Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Erabaki

Udaberria izan nahi duela erabaki du udazkenak. Eta ez da azaro erdira arteko hego-haize eta kanpo-giroagatik soilik izan. Udazkena iritsi eta kolpera atera gara kalera, aspaldi sentitu gabeko dinamismoz eta erritmoz. Manifestaldi, gogoeta, jardunaldi eta dena delakoz bete dira kaleak, eta erotuta gabiltza batetik bestera, antsietateak jota ia, olatu artean harrapatutako oholak bezala; olatu bat igarotzerako bestea datorkigula, jada ze olatutan gabiltzan ere ahaztuta.

Udaberri izatea erabakitako udazkenean galdeketa bat iritsi zitzaigun Donostiara. Hautesleku bilakatutako plaza eta kale ertzetan igaro genuen igandea, peto horidunen arteko hara-hona urdurian, soziologo eta analista politiko inprobisatu bilakaturik. “Eguerdirako %6a zen, %10etik igaro baietz iluntzerako” eta antzeko balorazio estatistikoen artean igaro genituen orduak, aspaldi agurtu ere egin ez gintuen auzotarra mahaian gure aldamenean lau t’erdiko finalaren emaitzaren berri galdezka genuela. Balorazioetan entzun genuen datuak baino garrantzitsuagoa zela ariketa bera.

Atzo, berriz, Euskaraldia abiatu zen. Estatuek mugaz, mundu erreferentzialez eta hizkuntzaz zatitutako Euskal Herriko lurralde guztietako herritarrek gure hizkuntza-hautua esplizituki agertzeko aukera izango dugu, ahobizi edo belarriprest bilakaturik. Erabakitzekoa, alegia. Erabakia ez da, noski, norbere ardura bakarrik, erabaki duenak bitartekoak ere behar baititu erabaki duen hori gauzatzeko. Gazte bekadun batek gurasoen etxea uztea erabaki dezake, baina nekez hartuko du etxerik alokairuan.

Udaberri izatea erabaki du udazkenak, eta badago udaberriak udazken izatea erabakitzeko arriskurik ere. Jada «hauteskunde» hitza dabil bazterretan (sekula bukatzen al dira hauteskunde kanpainak?) eta badirudi alderdien arteko su artifizialek albo kalterik eragin aurretik etxeko lanak bukatu nahian ari garela. Euskara ez dugulako lohi horiekin zikindu nahi eta erabakitze eskubidea lokatzetatik erreskatatu nahian ari garelako. Baina borondate politikorik ezean beti egoten da ariketak ariketa hutsean geratzeko arriskua.

Egongo da erabakitze eskubidea aldarrikatzeak bereizi egiten gaituela esango duenik; euskaraz bizitzeko ariketa erasotzat hartuko duenik. Gure etorkizunari eta gure hizkuntzari buruz erabaki nahi izatea gatazkatzat hartzen duenik. Biak direlako gatazkak azaleratzeko moduak. Baina goizero zazpietan jaiki eta lanera abiatzen garenean ere hortxe jarraitzen du gatazkak; inor mintzeko beldurrez gazteleraz ari garenean ere hortxe jarraitzen du gatazkak; bilera batean gure deserosotasuna isiltzen dugunean, zineman euskarazko filmik ez daukagunean, lagunari bestelako harreman mota bat nahi dugula esaten ez diogunean... gatazkak hortxe jarraitzen du. Eta ezer erabakitzen ez duenak, zer erabakitzen du? •