Maite Ubiria

Vel d’Hib, Aljeria... eta etorkizuneko damuak

Iraganaren gaineko berrazterketa ez da, ez hemen ez inon, ariketa erraza. Atzerako begiradak nekez heltzen dira garaiz min zaharrak baretzeko, eta, askotan, bestelako geroa eraikitzeko erreminta bilakatzeko gaitasunik ez dute, maleruski. Atzerako begiradak, gehienetan, selektiboak, partzialak, kapritxosoak, murritzak, hots, inperfektuak dira; «inoiz ez den ahantzi behar» horien bilduma, finean, norbanakoz osaturiko herriek zehazten dutelako, norabide finkoa bihurritu eta kontakizunen zirkuituak osatuz.

Hala eta guztiz ere, atzerako begiradak, beraien bertuteak badituzte. Hartara, bestearengana hurbiltzeko bigarren aukera erakusten dute, denboraren eta hitzaren kudeaketa aproposa eginez gero. Probabilitateak horren alde jokatzen du, bistan da. «Inoiz ez da berandu» soil batekin erantzuteko prest dagoen jende kopurua handiagoa baita «ez horrek ez beste ezerk ez du balio» huts batekin gelditzeko prest dagoena baino. Gizartean bizitzera eramaten gaituen bulkada berak aginduko digu, agian, paper trukaketa hipotesi gisa lantzera, pronostikoaren aurkako hurbilketak bilatzera. Finean, era batera edo bestera iraganeko itzala argitzeko beharra xederik gizatiarrenetarikoa baita.

Josette Audin, 87 urteko emazte eta alargunarengana gerturatu da Frantziako presidentea. «Niri dagokit barkamena galdegitea», adierazi berri dio Emmanuel Macronek 1957ko uztailean Frantziako Armadak atxilo hartu, torturatu eta betiko desagerrarazi zuen Maurice Audin matematikari komunista eta Aljeriako independentziaren aldeko ekintzailearen alargunari.

Lehendabizikoz goi mailako agintari frantses batek urrats bat aurrerago egin du, heriotza zehatz baten gaineko ardura hartzeaz gain, hura posible egin zuen sistema legala arbuiatuz. Alegia, legea eskuetan hartuta aplikatu zen errepresioaren gaineko aitormena egin du Macronek. Kasualitatea edo ez, espainiar Diputatuen Kongresuak Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Bailaratik ateratzea baimentzen duen gobernu-dekretua baieztatu zuen egunean heldu zen Josettek inoiz gertatuko ez zela uste zuen keinua.

Aljeria estatu independente bilakatu aurretik zazpi urtez luzatu zen gerran hildako jende kopurua zehaztea ez da posible izan gaur arte. Beste hainbeste gertatu da Francoren matxinadak piztu zuen gatazka odoltsuarekin. Bi gatazka mingarriotan milioi bat pertsonatik gora hil zirela diote hainbat bilanek. Frankismoaren gaineko atzerako begirada zer nekeza den ikusita, horretara mugatuko dut ezohiko alderaketa. Gaur-gaurkoz zaila dirudi-eta espainiar agintari baten ahotik «niri dagokit barkamena eskatzea» entzutea. Are zailagoa diktadurako arduradunak epaitzeko edo, gutxienez, diktadurako auzitegien kondenak bertan behera uzteko pausua eman ez duen Estatuak aitortzea sistema legalak berak posible egin zuela –frankismo ondotik ere– tortura existitzea.

Jacques Chiracek juduen deportazioan frantziar agintariek jokatu zuten papera salatu zuen, Val d’Hib-eko biktimei zuzenduta. Horren ondotik, Frantziak mende luze batez Aljerian jorratu zuen kolonizazioa bidegabetzat jo zuen François Hollandek. Banaketa ideologikoak gainditzen dituen atzerako begiradari bere ekarpena egin dio oraingoan Macronek. Geroan barkamena berriro eskatzeko beharra ez izateko gaur eta hemen zer egiten duen Errepublikak, hori beste kontu bat da... •