08/12/2018

Reportage
KLIMA, BABES ESKE
Gaur oztopoz betetako bidea hartzen duenak, bihar arrakasta gidatuko du

Europako Batzordeak aurkeztu duen klima aldaketari aurre egiteko epe luzerako estrategiak 2050. urtean kontinentean karbono dioxido isuririk ez izatea du xede. Horretarako, estatuek zein erakunde komunitarioek egungo egitasmoak aldatu eta anbizio handiagoko planak prestatu behar dituzte. Eta, noski, baita bete ere.

Jon ELGETA
1208_guar8_klima2

Erakunde ekologista batzuek txalotu egin dute klima aldaketari aurre egiteko Europako Batzordearen epe luzerako estrategia. «Aurrera egindako urrats garrantzitsua da», esan zuen Klimari Buruzko Ekintzarako Europako Sareak. Edonola ere, erakunde horrek gogorarazi du Bruselak orain proposatu dituen neurriak hartuta ere, ezin dela baztertu beroketa globala bi gradutik gorakoa izatea.

Europako Batzordeak proposatu moduan isurketak %80 murrizteko, «Europar Batasunak 2030erako ezarrita dituen helburuak igo egin beharko ditu». Egungo aurreikuspenen arabera, %45eko murrizketa lortu nahi du urte horretarako Batasunak. WWF Naturarentzako Mundu Funtsak, berriz, helburua isurketarik gabeko Europa dela esan du: «Batzordeak frogatu duenez, horrela hazkundea indartu eta lanpostuak sortuko dira, eta milaka milioi euroko onura lortuko du gizarteak osasun arloan, erregai fosilak inportatzen gastatzen diren bilioiak aurrezteaz gain».

Beste begirale batzuek nabarmendu dute jada ez dela nahikoa agintariei konpromisoak exijitzea eta derrigorrezkotzat dute mobilizazioen bidea hartzea. Daniel Tanurok “Viento Sur” aldizkarian gogorarazi du hamarkadak daramatzagula klimarekin lotutako neurrien inguruko kontuak gobernuen esku uzten eta emaitza mehatxuak gora egitea izan dela. «Benetako demokrazia alde batera utzita» ikusten du agintarien jardueran.

Tanurok elkarrekin lanean ikusi nahi ditu ingurumenaren aldeko mugimenduak, sindikatuak, nekazariak, feministak, jatorrizko herriak: «Jada ez da nahikoa haserretzea, erabakiak hartzen dituzten agintariak estutzen saiatzea. Matxinatu egin behar dugu, borrokek bat egin behar dute, manifestariek milioika irten behar dute kalera, energia fosilen inguruko inbertsioak oztopatu egin behar ditugu, lur pilaketarekin eta militarismoarekin egin behar dugun moduan». Ekintzaileek klimaren aldeko greba bat deitzea proposatu dutela jakinarazi du Tanurok.

Suteak, uholdeak, elurteak...

Eguraldiari buruzko informazioak gero eta espazio gehiago hartzen du gure hedabideetan: suteak ez direnean, uholdeak; elurtea ez bada, lehortea… Ekaitzak gero eta ikusgarriagoak dira: telebistan ikusteko propio diseinatutakoak dirudite.

Baina zientzialariek argi eta garbi esaten digute begi bistan dugun ikuskizun hori ez dela turistak erakartzeko beste tresna bat, geure bizimodua aldatzea exijitzen digun fenomenoaren adarra baizik. Eta aditu horiek beraiek gogorarazten dute klima aldaketari aurre egin nahian orain urte batzuk munduko agintariek lortutako Pariseko Akordioan finkatutako karbono dioxidoaren murrizketa helburuak ez direla beteko. Ezta pentsatu ere!

Hilaren 2an hasita, Poloniako Katowice hirian COP24 Klimaren Gailurra egiten ari dira. Hitzordu hori dela-eta, Nazio Batuek “Isurien arraila” izenburuko txostena eman dute ezagutzera. Datuak oso kezkagarriak dira: negutegi efektua eragiten duten gasen isurketak gora egiten jarraitu zuen 2017an (karbono dioxidoari dagokionez, 53,5 gigatona, aurreko urtean baino 0,7 gigatona gehiago). Mundu osoaren barne produktu gordinak gora egin izanak eragin du bilakaera hori.

Gauzak horrela, txostenaren egileek diote bi graduko beroketa baino handiagoa saihestu nahi baldin bada, 2030erako “Isurien arraila” erabat itxi beharko litzatekeela. Horrek eskatuko luke 2030ean 2017an baino %25 gas gutxiago isuri beharko litzatekeela. Anbizio gehiagoz jokatu eta beroketaren marka 1,5 gradutan ipiniz gero, gaur egun egiten den ahalegina boskoiztu egin beharko litzateke. Gaur egungo jarrerari eutsiz gero, mendea bukatzerako hiru graduko beroketa izango genuke, eta are handiagoa hortik aurrera, egun egiten diren kalkuluen arabera.

Joyce Msuya Nazio Batuen Ingurumen Programako zuzendariaren iritziz, «zientziak oso garbi hitz egin du: gobernuek bizkorrago egin behar dute aurrera, eta premia gehiagoz gainera. Dugun berri ona da gure esku ditugula sute hori itzaltzeko behar ditugun baliabide guztiak».

Nazio Batuen Erakundearen arabera, hemendik 2030era gas kutsakorren isurketa %10 murrizteko nahikoa litzateke erregai fosilei gaur egun ematen zaizkien diru-laguntzak kentzea. Nazioarteko erakundeak uste du ezarri beharreko aldaketak abian jartzeak ez dituela derrigorrez arazo ekonomiko zein sozialak eragin behar. Ezer egin gabe geratzea askoz ere garestiago aterako zaigu.

Egileek «arrakastaren faktoreak» aipatzen dituzte beren lanean. Nabarmentzekoa da agintariei arriskuak hartzea tokatzen zaiela: konpainia pribatuek negozio aukerarik ikusten ez duten arloetan, agintariek hartu beharko dute aurrea eta bide berriak zabaldu. Ekonomia osoarentzat «politika berdeak» diseinatzea ere agintean daudenei tokatzen zaie.

BRICS taldeko bost estatuei (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) leporatzen diete adituek klima aldaketaren aurkako borrokan azken urteotan hain gutxi aurreratu izana. Karbono dioxido gehien isuri duten AEBak multzo berean kokatu behar dira eta Donald Trump egungo presidentearekin ez dirudi norabide hori aldatzeko aukerarik izango denik. Planetaren tenperatura bi gradu edo gehiago igotzen bada 2050. urterako, estatu horiek izango dute erantzukizun nagusia.

BCG Boston Consulting Group etxeak beroketa globalarekiko estatu horien jarrerak aztertu ditu, eta bide horretan oso aurreratuta dagoen Alemaniarekin alderatu ditu emaitzak. Ondorio oso garbia atera dute: gobernuak ez dira oraindik ere jabetzen klima aldaketak eragingo dituen kalte larriez eta, horrexegatik, beren politikak oso desegokiak dira, eta hondamendiak baino ez dituzte ekarriko. Orain dela aste gutxi batzuk IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak berak gogorarazi zuen bide okerretik goazela. Zientzialariek behin eta berriro diote negutegi efektuaren ondorioak saihesteko modukoak direla eta fenomeno arriskutsu eta indartsu horren atzean gizakion jarduera dagoela.

IPCC taldeko adituek nabarmendu zuten urrian AEBek Pariseko Akordioa utzi izana, Trumpen Administrazioaren erabakiaren bitartez, oso kaltegarria dela planeta ikaragarri berotu ez dadin. Munduko lehen potentzia nagusiak atzera egin izanak ahuldu egiten ditu beste guztien aurrerapenak, eta ekonomikoki hain indartsu ez diren herrialdeek bide bera hartzeko tentazioa dute Queenseko dirudunaren erabakien eraginez.

Testuinguru horretan, BRICS taldekoek ez dute ahalegin ikaragarri bat egiteko beharrik ikusten: beraien lehentasuna garapen ekonomikoari eustea da, nahiz eta horretarako klima aldaketa bizkortzen dituzten neurriak hartu behar badituzte ere. Karbono dioxidoa arazo moduan ikusten ez zen garaiko neurriak hartzen dituzte, eta adituek diote zaila izango dela bide horretatik ateratzea, herrialde industrializatuetan lortu den garapen maila eskuratzea eskubidetzat baitute, eta askoz ere baliabide gehiago kontsumitzen dituzten lekuetako herritarrek alfer-alferrik esango baitiete betirako pobrezian geratzeko.

Pariseko ituna ez da nahikoa

Edonola ere, IPCC taldeko zientzialariek beraiek onartu izan dute Parisen sinatutako ituna ez dela nahikoa, ez dela egoerak exijitzen duen bezain anbiziotsua, eta, hemendik urte batzuetara gure planeta bakarra infernu bihurtu ez dadin, ahalegin handiagoa egin behar dela, lanean berehala hasita gainera!

Parisen bi gradutako tenperatura igoera ezarri zen hautsi ez beharreko marka moduan, baina uharte-estatuen, herrialde pobretuen, zientzialarien eta gizarte zibilaren presiopean marka hori 1,5 gradutan ipintzeko aukera aipatu zen, inolako konpromisorik gabe. Marka hori kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen dute, berriz, IPCC taldekoek.

«Gradu erdia besterik ez!», pentsa dezake irakurleak. Baina bizimodu posiblearen eta ezinezkoaren arteko marka hor kokatzen dute gaur egun adituek: gradu erdi horren arabera dago eremu zabalak lehortzeko aukera, muturreko beroaldiak erregistratzekoa, ura lortzeko arazo larriak izatekoa, lehorte hilgarriak jasatekoa… Ezagutzen dugun bizimodua ezinezko bihurtuta. Mapak ere aldatu beharko dira, itsasoen mailak gora egitearen eraginez.

Jakina, makina bat ikerketak frogatu duenez, fenomeno horien biktima nagusiak, biktimenak, herrialde pobreetako herritarrak izango dira. Ehunka milioi lagunen bizimodua kaltetuko dute hondamendi ezberdinek eta, ondorioz, errefuxiatuen fenomenoak gora egingo du bazter guztietan. Datozen hamarkaden bilakaera izugarria margotu digute zientzialariek herritarren zein agintarien jarrera aldaketa lortu nahian: «Hogeita bi urteko epean beroketari gradu eta erdiko markan eusteko moduan gaude. Bestela, klima aldaketaren eragile nagusiak diren erregai fosilen erabilera komeni baino gehiago luzatuko da; ikatza eta gasetik hasi eta petrolioraino».

Mundu osoan isurtzen den karbono dioxidoaren %60tik gora BCG Boston Consulting Group etxeak aztertu dituen herrialdeek (BRICSeko bost estatuak, AEBak eta Alemania) isurtzen dute. «Agenda ekologikoa» berenganatu duten estatuek zenbait oztopo aurkitzen dituzte gaur egun epe motzean, baina aurrera begira «arrakastaren motore bihurtuko dira». Jens Burchardtek eta Philipp Gerbertek zuzendu duten ikerketak onartzen du klima aldaketari eusteko mundu osoa hartzen duen programarik ez izateak epe laburrean kaltetu egiten dituela bide berrian hasi diren nazioak, orain abian jarritako neurri batzuk arlo makroekonomikoan ordainduko baitituzte. Baina azterketa aurrerago eramanez gero, «gaurko hazkundearen arazoak oparotasunaren motor ukaezin bihurtuko dira bihar». Helen Mountford ikerlariak beharrezkotzat jotzen du gaur egun askotan ontzat ematen den ideia okerra baztertzea: «Ikatza eta beste erregai fosilak baztertzea garestiegia dela dioena».

Hauteskundeetan zigortzea

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak planeta gehien kutsatzen duten herrialdeak estutu nahi ditu eta, horretarako, ez du baztertzen klima aldaketa bizkortzen ari diren agintariak hauteskunde egunean zigortzea. Zientzialariek gogorarazten dute makina bat lurralde, hiri, konpainia, inbertsiogile eta elkartek urrats egokiak egin dituztela beroketari eutsi ahal izateko, baina potentzia nagusiek bide bera hartu ezean, ahalegin horiek ezerezean gera daitezkeela. Horregatik, AEBek eta BRICSeko herrialdeek hartu duten bidea aldatzea guztiz ezinbestekotzat jotzen dute. Energia berrien aldeko apustua egin dezaten gomendatzen diete. Eta nazioarteko konpromisoak bortxatzen dituzten estatuetako herritarrei eskatzen diete agintari horiei botorik ez emateko.

AEBetan agintera Donald Trump iritsi izana berri txarra izan zen klimarentzat, eta datorren urtarrilaren 1ean Brasilen Jair Bolsonaro presidente kargura iristea ez da hobea izango. Hauteskundeak egin aurretik herrialdeak Pariseko Akordioa uzteko aukera aipatu zuen, baina azkenean atzera egin zuen. Hori bai, hauteskundeak irabazi zituen eskuin muturreko politikariak «ekologismo xiita» eta «isunaren industria» salatu izan ditu, IPCCko zientzialariei zer kasu egingo dien garbi utziz. Datorren urtean egingo den COP25 gailurra Brasilen egitekoa zen, baina atzera egitea erabaki dute agintari berriek, argudio «finantzarioak» direla-eta. Brasilgo agintari berriak ez dira klimaren lagunak.

AEBetan agintera Donald Trump iritsi izana berri txarra izan zen klimarentzat, eta datorren urtarrilaren 1ean Brasilen Jair Bolsonaro presidente kargura iristea ez da hobea izango

Joyce Msuya Nazio Batuen Ingurumen Programako zuzendariaren iritziz, «zientziak garbi hitz egin du: gobernuek bizkorrago egin behar dute aurrera, eta premia gehiagoz»