bihurtu arte.

Garapen demokratizatzailea

Badago modurik, biderik, noizbait, espainiar Estatuak eta frantziar Estatuak Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onar dezaten? Badago, beraz, erreferendum adostu bat gauzatzeko inolako esperantzarik? Espainiar Estatua demokratizatzerik ba al dago? Zenbat denbora eta belaunalditan? Eta, bitartean, zer?

Egia da azken hamarkadotan gai honen inguruan Europako hainbat estatutan garapen demokratizatzaile bat eman dela, beste gai batzuetan bezala. Adibide bat jartzearren, Margaret Thatcherren gobernu britainiarrak nekez adostuko luke erreferendum bat Eskozian. Ba al dago adierazlerik pentsatzeko Europako zenbait estatutan ematen ari den garapen hori, noizbait, laster, espainiar Estatuan ere gertatuko denik? Ez, errealitateak kontrakoa erakusten digu.

Bestalde, ba al dago espainiar Estatuarekin adostu gabeko bide errealistarik independentzia eskuratzeko? Munduan gauzatu diren independentzia prozesu gehienak estatuen legeen kontra burutu dira, oso gutxi dira modu adostuan gauzatu direnak. Argi dago gehiengo baten babes argia eta nazioarteko onarpena (ez baitezpada berehalakoa eta ahobatezkoa) behar-beharrezkoak eta agian ez nahikoak direla bide horretan, baina, berriz, aukera errealik ba al dago edo ametsa baino ez da? Bide horren aukeraketak ekar ditzakeen ondorio latzak ondo ezagutzen ditugu, Kataluniako prozesuak berriz gogorarazi dizkigu.

Estrategia eraginkor eta errealista

Galderak horiek dira, eta horiei ematen dizkiegun erantzun diferenteak, gainditu beharreko oztopo nagusiak. Eta gure artean irakurketa horren ezberdinak egiten ditugun bitartean, zaila izango dugu independentziaren aldeko estrategia eraginkor eta errealista bat martxan jartzea.

Bien bitartean, badira akordioa behar-beharrezkoa dela aldarrikatzen duten asko, inolako pausurik eman aurretik ezinbesteko baldintzatzat dutenak. Batzuetan, argudio tankera baino, aitzakia itxura hartzen diet horrelakoei. Edozein kasutan, horrelako jarrerek Estatuari beto eskubidea aitortzen diote. Borrokatu beharrik gabe garaipena oparitzen zaio Estatuari, KO bidez gainera. Kasu onenean ere, hau da, dauzkagun datu eta esperientzia ororen kontra, pentsa dezagun minutu batez Estatuaren demokratizazio hori gertatzerik badagoela –artikulu hau zientzia fikzioaren generora hurbiltzen ari da abiadura bizian–. Bada, kasu horretan ere, benetako demokratizazioa ekarriko lukeen jarrera eta bide bakarra, nire ustez, prozesuan, akordioa noiz heldu itxaron gabe, aurrerapausoak ematen jarraitzea litzateke. Erresuma Batuak Eskoziako erreferenduma, Eskoziako Parlamentuak eta Eskoziako Gobernuak erreferenduma egingo zutela erabaki eta gero adostu zuen, ez aurretik. Zertarako aldatuko du estatu batek bere jarrera horrelako gai kapital baten inguruan horretarako bere burua behartuta ikusten ez badu? Epe labur, ertain eta luzea kontuan hartu behar ditugu. •