10/11/2018

Chronique
 
MIGRATZAILEEN «KARABANA» SAN CRISTOBAL DE LAS CASASETIK IKUSITA

San Cristobal de las Casasen, Chiapasen, dagoen Junax Boluntarioen Zentroan kudeaketa lanetan aritzen da Ostaizka Serra. Uneotan, Erdialdeko Amerikako migratzaileen «karabanak» dituen beharren jarraipena egiten duten behatzaileekin ari da. Mexikotik idatzi du ondorengo kronika.

Ostaizka SERRA
1110_gaur8__karabana2

Agintarientzat «migratzaile ona» legeari men egitera behartutakoa da, hau da, azkenerako deportatzen utziko dena, eta, «migratzaile txarra», legalitatea urratzen duena, hau da, desobeditu eta muga zeharkatzea lortzen duena

Mezu arrazistak saihesteko, migratzaileekin lan egiten duten erakundeek ezinbesteko ikusten dute gizarte zibilari bizi duten egoera erreala azaltzea, Erdialdeko Amerikako herrialdeetako egoera sozioekonomikoa ezagutaraztea

Bi aste baino gehiago dira Erdialdeko Amerika eta Mexiko hizpide direla ezaugarri bereziak dituen mugimendu migratzailearen lekuko izaten ari direla eta. Lau dira jada Chiapas zeharkatu duten edo oraindik zeharkatzen ari diren migratzaileen “karabanak”. Gertatzen ari denak iparraldera heltzea helburu duten migratzaileen fenomenoaren atzean dauden erro sakonak azaleratu ditu; duintasuna bidaide, beraien herrialdeetan bizi duten pobrezia eta indarkeria atzean utzi nahi dute migratzaileek; norbanakoen, familien, komunitateen eta herrien segurtasuna eta bizi kalitate aukerak ozen aldarrikatzen dituzte behartutako ekimen honekin.

Ciudad Hidalgora, Mexikoko mugako lehen hirira, iritsi zen lehendabiziko behatzaile brigadaren arabera, exodo honetan 8.000 pertsona parte hartzen ari dira. Migratzaileen %30 haurrak eta nerabeak dira; emakumeekin batera, migratzaile guztien %50 baino gehiago dira.

Mugimendu migratzaileok aurreikuspen politiko eta instituzional guztiak gainditu dituzte, Chiapaseko behatzaile taldeen hitzetan. Migratzaileei laguntza emateko asmoz, bidean zeharreko herri eta hirietan brigadak antolatu dira; elizetako kideak, gizarte zibileko ordezkariak, gobernuz kanpoko erakundeetako boluntarioak, herrietako udalak lanez gainezka daude Chiapas osoan. Migratzaileek aurrera egin ahala, berdin gertatzen da ibiltariek igarotzen dituzten gainontzeko estatuetan ere.

Behartutako migrazioon helburua Mexikon edo Ameriketako Estatu Batuetan babesa eta ongizate integralerako aukerak lortzea da, eta migratzaileak bidea egin ahala ari dira antolatzen. Horregatik, giza eskubideen arloan eta migratzaileekin lan egiten duten elkarte eta kolektiboek diotenez, fenomeno migratzaile honi ezin dakioke “karabana” deitu. Aurreko urteetako karabana migratzaileek agenda zehatz bat zuten, denborak eta lekuak ondo finkatuta zituzten. Exodo migratzaileon kasuan, aldiz, ez dago ez egiturarik ezta antolaketa zehatzik ere. Hala ere, esan beharra dago migratzaileek hartutako bidearen arriskuak ezagutzen dituztela, hori horrela, erabakiak egunez egun hartzen dituzte asanbladan, beharren eta gertakizunen arabera. Informazioa aldatzen doa une oro eta elkartasun elkarteak eta gizarte zibila aldaketon erritmora antolatzen ari dira.

Material bilketa, kezkak eta beldurrak

Jakina da historikoki Chiapas mugimendu migratzaileen pasabide edo harrera puntua izan dela Erdialdeko Amerikako, Hego Amerikako eta Karibeko migratzaileentzat. Lurrotan pertsonen mugimenduak betidanik eman dira eta asko dira antolatuta dauden taldeak, erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak, gizarte zibileko kideak. Iparralderako bidea ez da erraza: indarkeria, heriotzak, desagerpenak ohikoak dira migratzaileen artean. Gauzak horrela, bidea elkarrekin egiteak arrisku eta trabak gainditzen laguntzen du. Baina, lurrotan babes sare indartsua izanagatik, ia 10.000 lagunen beharrei erantzutea ez da erraza izaten ari. Laguntza estatuka ari da antolatzen, eta lehentasuna material bilketari eman zaio (janaria, arropa, medikamentuak, haurrentzako gauzak).

Chiapaseko San Cristobal de las Casas hirian, Caritas erakundearen babesarekin bost bilketa gune antolatu dira bai lehen migratzaile taldearen bai bidean datozenen beharrei erantzuteko. Gobernua ere saiatu da laguntza sarera batzen, baina exodoko kideak ez daude prest hori onartzeko; xantai arriskuaren sentimendua handia da, eta orain arteko deportazioetan erabilitako indarkeriak beldurra zabaldu du taldean.

Argi dago beldur eta kezkok oinarri sendoa dutela. Urriaren 19an, esate baterako, Suchiate ibaia gurutzatzeko zubian, hau da, Mexiko eta Guatemalaren arteko mugan, Polizia Federalak eta Mexikoko Migrazio Institutuak bidea itxi zuten. Migratzaileak zubian harrapatuta gelditu ziren. “Karabanako” bozeramaileek diotenez, batzuek harriak jaurti zituzten Polizia zegoen tokira eta poliziek gas negar-eragilea jaurtiz erantzun zuten; zubian zeudenak inguratuta geratu ziren eta itolarri kasuak eman ziren.

Ciudad Hidalgo eta Tapachula artean, AEBetan ohikoa den bezala, bozgorailu bidez zuzendu zitzaizkien migratzaileei, beraien egoera legeztatzeko eskatuz; hori egin ezean legea beraien gain eroriko zen mehatxua ere zabaldu zuten, noski. Zemai horrekin hasi eta jarraitu behar izan dute bidea Erdialdeko Amerikako herritarrok.

Migratzaileen gaineko jazarpena justifikatzeko, Enrique Peña Nietoren agintaritzak bere kanpaina propioa hasi zuen ibiltariak Mexikora iristean, errepresioa justifikatzeko, gizartea banatzeko, xenofobia eta arrazakeria zabaltzeko. Helburu horrekin, Erdialdeko Amerikako herritarrok bi taldetan banatu zituen: “onak” eta “txarrak”. “Migratzaile onak” lege prozesuei men egitera behartzen dituztenak dira, hau da, azkenerako deportatuak izango direnak, eta, “migratzaile txarrak”, berriz, legalitatea urratzen dutenak, hau da, desobedientziaren bidetik muga legez kanpo zeharkatzea lortuko dutenak.

Gauzak horrela, giza krisi honen aurrean Mexikoko Gobernuaren jarrera ikusita, migratzaileekin lan egiten duten erakundeek ezinbesteko ikusten dute gizarte zibilari Erdialdeko Amerikako herritarron egoera erreala azaltzea, zein den beraien herrialdeetako egoera sozioekonomikoa, segurtasun egoera. Asmoa argia da: migratzaileon hautua ulertaraztea eta mezu arrazistak eta xenofoboak gelditzea. Horretarako, babes sareak eta elkartasuna ezinbestekoak dira. Argi baitago Gobernuaren beste helburuetako bat ahalik eta pertsona gehien deportatzea dela. Horren adibide dira Polizia Federalak eta Mexikoko Migrazio Institutuak nonahi eta noiznahi ezartzen dituen miAgrazio kontrolak, oinarrizko giza eskubideak urratzen dituztenak.

Urriaren 22an gertatutakoa da Mexiko agintarien jokabidearen erakusle argia. “Karabanako” kideak sakabanatzen hasi ziren, osasun arrazoiengatik eta nekeagatik zenbait pertsona atzean geratu baitziren. Hori baliatuta, Ciudad Hidalgo, Tapachula eta Huixtla tartean, Polizia Federala sarekadak egiten hasi zen pertsonok atxilotu eta deportatzeko. Aste berean, Oaxacara heldutako migratzaileei bidea ixten ahalegindu zen Polizia goizaldean, nahiz eta azkenean aurrera egitea lortu zuten.

Lehenengo taldeak Mexikoko muga igaro eta hiru egunera, Poliziak 26 urteko Honduraseko gazte bat hil zuen gomazko pilota batekin Suchiate ibaian. Bigarren taldeko kidea zen, eta, berarekin batera beste 2.500 lagun zetozen. Bigarren hildakoa zen dagoeneko, kamioi batera igo nahian erorita 22 urteko beste gazte hondurastar bat hil baitzen lehenago Huixtlan. Zauritu ugari ere badira, eta ez bakarrik indar polizialen eraginez, baizik eta bidea oinez egiteak dakarren ahaleginengatik.

Zailtasunak zailtasun, Tecun Umanera hirugarren “karabana” bat heldu zen egun berean, El Salvadorreko 300 herritarrekin. Erdialdeko Amerikako herrialdeak Chiapasen duen Enrique Azucar Hernandez kontsula, bertara gerturatu zen bere aberkideei Mexikora sartzeko modu egokiena errefuxiatu bezala sartzea zela esanez. 40 pertsonez osatutako taldeetan igaro zuten muga, taldea zatituz. Feria Mesoamericana aterpetxera eraman zituzten, berez aterpetxea dena baina talde ez estatalek gune migratoriotzat hartzen dutena.

Uneotan, lehen taldea jada Oaxacan dela, Mexiko Hirira iristeko asmoa gero eta sendoagoa da. Taldea bitan banatu dela nabarmendu behar da, batzuek argi baitute Tijuanara iritsi nahi dutela, eta, beste batzuek, ordea, Mexiko Hirian gelditzea baitute buruan. Juchitanen zeudela, ibiltariak garraiatzeko prest ziren 70 autobus bildu ziren zibilen eta hainbat erakunderen eskutik, baina, Mexiko Gobernuaren presioaren ondorioz, bertan behera gelditu zen proposamena. Horrela, azaroaren 1ean Matias Romerora oinez joateko erabakia hartu zuten migratzaileek, Veracruzeko bidea hartzeko asmoz, nahiz eta bertako arriskuen jakinean egon: bahiketak, hilketak, krimen antolatua, pertsonen salerosketa... Baina oinez joateko bide errazena da, beraz, esku artean duten aukera hoberena.

Azaroaren 2an, jada Matias Romeron, antzeko proposamen bat jaso zuten migratzaileek. Miguel Angel Yunes Veracruzeko gobernadoreak 160 autobus eskaini zizkien Mexiko Hirira joateko, baina, gero, atzera egin zuen. Taldeak komunikatu bat zabaldu zuen gertatua salatzeko, eta Miguel Angel Yunesen jokabidearen ondorioz “karabana” are eta gehiago zatitu dela azaldu zuen; gizon gazte eta osasuntsuek aurrera egiten dute, eta, haurrak, gazteak, zenbait emakume, familiak, osasun arazoak dituztenak, atzean geratzen dira.

Azaroaren 2an bertan, laugarren “karabana” bat heldu zen Talismaneko mugara, Suchiate ibaia zeharkatu asmoz. Bertan zeuden 30 bat poliziek ezin izan zituzten 2.000 migratzaileak gelditu; batera sartu ziren hesia hautsita. Hirugarren hildakoa talde horretako kidea zen; deshidratatuta hil zen 33 urteko gazte bat.

Bide luze eta oztopoz betea dute oraindik aurretik migratzaileek, baina argi dute beste aukerarik ez dutela. Egungo sistema kapitalistak babesgabe uzten ditu Erdialdeko Amerikako pobreak; enpresa transnazionalen menpe den sistema ustelak, indarkeria, miseria eta lur desjabetzeak besterik ez ditu sortzen, exodo masiboa eraginez. Jada 10.000 baino gehiago dira denok ikusteko moduan, ezkutatu gabe, iparraldera bidean Mexiko taldean oinez zeharkatzen saiatu direnak. Mexikoko Gobernu Idazkaritzaren arabera 2.934 dira errefuxiatu estatusa eskatu dutenak, mila inguru deportatu dituztenak eta beste hainbeste beraien kabuz, nekearen ondorioz, bueltatzea erabaki dutenak. Gertatzen ari dena, baina, ez da jazoera puntuala, Erdialdeko Amerikako egoera aldatzen ez den artean fenomenoa areagotu besterik ez baita egingo. Elkartasuna ezinbestekoa izango da egoerari aurre egiteko. Bizitzaren aldeko apustua egin duten pertsonak besterik ez dira.