Ula Iruretagoiena Busturia - ulissima05
Arkitektoa

Lurraldea, landa, baserria

Olentzero tripa handia, landa eremuan bizi den gizona da. Bere etxea baserri bat da adi, Googlek dio bisitagarria dela. Euskal lurraldearen identitatea landarekin lotua dagoelako, euskal sinbologia gehiena landa testuinguruan oinarritzen da. Begirada erromantiko guztiak jasotzen ditu landak, hiritar ikusmoldea salatzen duen ikusmira, hain zuzen ere. Onar dezagun: euskal lurraldea hiritarra da, urbanizazio mailan ez ezik, pentsamoldean ere bai. Lurraldea eraiki dugu hiritarrarentzat, landa eremua hiriaren ezaugarriak balitu bezala tratatuz eta eraldatuz.

Olentzero tripa handiak entendimendu handia du; landa jakintzak ematen duen jakinduria propioa, liburuek ematen ez dutena. Landa eremuan bizitzeak lurrarekiko eta paisaiarekiko lurraldetasun kultura bat eskaintzen du, hiriak zailtasunez ulertzen duena. Landako jakituria hiltzeko zorian da, eta berarekin lotutako errealitate fisiko eta materikoa –baserria eta landaren ustiapen orekatua– ere bai.

Baserrien mantenua, euskal ondarea direla ulerturik, ez da zalantzan jartzen. Bateratasuna hain da erabatekoa, ezen alderdi politikoen artean adostasuna bereziki handia den. Baserrien gainbeherari aurre egiteko unean, alderdiek ulerkera berdin bat azaltzen dute: baserriaren eta landa ustiapenaren aferak bi alor ezberdin balira bezala hartzen dira. Bata arazo arkitektonikoa omen delakoan –baserriak nola zaharberritu–, eta, bestea, lehen sektore ekonomikoa nola suspertu. Aldiz, baserriaren definizio arkitektonikoak dio baserria unitate familiar eta nekazaritza-abeltzaintza ustiapen batean kokatzen den lanerako eta bizitzeko eraikina dela. Baserriaren elementu arkitektoniko orok –hasi tamainatik eta bere erabilera-osaerarekin jarraituz, hala nola barne espazioek kanpoalderako duten joera–, landaren aktibitate eta ustiapenari erantzuten dio. Baserria kokatzen deneko landa testuinguru eta bizimodutik isolatuz gero, ez da baserria izango. Laboak aspaldi kantatu zigun hegorik gabe txoriak txori izateari utziko ziola.

Errealitatea honakoa da: gaur egun lirain dauden baserri askok ez dute landaren kudeaketarekin zerikusirik. Oraindik ere baserrian bizi direnak baserritar belaunaldien seme-alabak izango dira akaso, lurraldearekiko lotura bat izango dute, baina aurki desegingo da lokarri hori. Baserriak zutik mantentzeko nahia hain premiazkoa dugu, erditik mozteko aukera begi onez ikusi dugula. Hiritar pentsamenduak egin du posible baserria txalet handi lez ikustea, beste edozein higiezinen pareko jotzea. Baserriak berreskuratzeko bidearen bilaketan, etxebizitza kolektibo bilakatu daitezkeela eta nekazaritza eta abeltzaintza produkzioa monolaborantzaren industriarekin ustiatu daitekeela proposatzen dugunean, baserriekiko genuen erromantizismo-dosia ahitzen dugu. Ulerkera hiritar –eta ekonomiko– horren bidez, baserria, landa kudeatu eta ulertzeko modu ekologista bat eta euskal lurraldetasun bat erailtzen ditugu oharkabean. •