Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Klitoriaren ablazio psikologikoa

Egun, emakumeok sufritzen dugun sexu eskubideen urraketarik larrienetako bat kanpoko genitalen mutilazioa da. Hau da, klitoria moztea. Giza eskubideen aurkako eraso bortitz hau, ez dugu soilik Afrikako eta Asiako herrialde batzuetan sufritzen, mundu osoko herrialdeetan baizik. Izan ere, kanpoko genital femeninoen ablazio fisikoaz aparte, ablazio psikologiko eta sinbolikoa ere existitzen da eta Euskal Herrian burutzen da. Beraz, praktika globalizatu bat da.

Historian zehar, sexualitate femeninoa onartu ez den bitartean, emakumeen patua ama izatea izan da. Ondorioz, genital femeninoak zulo eta inkubagailu gisa irudikatu izan dira. Gaur egun, nahiz eta aintzat hartu, ugalketarako erabiltzen ez diren emakumeen genitalen atalek ezezagun izaten jarraitzen dute. Hau da, gutxiago baloratu eta ikertu dira, ikusezinak bihurtu arte. Horrez gain, emakumeok eman dugun jauzi ebolutibo izugarri garrantzitsua ere ezkutuan mantendu da; eboluzioari esker emakumeak ugaltzea gozamenetik banantzea lortu dugun ugaztun eme bakarrak garela, hain zuzen. Beste ugaztun emeek, protoklitori bezalako bat daukate bagina barruan eta kopulatzen dutenean gozatzen dute. Gure kasuan, ordea, klitoriak kanpora migratu du eta aluaren goiko partean kokatu da. Labur-labur esanda, soilik gozamenerako diseinatuta dugun organoa kanpoko genitaletan dago.

Aluaren gaineko ezjakintasuna arazo soziala da eta, beste behin, batez ere, emakumeak galtzen ateratzen gara. Gure gorputzeko atal garrantzitsu bat ez ezagutzea, nahiz eta ohikoa izan, ez da batere naturala. Neskek eta mutilek, aldi berean, 2-3 urterekin kanpoko genitalak deskubritzen dituzte. Fardela kentzen zaienean, ordura arte ukitu ezin izan dutena miatzen hasten dira eta nesken kasuan, bat-batean gozamena aurkitzen dute eta masturbatzen hasten dira. Mutilak, berriz, kanpoko genitalak topatu arren, masturbazioarekin beranduago hasten dira, psikomotrizitate finagoa dutenean, alegia. Beraz, txiki- txikitatik, modu naturalean, gure aluarekin erlazionatzen gara eta masturbazio praktikarekin hasten lehenak gara. Baina, gizarte patriarkalentzat emakumeen ahalduntze sexuala arriskutsua denez, herrialde guztietan indarkeria sinbolikoa eta kulturala praktikatzen dira.

Indarkeria kultural basati mota bat klitoriaren ablazio fisikoa da. Baina neskak txikitan masturbatzen garenean, jarrera eta mezu negatiboak sufritzea, hala nola “zikinak” garela leporatzea ere, gure jokabidea zentsuratzeko helburuarekin, indarkeria da. Hau da, klitoriaren ablazio psikologikoa emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoa da. Honen ondorioz, nahiz eta txikitan lagun minak izatera heldu, azkenean, modu artifizialean gure aluaren arerio bihurtzen gara.

Garapen psikosexualean mozketa bat pairatzen dugu, botere propioan galera sufritzen dugu eta, kasu gehiegitan, gure aluarekin deseroso sentitzen gara. Muturreko kasuetan, nazka sentitzera irits gaitezke. Nazka eta gaitzespena gizarte osora hedatu dira eta horiek gelditzeko eta aldatzeko modu bakarra sexu heziketa da. Funtsean, ablazio mota guztiak desagerrarazteko, aluaren ezagutza orokorrean sozializatzea eta neskei konkretuki nolakoa den eta zertarako balio duen irakastea premiazkoa da. •