Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Valls

Paristik etorri da artista baten moduan: Manuel Valls du izena eta Bartzelonako alkate izan nahi du, kosta ahala kosta. Macronen kalabaza jaso eta en marche jarri da Kataluniako hiriburura bidean, lerroburu dezente utziz bidean, horien artean atentzioa eman didan bat: Bartzelonak «hiri-estatu» baten moduan jokatu behar duela aldarrikatu du, tinko. Konnotazio politikoa Sagrada Familiaren tamainakoa da: hiri-estatua, ez estatu bateko hiriburua, eta hor konpon Marianton lurraldea.

XX. mendearen hasieran, Gabriel Alomar idazle mallorcarrak “Catalunya-Ciutat” kontzeptua sortu zuen, Noucentisme mugimenduaren ikurretariko bat bilakatuko zena. Prat de la Ribak, Eugeni d’Orsek, Puig i Cadafalchek, Rubio i Tudurik, Maria Montessorik… arrazoiak eta hezkuntzak gidaturiko progresoan sinisten zuten, hiriak eta modernitateak ordezkatzen zuten amets etiko-estetikoa. Funtsean, lurralde osoa hartuko zuen proiektu progresista bat aldarrikatzen zuten: hizkuntza batu eta egituratua, eskolak eta liburutegiak, trenbideak eta komunikazioa. Hori guztia zen haientzat hiria, eta horrela ulertu behar dira Marti i Juliaren hitzak, zioenean abertzaletasunaren helburua Katalunia osoa “hiri” izatea dela. Bernardo Atxagak izango zuen horren guztiaren berri, jarraitzaileek zein arerioek oso ongi ulertu ez zuten “Euskal Hiria” kontzeptua erditu zuenean.

Lurralde antolaketaren ikuspuntutik, Katalunia Hiriak sare polizentriko batekin luke zerikusia, udalerrien, zerbitzuen, naturaguneen sarearekin. Noucentistek hiriaren eta eskualdearen arteko koherentzia bilatzen zuten, alegia, herrialdearen eta hiriburuaren artekoa, eta ildo horretatik uler daiteke “Catalunya-Xarxa” (Katalunia Sarea) kontzeptu garaikideagoa. Lurralderik gabeko hiriaren ideologia distopikoa aldarrikatzera dator Valls, Singapur bat Mediterraneoan, ulertu gabe hiriak eta lurraldeak elkar elikatzen dutela, eta, ondorioz, hiriburuak ezin duela izan lurraldeari bizkarra ematen dion hiri-estatu bat, lurralde osoak aurrera egin dezan motorra baizik.

Duela hilabete batzuk Londresi buruzko artikulu argigarri bat zekarren «The Guardian»-ek. Zioen Londres Britania Handiko zulo beltza bihurtu dela, handiegia dela bere nagusitasuna beste hiriekiko, herrialdea bere osotasunean kaltetzeraino. Tarteka antzeko hausnarketak irakur daitezke han-hemenka Parisi eta Madrili buruz ere, hiri txikiagoen sare dentsoetan oinarritutako lurraldeekin alderatuz. Bartzelona bera ere dinamika horretan erori dela maiz entzuten da Katalunian. Gauza bat delako makrozefalia –mugimendu noucentistak Bartzelonari arazorik gabe aitortzen ziona– eta beste gauza bat dena xurgatzen duen zulo beltza. •