Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Kuartelak

XX. mendearen amaiera zen eta espazioko harri pusketa erraldoi batek gizateria txikitu zuen ia. Bi bider, gainera. Hala irudikatu zuten bederen “Armageddon” eta “Deep Impact” filmek, bi hilabeteko epean, 1998ko udara partean. “Armageddon” izan zen estreinatzen lehena, Michael Bayren zuzendaritzapean, eta aste gutxi batzuk geroago iritsi zen Mimi Lederren “Deep Impact”, produkzioa dezentez lehenago hasi bazen ere. Estudioen arteko espioitza azaltzeko erabiltzen da oraindik ere kasu hau; ideia berarekin zinemetara nor lehenago iritsiko, hor zegoen lehia.

“Armageddon”-en Bruce Willisek suntsipenetik libratu bazuen mundua, abuztuaren 31n Ernesto Gasco Donostiako alkateordearen txanda izan zen. Loiolako Kuartelaren inguruko balizko negoziazio bati begira, azterketa teknikoa eskatu zion Hirigintza Sailari, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak dioena baino etxebizitza gehiago eraikitzeko aukera egon dadin kuartelaren orubean. Alegia, eraikigarritasun handiagoa Loiolatik ospa egitearen ordainetan.

Kuartelarena noizbehinka joan eta etortzen den gaia da Donostiako udal politikan, baina ez nuen oso ondo ulertu momentua, harik eta biharamunean Eneko Goia alkateak esan zuen arte Loiolako kuartela Zubietara lekualdatzea proposatuko ziola Donostiak Espainiari. 1998ko udaran bi asteroide-film nola, gai berari buruzko bi zunda-globo jaso genituen guk oso denbora gutxian.

Ezagutzen ez duenarentzat, Loiolako kuartel militarra Donostiari gelditzen zaion orube lau bakarrenetarikoa da. Urumea ibaiko meandro batean kokatua dago, Euskotrenen eta Renferen aldirien geltoki banatik gertu, garai batean hiritik at eta gaur egun hirian bertan dagoen leku preziatu batean. Hirigintzaren eta lurralde-antolaketaren ikuspuntutik, metro karratu horiek estrategikoak dira.

Susmoa dut, baina, inork ez dakiela oso ongi zer egin bertan. Duela hilabete batzuk (lurra jo ez zuen) asteroide baten tamaina futbol-zelaiaren sistema metrikoa erabiliz azaldu ziguten; orain, aldiz, etxebizitza kopurua erabiltzen dute hirigintza-proiektu kalitatearen erakusgarri bakar. Kasu honetan –kalkulua egin dut–, 9 hektarea eta, Gascoren arabera, 1.600 etxebizitza dira, alegia, ia 13 futbol-zelai eta 127 etxebizitza futbol-zelaiko. Baina ez da nahikoa. Alberto Moyano kazetariak «ezerezaren arkitektura» esan zion aurrekoan kuartelaren ondo-ondoan, ibaiaren beste aldean, egiten ari diren Txomin Enea berriko eraikinei. Ados. Nik mamia botatzen dut faltan, ideia bat, gidalerro batzuk kuartelaren ordezko auzoa ez dadin bilakatu autoaren inguruan diseinatutako enegarren lotarako auzoa, hainbat etxebizitza futbol-zelai batzuen tamaina duen lursailean. Ezerezaren arkitektura ezerezaren hirigintzan. •