Ibai Azparren Eguillor

ASKATASUNERAKO HAUTETSONTZIAK

Hautetsontziak izan ziren urriaren 1eko ikurrak, eta herritarrak, historiaren lekuko. Urtebetera, gertatu zena adierazteko, hainbat artistak beren sormena eskaini dute eta erreferendumeko botoak biltzeko kutxekin egindako obren bitartez errepresioa salatzeko beren aletxoa jarri dute.

Bartzelonako Ramblak ibiltoki enblematiko eta neurotikoaren bukaeran, turistak “I love Barcelona” kamisetak jantzita terrazetan litroko garagardoak edaten ari diren tokitik gertu, baina turismotik aldenduta, erakusketa bat bisita daiteke, duela urtebete herri baten desirak bortxaz mugatu zirela gogora ekartzen duen erakusketa: “55 urnes per la llibertat”. Arts Santa Monica museoan eta azaroaren 25era bitartean, Kataluniako 55 artistak hautetsontziak baliatuta egindako obrak jarri dituzte ikusgai. Izan ere, ustez Maternidad de Elnatik ekarritako eta milaka beso anonimo eta ikusezinen bitartez zabaldu ziren kutxa horiek hauteskunde egun historikoaren neurria hezurmamitzen dute. Polizia espainola hautetsontziei segika ibili zen arren, Kataluniako herri guztietan “mirakuluz” agertu ziren goiz hartan.

Orain, artista horiek guztiek demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa erakutsiz burututako lana preso politiko katalanen familiei laguntzeko elkartasun kutxarako utzi dute.

«Katalunia honela imajinatzen dut: gotorleku tinko eta sendoa, jendearen indarrak bateratzen dituena eta horiek giza gazteluetan bezala eraikitzen dituena». Horrela definitzen du bere obra Jacquie Barralek –lehenengoa alboko orrialdean–, ekaitzen aurrean altuera irabazten duen itsasargi gisa, hain zuzen. Nora Ancarolak, berriz, boto-ontzia, urrezko ogiz estalita, altxor bat balitz bezala agertzen du. Alabaina, sarrera itxita dago, itxigailuak haien adierazpenaren ate irekiak izango diren esperoan. Jesus Galdonen obrakohautetsontziak bozkatzeko ekintza bera festa gisa islatzen du, festak askatasunerako eremuak direla aintzat hartuz.

errepresioa

Gotorlekuak, altxorrak eta festak, ordea, ezerezean gelditu ziren erreferendumaren egunean, Segurtasun Indar eta Kidegoen borrak eszenan agertu zirenean. Zauriak, biolentziaren erresumina eta mendekua legitimotzat jo zituen Borboiak Espainiaren batasuna babesteko, Kataluniako memorian gelditu den urriaren 3ko diskurtsoan. Hori islatu du “En mesón Felipe, quien no paga...¡cobra!” obran Franc Aleu artistak. Egurrezko bate batean “El preparao” irakur daiteke, Felipe VI.a errege espainiarraren ezizena. Bate horrek, egilearen iritziz, katalanen ahotsak isilarazi nahi izan zituen.

Orduan, indarkeria poliziala justifikatzeko propaganda aparatua martxan jarri zuten unea iritsi zen, Ryszard Kapuscinski kazetariak hainbestetan eta ezin hobeki deskribatutako momentua, zeinean prentsa tradizionalak funtzio soziala alboratu, eta boterearen estruktura ustelei zerbitzatzeko protokolo zaharkituari ekiten dion. Hain zuzen, hedabideen jokabidea hartu du oinarri gisa Esteve Sabench artistak “Tardor 2017, mentrestant el vot brota” obran; 2017ko udazkeneko prentsako titularren oinarri baten gainean botoz beteriko hautetsontzi bat ernatzen ageri da, informazioa propaganda eta gutxiespen bihurtu zela iradokiz. Egilearen ikuspegitik, nahiz eta errepresioa handiagotu, boto independentistak ere gora egiten du hauteskunde bakoitzean. Dena den, errepresioak bere horretan dirau eta bozketa ahalbidetu zutenak kartzelan daude. Lider independentisten ohoretan eta kartzelariak ez ahazteko saialdian, Pere Bellesek horrela definitu du “Paraula” lana: «Kaiola bat, herrialde bat definitzen duen bandera, Katalunia. Hautetsontzia daraman herrialde bat, bere etorkizuna erabakitzeko. Kaiolan dagoen herrialdea. Kaiolaren koloreek kartzelariak ordezkatzen dituzte: laranjak, Ciudadanos; urdinak, PP; gorriak, PSOE; 155. artikuluaren alderdiak. Hitzik ere ez».

Espetxeratutako hautetsontzia, kartzelatutako botoa, alferrikakoa da, zulatutako hautetsontzia bezain alferra, demokrazia baliogabetzen du. Delphine Labedanek “Democràcia perforada” deitu dio bere obrari. Zulatutako kutxak urriaren 1a posible egin zuen herria omentzen du.

errepublika zerumugan

Suntsitutako hautetsontzia sortu du Miquel Arnaudiesek ere, baina bere obra harago doa. Pinturak Muriel Casals politikariaren hitzei aipamena egiten die: «No som aquí per buscar un somni, nosaltres som el somni» –“Ez gaude hemen amets bat bilatzeko; geu gara amets hori”–. Artistak «ja no és un somni» –“jada ez da ametsa”– baieztatzen du obran: Errepublika urriaren 27an aldarrikatu zen.

Arts Santa Monica museo ilunean, hautetsontziez gain, pantaila handietan, erreferendumaren egunaren gaineko dokumentala ikus daiteke. «Bai, Errepublika zerumugan», dio hautesle batek botopapera eskuan duela. Errepublika ez da iritsi, baina iritsiko den esperoan dago Pascal Comelade. Bere obran, adierazpide plastiko eta musikalek lokarri gogorrak dituzte. Bertan, hautetsontzia konpromisoa hartzen duen musika-tresna da. “El Republicòfonek” si nota seinalatuz Errepublikarantz gidatzen gaitu.

Bederatzi artista hauen obrek, beste 46 obrarekin batera, 2017ko urrian gertatutakoa adierazten dute. Gaur, 2018ko urrian, Santa Monica museotik ateratakoan “I love Barcelona” kamiseta daramaten eta litroko garagardoak edaten dituzten turisten artean pankarta handi bat ikus daiteke: «Llibertat presos politics».