Ramon Sola

Memeen garaian, «statu quo»-a garaile

Kazetaritza politikoa egin ohi dugunon jardunerako nahasmen handiko garaiak dira, teknologia berrien eskutik orain arte erabiltzen genituen jokamoldeak, irizpideak, lehentasunak... guztiz kolokan dira-eta. Oso labur esateagatik, gaurdaino politikoa eta kazetaria ziren mezu-emaile nagusi eta ia bakarrak, baina, orain, aldiz irakurle-entzule-ikuslearen arreta maila edota iritzia bera denbora errealean jakin daitezke. Itxuraz osasuntsuagoa, demokratikoagoa, hobeagoa, dirudi feedback horrek, baina sarritan eragin kaltegarria duela begi bistakoa da. Alderdi eta erakunde ugariren ildoa unean uneko inkestek markatzen duten bezala, hedabide askoren egunerokoan nagusi da klik, like eta retweet-ak pilatzeko obsesioa. Biak batzen direnean, arazoa ez da gehitzen, biderkatzen baizik, ekinbide politiko eta informatibo honek aldi berean eztabaida publikoa desitxuratu, hustu, garrantziz gutxitu, pobretu, egiten duen neurrian. Badakit, ez naiz ezer deskubritzen ari. Ez dakit, ordea, konponbiderik duen...

Azkenaldion gure lanbideaz bi esaera borobil entzun ditut han-hemenka, zer pentsatu ematen dutenak. Lehena, publikoaren interesa zeureganatzeko hiru bide baino ez dituzula: dibertitzea (hau batez ere, gero eta nabarmenago), hunkitzea edota pentsatzen duena berrestea (arrazoia ematea, alegia). Bigarrena, entzule azkarrenek (GARAn “irakurle kriteriodunak” deitu izan ohi ditugunak) ideiak dituztela arretagai nagusi; arruntagoek, gertaerak, ekimenak, albisteak; eta, azkenik, maila apalagokoek-edo, bereziki pertsonengan dutela interesa. Bi adierazpen zorrotzok nork osatu dituen ez dakit, baina ez diet arrazoia kenduko.

Adibide garbi bat emateagatik, Pedro Sanchez espainiar presidentearen unibertsitate tesiari buruzko 24 orduko eztanda informatiboak argi erakusten du publiko zabalaren arreta pizteko bi tekla horiek sakatu behar direla: albistea dibertigarri izatea –ia anekdota bat, ahal bada meme asko egiteko modukoa– eta maila pertsonalean kokatzea –kuxkuxeroaren tradizio okerrenean–, ez ideien ez eta gertaeren esparruan ere. Gertuagoko adibidea bilatuz gero, antzekotzat har daiteke Iruñeko Udaleko Maite Esporrin PSNko zinegotziak EH Bilduko alkate Joseba Asironi eginiko akusazio lotsagarri eta faltsuak hartutako oihartzuna. Zurrunbilo horretan iparrorratza galtzen bukatzea ez da zaila: Jose Maria Aznarrek asteartean Diputatuen Kongresuan izaniko agerraldiak eragin zuen zirku antzuak ez zuen bera bakarrik protagonista izan, baina, albistearen biralitatea alde batera utzita, politikoki inolako eraginik ez zuen utzi.

Inertzia negargarri honek albiste txarra dakarkio eta trantze zaila planteatzen dio ezkerrari. Batetik, eskandalu ugari guztiz isildurik uzten dituelako, agendan tokirik gabe; esaterako, Mariano Rajoyren Gobernuak osasun eskubidea kendu izanak heriotzara eraman dituen etorkinen kopuruari buruzko ikerketa ikaragarria oharkabean pasatu zen uda aurretik, dudarik gabe ez zelako sarea memez betetzeko modukoa. Bestetik, ezkerrarentzat ideiei buruz era kolektiboan eta sakontasunez aritzea ezinbestekoa delako gizarte eredua errotik aldatu nahi bada; Eusko Ikaskuntzak aurkeztear duen Euskal Herriaren erronkei buruzko diagnosia zeharo garrantzitsua eta beharrezkoa da, baina nola jarri arreta hain kontu “astunaren” gainean? •