Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Adaren IA

Pasa den hileko artikuluan adimen artifiziala gai hartuta IA siglekin hitz jolas arras behartua egin nuenean, ez nekien Ada Lovelaceren jaiotzaren 200. urteurrenaren atarian geundenik. Are, ez nuen pertsonaia larregi ezagutzen, ez eta adimen artifizialaren teorizazioan egin zuen jatorrizko ekarpenaren berri ere. Zutabe honetara adimen artifizialaren gaia ekarri dudanetan Alan Turingen erreferentzia eman dut beti eta bere testa ezarri makina batek adimena ote duen diskriminatzeko. Test horren arabera, makina batek adimen artifiziala duen froga litzateke gizaki batek ezin duenean bereizi makina batekin ala gizaki batekin ari den solasean. Eugene Goostman makinak duela lau urte gainditu zuen proba hori lehendabiziko aldiz, epaile zen gizakiak benetako haurtzat hartu zuenean.

Ada Lovelace, baina, Turing baina mende bat lehenago aritu zen bere senarra zen Charles Babbageren makina analitikoaren balizko gaitasunen gainean hausnartzen. Batetik, makina analitikoaren bidez Bernouilliren zenbakiak kalkulatzeko algoritmoa idatzi zuen Lovelacek, ordenagailu baten programa gisa har daitekeena, eta, hortaz, historiako lehen programatzaile gisa kokatzen duena. Bestetik, Lovelace ohartu zen makina analitikoa matematikatik haratago aplika zitekeela, edozein informazio-mota tratatzeko, gaur egungo konputagailuen jarduna aurreikusiz, aro digitalaren profeta gisa. Zentzu horretan, makina analitikoak gizakia sorpresaz hartzeko gai izango ez zirela postulatu zuen, hots, makinak ez zirela pentsatzeko gai izango, baizik eta programatuta dagoen hori egiteko gai soilik. Hori dela eta, adimen artifiziala diskriminatzeko Turingen testaren ordez, bada Lovelaceren testa proposatzen duenik. Hau da, adimen artifiziala ez dela gizakia “engainatzeko” gaitasuna, baizik eta sormena erakutsiz gizakia harritzekoa.

Adimen artifiziala zer ote den definitzeko irizpide horrek giza adimena bera zer ote den birpentsatzera narama. Inolako sormenik erakutsi barik, inor harritzeko gai ez bagara, ba ote dugu orduan adimenik? Sorkuntzarako gaitasunak egiten gaitu gizaki Lovelaceren arabera, eta, irizpide horri tiraka, ia esan liteke errealitatea eraldatzeko gaitasunak egiten gaituela gizaki. Niri gutxienez gustatu zait ikuspegi hori, are aurreko hilabeteko artikuluan ukitu nuen gaiari lotuta. Sofia makinaren gizakiaren definiziotik hartu nuen elkar osagarritzen diren adimen artifizialak garela, eta, beraz, elkar osagarritasuna bilatzea dela adimentsua izatea. Ezaugarri horri sormenarena gehitu nahiko nioke gaur, gizakiak harritzeko gaitasunak, jendartea eraldatzeko gaitasunak egiten gaituela adimentsu. Sofia eta Adaren IAk bat eginda, lortuko al dugu makina bilakatzen ari den jendarte hau gainditzerik? •