Joxean Agirre

Athletic

Futbol kronikak dira egunkarietan literaturari gelditzen zaizkion gordeleku bakarrak. Askotan irakurtzen ditut Joseba Vivancorenak irribarre batekin, beti sartzen dituelako aipu jasoren batzuk, Eduardo Galeanorenak izan daitezke edo Enric Gonzalezenak (“Historias del Calcio”) edo entrenatzaile famatuen esaldiak. Bereziki onak dira, bat-batekoak direlako, Toshackenak. Horietako bat errepikatu zuen Vivancok aurreko batean: «Astelehenetan hamar jokalari aldatzekotan egoten naiz, asteartetan zazpi edo zortzi, ostegunetan lau, ostiraletan bi eta larunbatetan betiko kabroiekin jokatzea erabaki ohi dut».

Pasolinik Bolognako talde batean jokatu zuen atezain eta jokalari poetak eta prosistak bereizten zituen. Camus ere atezain izan zen Aljerreko talde batean eta Txillida Realean. Honek ere gauza interesgarriak idatzi zituen area txikian espazioak eta denborak egiten dituzten konbinaketez.

Peter Handkek ez zuen seguru asko jokatu, baina bazekien zerbait atezainaren beldurraz penaltiaren aurrean. Javier Marias (“Salvajes sentimentales”) da futbolaz gauzarik ederrenak idatzi dituenetako bat («asteroko haurtzaroaren berreskurapena»). Nabokov, Nick Hornby eta Julian Barnes futbol zale amorratuak izan dira. Azken hau, Leicester City jaisteko zorian zegoela, Compostelan egokitu zen eta katoliko bilakatuko zela agindu zion santuari baldin eta salbatzen bazen. Ez jaistea lortu zuen, baina ez zuen hitza bete; hurrengo urtean Txapeldunen Ligarako sailkatzea jarri zion santuari baldintza moduan. Noski, ez zuen katoliko egin beharrik izan.

Badaude idazleak xake taula baten aurrean bai, baina futbola ikusten irudikatzen ez ditugunak. Horietako bat da John Coetzee Nobel sariduna. “Aqui y ahora”, Paul Auster eta bien artean 2008tik 2011ra izandako gutun trukea, irakurri berri dut eta harritu egin naiz batak zein besteak telebistaren aurrean kirol saioei begira ematen dituzten orduak ikusita.

Neu ere, Barnes bezala, Compostelako santuari eta Begoñako Amari erregutzen hasita nago ea Athletic behingoz jaitsierako postuetatik ateratzen duten; ez Athletic zalea naizelako, inondik ere, Urtezaharretan Algortan afaltzera bilduko garen guztiak hala direlako baizik, eta ez nukeelako urte berria depresio giroan hasterik nahi. Eta baita Gaizka Garitanogatik ere. Zarauztarra da, postizoa bada ere, neu bezalaxe, eta herriko bati onena opa diot. •