Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Sexu heziketa etxean

Azkenaldian, guraso asko seme-alabekin sexu heziketa lantzearen beharraz ohartzen hasi dira, gaiaz arduratzen hasi dira. Baina zalantza ugari suertatzen zaizkie: «Noiz hasi? Zeri buruz jardun? Nora arte? Eta ez badute galdetzen, zer?». Egun, familia askoren helburua ez da sexu heziketa lantzea, sexu heziketa ondo egitea baizik. Beraz, sexu hezkuntzaren lehendabiziko axiomaz jabetu dira: ezinezkoa da berau ez egitea. Azken batean, familiak dira benetan sexu heziketa egiten dutenak, baloreetan hezten dutenak, hain zuzen. Eta sexuaz ez jardutea sexu heziketa ere bada. Ondorioz, gai tabua eta berezia bilakatu daiteke. Horrenbestez, familiek, jadanik egiten ari direna hobetzeko eta kontzientzia gehiagorekin egiteko aukera dute.

Sexuari beste gai batzuei ematen diegun tratamendu bera ematea funtsezkoa da. Beste gaien inguruan mintzatzen garenean ez digu axola bizkor edo berandu hitz egiten hastea, informazio gutxi edo gehiegi ematea, seme-alabek gaiarekiko interesa edukitzea edo ez. Berdin-berdin gaia ateratzen dugu. Kasu honetan, informazio gehiegi emateak ez du desinformatzen eta ez galdetzea ez da interesa ez duten sinonimo. Ulertzen ez dutena belarri batetik sartu eta bestetik aterako zaie eta etxean gaiaz galdetuko dute baldin eta honi buruz hitz egiten dela entzuten badute. Bestela, gaia “kontrolatzen” dutenengana joko dute, nerabeengana, alegia. Gainera, garrantzitsuena ez da kontatzen duguna, baizik eta beraiek sentitzea gurekin kontatu dezaketela. Hortaz, naturaltasunez, garen bezala jokatuz eta eroso sentituz, (aurre)epaitu gabe eta adin bakoitzera moldatuz, bizitzako etapa guztietan gaiaz jardun beharra dago.

Sexu heziketa ez da doktrinatzea, beraz, esateko dutena entzuteko prest egon behar gara. Gure seme-alabek sexualitatea beste modu batean pentsatu, bizi eta esperimentatuko baitute. Azpimarratzekoa da desgaitasunen bat duten seme-alabak ere sexudunak direla eta beharrizan sexualak izango dituztela. Horrez gain, galdetzen dutena egingo dutela ez dugu inolaz ere interpretatu behar. Izan ere, umeen sexualitatea helduen begietatik epaitzeko joera dugu. Beraz, hanka sartu baino lehen eta galderak zuzenean erantzun aurretik, galderaren testuingurua arakatzea ezinbestekoa da. Horrela, informazioa nondik jaso duten eta nola barneratu duten ezagutuko dugu. Eta, bide batez, sexualitatea nola ulertu eta interpretatzen duten ere. Garrantzitsuena ez baita dakitena, baizik eta nola bizi eta bahetzen duten dakiten hori.

Familiako senide guztiak, une oro, gizon eta emakume izateko ereduak gara, baita bikote eredu ere. Hau da, eredugarriak edo ez-eredugarriak izan gaitezke. Beraz, egiten dugunarekin esaten dugunarekin baino gehiago hezi dezakegu. Baina, sexuari buruz ikasi gabe sexu hezitzaileak bagara, nork behar du benetan sexu hezkuntza? Laburtuz, sexuarekiko jarrera baikorrarekin gure seme-alaben sexualitatearen garapenean modu positiboan lagundu dezakegu. Funtsean, sexuari buruz etxean hitz egiteak, honen inguruko ikuspegi kritikoa eraikitzen lagundu eta sustatuko du; horrekin batera, sexua bera bultzatuko du. Hau da, seme-alabak, beraien sexualitatea deskubritzera, ezagutzera, onartzera, kudeatzera, maitatzera eta gozatzera bultzatuko ditu. •