Nekane Zinkunegi Barandiaran

Inguruaren ajeak

Eguneroko zamaren nekeak eraginda edo, azkenaldian, bi multzotan sailkatu dut inguratzen nauen jendea. Badago jendea kritika eraikitzaileak egiten ez dakiena, ura pasatu ondoren urtegia egin beharko litzatekeela aholkatzen duena, besteren lanari baliorik aitortzen ez diona, besteen lanari prezio baxua jartzera ausartzen dena, eta ustezko negoziaketetan astotik jaisteko prestasunik izaten ez duena. Badago jendea besteek zer egin beharko luketen esan bai baina zerbait egiteko eskatzen zaionean beti okupatuta dagoena. Eta, nola ez, badago pasatutako garaiak beti hobeak zirela nostalgiaz oroitzen duen jendea ere. Egunerokoa hura gabe errazagoa izango litzatekeela erakusten dizun jendez inguratuta bizi zara, eta badakizu.

Baina, zorionez, badago bestelako jendea ere. Badago egiten duzun ahalegina aitortzen eta eskertzen dizun jendea. Baita egunero esku artean duzun lan mordoaren jakitun izan eta esku bat botako dizuna ere, zuk eskatutakoa ematen saiatuko dena edo eskatu gabe zerbait eskaintzeko prest egongo dena. Kritikak hobetzeko ikuspegiz egiten dituen jendea, eta giro ona sortzeko bere onena eskaintzen duen jendea. Zoritxarrez, aurreko multzoan aipatutako jendearen erruz erre eta zure ondotik aldentzen da bigarren multzo honetako jendea, eta orduan ohartzen zara egunerokoa zenbat errazten zizun. Baina urrutiagotik bada ere, badakizu ondoan izango duzun jendea dela. •