Isidro Esnaola

Enpresa teknologikoak Gosplan berria bilakatu dira

Sarean edozein orrialdetan sartuz gero, berehala agertzen dira publizitate mezuak. Batzuetan ematen du makinak guk geuk baino hobeto dakiela zer nahi dugun edo zeren bila gabiltzan. Zehaztasun hori lortzeko gure datu pribatuak erabiltzen dituzte: zer irakurtzen dugun, zer gustatzen zaigun… Baina datuok ez dira publizitatea bideratzeko soilik erabiltzen.

Cambridge Analytica konpainiaren eskandaluak argi eta garbi erakutsi zigun datu pribatuak norberaren jarrera politikoan eragiteko, eta, azken finean, hauteskundeak irabazteko, erabil daitezkeela. Horregatik oso kezkagarria da asteon bertan Estatu espainoleko Senatuan onartu den eskubide digitalen inguruko legea. Arau horrek, esate baterako, ahanztura eskubidea babestearekin batera, alderdi politikoei aukera ematen die gure jarduera digitala arakatzeko eta publizitate pertsonalizatua bideratzeko. Herritarren datuen babesa eta eskubide digitalen defentsa bermatu behar duen organo legegileak berak zirrikitu bat utzi du irekita alderdi politikoentzat, legea urratu dezaten hauteskunde lehian. Eta alderdien atzetik, enpresa digitalak ere ibiliko dira herritarren datuok arakatzen eta lantzen. Azken finean, plataforma digitalok herritarrek baino hobeto dakite norberak zer behar edo nahi duen. Martxa honetan zeregin horretan ere merkatua ordezkatuko dute; beharbada, dagoeneko egin dute. Liberalek merkatu librea aldarrikatu dute etengabe, baina, bat-batean, konturatu gara enpresa teknologiko gutxi batzuk merkatua ordezkatzen ari direla, Gosplan berria (Sobietar Batasuneko planifikazio organo gorena) bilakatu direla.

Paradoxikoki, liberalak izan ziren Errusiako Iraultzaren ondoren eztabaida handia piztu zutenak ekonomia planifikatuaren inguruan. Ekonomialari askok parte hartu zuten eztabaida hartan. Abiapuntua Ludwig von Mises Austriako ekonomialari liberalak jarri zuen, 1920. urtean. Artikulu batean, merkatutik at kalkulu ekonomiko arrazionalaren existentzia bera ere ukatu zuen. Austriarraren iritziz, merkatuen bidez sortutako prezioak dira adierazle objektibo bakarra baliabide urriak modu egokian esleitzeko. Merkaturik gabe, prezioek ez omen dute informazio egokirik ematen, eta, hortaz, sistema ekonomikoak ez du behar bezala funtzionatzen.

Kontrako posizioa babesten zuen Oskar Lange ekonomialari poloniarrak. Langek eredu bat ere proposatu zuen: proba eta errore interakzio sistema zentralizatu batekin posiblea da baliabideen banaketa efizientea lortzea. Eztabaida teoriko hori neurri batean praktikoa ere izan zen. Sobietar Batasuneko plangintza zentralizatuko ekonomiak 70 urte iraun zituen. Orain sistemaren porrota gogoratzen da soilik, baina pasa den mendearen erdialdean munduko erreferentzia bilakatu zen, merkatu ekonomiaren aurrean ordezko bide gisa. Ekonomialari batzuek bi sistemon arteko konbergentziaren inguruan ere teorizatu zuten.

Gosplan sobietarra desagertu zen, hala ere, gaur egun bere lekua Google, Facebook edo Amazon bezalako enpresa teknologiko erraldoiek hartu dutela ematen du. Enpresok gure datu pertsonalak erabiliz baliabideen banaketa antolatu dezaketela demostratzen dute egunero. Merkatu librea sistema eraginkor bakar gisa aldarrikatzen zuten haiei, egungo plataforma teknologikoen praktikak arrazoia kentzen die. Eta eskubide digitalen inguruko legearekin gertatuak erakusten du Estatuak ez duela betetzen bere erregulazio papera. Merkatuaren gainetik Gosplan berria dugu, eta, gainera, pribatua da. •