Mikel Zubimendi

Porrot edo garaipen, iraun; pazientziaz eta kemenez

Gogoan dut, erraz, hitz bitan, XX. mendea zientziaren ikuspegitik Pedro Migel Etxenikek nola laburbildu zidan: gena eta atomoa. Edo Jokin Apalategik Euskal Herriaren historia hitz batean nola kontatu zidan: iraun. Asko ikasi nuen haiekin. Esaterako, erraza zailtasun berria dela. Zaila zail dela, baina are zailagoa erraza. Erraza ez dela erraz. Esfortzu asko eskatzen dituela, zailtasunak eskatzen dituen bezala. Ez dela zailtasuna bezain ikusgarria, baina bai eskuragarriagoa.

Porrotetik eta garaipenetik harago, irautearen praktika iraultzaileaz aritu nahi dut. Azken urteotan, protesta mugimendu eta ezkerreko aukera alternatiboen inguruko diskurtso eta analisietan bi gai azpimarratu dira: porrota eta etsipena. Izan mundu arabiarrean, Latinoamerikako bolibartarrekin, Syrizako gobernuarekin, EH Bilduren olatuarekin edo Kataluniako proces delakoarekin. Puzten duten eta puzten doan pertzepzioa da: porrota eta desilusioa saihetsezinak dira. Mugimenduok eta iraultzok, hortaz, konpondu beharreko akatsa dute: sortze beretik porrotera kondenatuta daude. Jakina porrotak eta “porrotak” daudela, eskala ezberdinetakoak, ondorio eta esanahi ezberdinak dituztenak. Ez ditut nik denak berdinduko, “porrotaren” ikusmolde uniforme bat eskainiz testuinguru eta baldintza ezberdinak ezabatuz, porrota erromantizatuz.

Aitzitik, mugimenduok porrota dutela amaiera idatzia dioen ideia desafiatu nahi dut. Hasteko, dikotomia hertsi horretan, zer den porrota eta zer garaipena, nork epaitzen duen, noiz, non, zergatik, zeinentzat jarri nahi dut mahai gainean. Eta gero, bada beste kontu bat ere, prozesu politikoetan, depresio eta desilusio sentimenduak, porrot eta desmotibazio momentuak, borrokan irautearen pil-pilarekin, motibazio, mobilizazio eta antolakuntzarekin batera existitzen dira. Bestalde, mugimendu iraultzaile baten garaipena sistema berri bat sortzearen araberakoa bada, iraultzaile mantentzeko ezinak markatzen du porrotaren unea. Iraultza guztiak beti geratzen direlako motz iraganeko injustiziak ezabatzerakoan. Politikaren “porrota” ez da ordena berri bat ekartzeko ezina, ordena huts bihurtzea baino. Ordenak eraldatu edo erreproduzitu ditzake, eta, horregatik, porroterako predikua altzoan darama.

Egitura hegemonikoak, definizioz, mugen artikulazioak dira: zein den parte eta zein ez, zein dagoen barruan eta zein kanpoan. Muga horien aldaketak beti sortzen ditu bazterkeria edo esklusio berriak. Politika iraultzailearen helburua, beraz, baztertuentzat aukera eta espazio berriak eskaintzea da. Momentu politiko erabakigarri bilakatzea aurrez ikusezina zena ikusgarri eginez, inposiblea eskuragarri, protestaren zarata baino kontsideratzen ez zena hizkuntza berri bilakatuz.

Protestak emozioz beteriko une gorpuzdunak dira, elkartasun, eszitazio eta mobilizaziorako momentuak. Badira beste une ez hain ikusgarriak, baita esklusio eta desilusio momentuak ere: instituzionalak, burokratikoak, hotzak, desmotibatzaileak. Praktika ez hain ikusgarriok, baina, ez dute estetika iraultzailearen elementu ikusgarrienek baino garrantzia gutxiago.

Porrotak laguntzen du iraultza iraupen eta jarraitutasunezko ariketa bihurtzen, ez delako ezeren amaiera, prozesu eraldatzaileen parte osagarri baizik. Pazientzia eta iraun, pertseberantzia eta kemena, orainean irauten duten praktika horiekin etorkizuna eraikitzeko teknika kolektiboak sortzen direlako. •