> Euskal Herriaren eta Kataluniaren alde

Euskal eta kataluniar gizarteek «jasaten duten bonbardaketa mediatikoa gorabehera», haienganako mirespena agertu zuen Twitterreko mezu batek herrien arteko elkartasunari ateak zabaldu zizkion.

«Eguneroko bonbardaketa mediatikoa gorabehera, euskal eta kataluniar gizarteen eta haien kulturen baldintzarik gabeko miresletzat aitortzen dut neure burua. Nire ustez, alde on eta txarrak kontuan izanda, jarraitzeko moduko ereduak. Eta diodan hau ez da nire kulturaren kalteko, aitzitik baizik!». Horrelaxe zioen duela zenbait egun @OsoIngeni Twitterreko erabiltzaileak zabaldu zuen txioak.

Katalunian bizi den madrildar horrek euskal eta kataluniar gizarteek jasaten duten hedabideen kanpaina medioatikoari aurre egiteko zabaldu zuen haien aldeko mezu hori.

Mezu xume hori, hala ere, askok bere egin duten aldarrikapen bihurtu da. Ugari baitira egunotan beren burua euskal eta kataluniar kulturen zaletzat jo dutenak. Horiek ere kultura horiek «jarraitzeko moduko ereduak» direla, eta «hori ez da nire kulturaren kalteko», eransten dute sare sozialeko mezuetan. Mezuak Estatu espainoleko hainbat lekutatik iristen dira, are hartatik kanpotik ere.

Zabaldutako lehen txioak ia 7.000 like ditu, eta 1.600 alditan baino gehiagotan birtxiokatua izan da. Hitz horiek eskertu dituzten euskal herritar eta kataluniarrak ere asko dira.

> Mundua aldarazi zuten emakumeen «Nor da nor?»

“Nor da nor?” mahai joko klasikoaren bertsio berriak historiaren norabidea aldatzen lagundu duten 28 emakume agertzen ditu.

Jolasean akuarelaz marraztutako 28 emakumeren biografiak agertzen dira, haien bizitza, lorpenak eta zenbait datu bitxi. Horietako batzuk Marie Curie, Josephine Baker, Wangari Maathai, Frida Kahlo eta Amelia Lahart dira.

Bertsioaren ideia Zuzia Kozerska-Girard poloniarrarena izan da. Ama eta ilustratzaile horrek Kickstarter plataformaren bidez lortu zuen jokoa egiteko finantziazioa. 15.000 euro biltzeko helburua zuen, baina azkenean 100.000 eurotik gora lortu zituen.

> Iñarrituren gomendioa PPko senatari bati

Jon Iñarritu EHBilduko senatariak Olentzerori “Altsasu. El caso Alsasua” liburua eskatzeko gomendatu dio Jose Cruz Perez Lapazaran PPko senatariari. Aritz Intxusta eta Aitor Agirrezabal GARA eta NAIZeko kazetarien liburu horrek Altsasuko zortzi gaztek taberna batean bi guardia zibilekin izandako sesioaren ondorengo egia isildua kontatzen du. Iñarrituk Senatu espainiarrean bertan egin zion proposamena Perez Lapazarani, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Maria Solana bizitzen ari den jazarpenaz jardutean. Gogorarazi zuenez, Solanak eskolta eraman beharra dauka hezkuntza programa bat aurkeztu ondoren jasan dituen mehatxuak direla-eta. Halaber, Senatura iristen direnean, Vox alderdiko ultrek atsekabea hartuko dutela esan zuen, «muturrekoenak ez direla ikusita».

> Kepa Junkerarentzako adore hitzak sarean

Kepa Junkera bizkaitar trikitilariak Belgikan ospitaleratua jarraitzen zuen letrok idazterakoan, abenduaren 5ean iktus bat izan eta gero. Sare sozialetan hura adoretzeko mezu mordoa aurki daitezke. Hobera egin arren, Belgikan ospitaleratua jarraitzen zuen Junkerak. Kontzertu batzuk egitera joan zen bertara joan den astean eta, iktusa izan ostean, medikuen zaintzapean zen.

Abenduaren 6an Sorginak taldearekin batera Belgikako Izegem hirian kontzertua egitekoa zen Kepa Junkera, bezperan bere azken txioan iragarri zuenez. Ezustekoaren ostean, baina, kontzertu hura eta haren beste konpromisoak bertan behera gelditu ziren.

Junkeraren egoeraren berri zabaldu ostean, sare sozialetan mezu mordoa ageri dira trikitilari bizkaitarra adoretzeko asmoz. Askok Junkeraren abestiak beren mezuetan jarriz animatu nahi izan dute musikari bilbotarra.

> Ikusi arte

Berri Txarrak taldeak txio bidez eman du aste honetan geldialdi mugagabearen iragarpena. Txioa baina, bonba baten antzera erori da zaleen artean eta taldeak 25 urte hauetan utzitako letrak erabili dituzte askok adio esateko.

Mende laurden honetan ateratako bederatzi diskoak, dokumentala eta ehun kantu baino gehiagoko soinu banda izan dituzte gogoan jarraitzaileek. «Belaunaldi oso baten soinu banda zarete» dio sarean batek baino gehiagok eta askok euren imajinarioan atxikitako letrak erabili dituzte taldeari adio esateko. Taldearen jarraitzaile asko eta asko, uneotan, horrelaxe daude: «Oihu egin nahi dut arima urratu arte».