Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Urtegiak apurtu

Metalezko bola erraldoiak bere bidea egin zuen. Danba! Behin. Eta Bitan, hirutan. Danba! Eraiste makinetako langileek gogor ziharduten lanean. Danba! Kraskatzen ari zen Ulibarriko urtegiaren presa. Danba! Zuloa ireki arte. Uraren indarrak urtegiko hormak zartatu arte. Olatuak jan zituen Arroiabe, Mendibil eta Durana. Betoñoko industriagunea. Zaramaga. Eta Herrandarren kalea ubide bihurtuta, baita Judimendi, Adurtza eta unibertsitatea ere. Bizirik geratu ziren gasteiztar guztiak Alde Zaharreko mendixkan gotortu ziren. Bertatik teilatuak baizik ez ziren ikusten, eztandak eta kea. Hondamena eta kaosa. Azkenean, gorriek eta abertzaleek lortu zuten beren helburua. Zibilizazioaren amaiera, basakeriara itzulera.

Edo gu edo kaosa! Urduritu egin dira batzuk sinboloekin. Negarrari ezin eutsi Jose Antonio ahoskatzeko ere kapaz ez zen falangista hori. Bakarrik utzi omen dituzte, umezurtz. Virginia Lopez de Maturana historialaria ere larrituta dabil, espainol abizena kendu zioten (agian jakintzat ematen delako?) egunkari horretan. Ea nolatan erabaki duten Mendiolako herritarrek, asanblada batean, Olarizuko tontorrean dagoen gurutze horretaz nekatuta daudela.

Gurutze handi-handi bat da. Harrizkoa. Estiloa? Itsusitasun frankista, gustu barik egina. Grisa, garaia izan zen bezalakoa. Estetikagatik bederen, nire boza eraistearen alde. Ekologia bisuala. Baina nonbait historialari batzuk kezkatuta dabiltza, frankismoan egin zen guztia desagerrarazi behar ote den… Virginiak galdetzen zuen: «Zer izango da hurrengoa, urtegiak apurtzea?». Bai, ez dezala zalantzarik izan. Eta gero, gorriek ume jaioberriak jango dituzte herriko plazan, demostratzeko egiazko ezkertiarrak direla.

Dirudienez, frankismo garaiko sinboloak adiskidetze-gune bihurtu behar dira. Espainiar intelektualitatearen eta unibertsitate autonomikoko espezialisten zati handi batek erabat barneratuta baitu historiaren ikuskera frankista. Honako hauxe: Espainia kaosa zen eta kaosak gerra ekarri zuen. Diktadurak ordena berrezarri zuen. Eta behin hori lortuta, trantsizioz, xuxurlatuz, min egin gabe bultza eginez, frankistek demokrazia onartu zuten. Beraz, orain espainiar guztiek adiskide behar dute izan. Gogorarazi behar digute, betirako, gerra izan zela. Baita nork irabazi zuen ere. Paisaia zalantzan jartzea ordena zalantzan jartzea da. Kaosa berriro!

Gasteizko etxeetako leihoetatik ikusten dugun Olarizuko gurutzeak gogorarazten digu hori. Eztabaidaren mamia, zentzu horretan, ez da zehazki nork eskatu zuen gurutzea eraikitzea, edo antzina mendiari Kutzemendi esaten zitzaionetz. Mantentzearen edo kentzearen erabakia herritarrok hartu behar dugu. Eztabaidak adierazi duena da nor jarri den urduri. Nork ezarri nahi duen bere iritzi zientifikoa herritarren ezein erabakiren gainetik. Nork duen barneratuta frankismoaren diskurtso historikoa bere mezu zientifikoan. Hau da, nor den elitista eta kontserbadorea. Nor doan korrika komunikabideetara jendailak, ezjakinek… hitza dutenean. Izan ere, jendaila ezjakin horrek du gogoan La Pollak abesten ziguna: «Gerra Zibila galdu zutenen lagunak gara gu…». •