Pello Otxandiano

«Geroa Elkar-Ekin»

Gaur emango zaio bukaera Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko kongresuari. “Geroa Elkar-Ekin” lemapean azken bi urteetako ibilbidearen emaitza jaso duen kongresuak Oñatin izango du gaur amaiera, liburu zuri baten lehen bertsioan jasota euskal lurraldeen kohesioa eta elkartasuna indartzeko proposamen sorta bat, etorkizuneko agenda sozial eta instituzionalen oinarriak finkatzen lagundu dezaketen agertokiak eta arkitekturak. Kongresua hurbiletik jarraitzeko aukera izan dut eta uste dut jarri den abiapuntua interesgarria dela oso.

Kongresuan zehar behin baino gehiagotan aipatu denez, duela 100 urte Eusko Ikaskuntzak rol garrantzitsua jokatu zuen Euskal Herriak modernitatearen olatua hartzeko –edo olatu horrek irentsi ez zezan– beharrezko pentsamendua sortuz eta herri-erakundeak sustatuz. Mende bat igarota globalizazioaren tsunamia dugu gainean, modernitate kapitalistaren krisi globala, eta orduko hartan bezalatsu –agian are modu larriagoan–, ezinbestekoa zaigu herri gisako begirada sakon eta pausatua etorkizun ziurgabean ere euskaraz bizi nahi duen komunitateak irauten jarraituko badu. Nazio eztabaidagune bat eskaini du Eusko Ikaskuntzak kongresu honen bidez, jaiotzean bete zuen funtzioa berrartuz eta barreiaturik dauden euskal gizarte zibilaren energiak artikulatzen saiatuz.

Datozen garaietan gizarte zibilaren parte hartzea determinantea izango delakoan nago. Hala iradokitzen du globalizazio kapitalistaren ezaugarri den sistema politikoaren krisiak. Alderdien, sindikatuen, instituzioen sinesgarritasun galera demokrazia liberalaren krisiaren ondorioa da, Euskal Herrira ere iritsi dena ezaugarri propioekin bada ere. Eraldaketa prozesu orok inoiz baino gehiago beharko du gizarte zibil antolatuaren taupada indartsua. Euskal gizarteak badu sena eta badu gaitasuna erreakziorako, erakusten ari da neurri batean gaitasun hori askotan aipatu izan dugun bezala.

Modu erreaktiboan baino proaktiboan erantzuteko gaitasuna, ordea, ahulago ikusten da gaur-gaurkoz. 1.000 lagun inguruk hartu du parte kongresuaren prozesuan aldez edo moldez. Parte hartzeko deia egin da eta ekarpenak biltzeko mekanismoak jarri dira; ahalegina txalogarria da, ezbairik gabe. Lehen mugarri bat jarri da eta dena dago egiteke. Baina aitor dezagun herri proiektu baten alde dauden energia sozialak dispertsatuak eta deprimituak –ez hainbeste zentzu emozionalean, baizik sormen gaitasunari dagokionez– antzematen direla, eta kongresu honek hori ere jarri duela agerian. Faktore asko egongo dira tartean, agujeta politikoak aipatu izan dira; egia da, baita ere, horrelako ariketa batek eskatzen dituen konfiantza sareak hautsi ziren garai batetik gatozela eta konfiantza birsortzeak denbora eskatzen duela.

Agujetak sendatzeko moduetako bat gorputzari egonean ez uztea omen da, giharrak martxan jartzea, entrenamenduari berrekitea, intentsitate handian ez bada ere. Horrela ikusi dut kongresu hau: entrenamendu on bat luze gabe partidari baldintza onetan ekin ahal izateko. Partida badator eta, eta eguna eta ordua ez ditugu guk aukeratzen. Modernitate kapitalistaren krisiaren tsunamiak errotik erauziko ez bagaitu eta Estatuen inboluzio demokratikoari erantzun positibo bat emango badiogu, Euskal Herriak ondo imajinatutako proiektu erakargarri bat behar du gizarte osoarentzat. Eta itxura guztia du gizarte zibilak ireki beharko duela bidea horrelako proiektu bat gorpuzteak eskatzen duen pentsamendu estrategikoaren sorkuntzari zein mobilizazioari dagokionez. Jaume Lopezek gobernantza demokratikoaren saioan esan zuen legez, estatu baten proposamenak proiektu bat izan dezan abiapuntuan, eta ez gaitezen proiektu bat pentsatzen hasi estatu baten proposamena formulatu ondoren. •