Xabier Izaga Gonzalez

INFO7 IRRATIAREN AGUR BIRA

Info7 irratia badoa, 13 urteko ibilbide oparoaren ostean. Gaur Urruñan azken agurra emateko egingo duten jaia baino lehen, bi asteko Agur Bira egin dute Euskal Herrian zehar, leku eta lagun esanguratsuak bisitatuz, lagun eta laguntzaileei eskerrak emanez. Info7ko lagunek egindako elkarrizketa ugarien lagin txiki bat ekarri dugu hona irrati berriaren proiektuaren zain.

Gaur Urruñan festa batek azkena emango dio azaroaren 30ean hasi zen Agur Birari eta, jakina, Info7 irratiaren 13 urteko ibilbideari. Urteotan esanguratsuak izan diren lekuak eta pertsonak bisitatu ditu Agur Birak, baita irratiko lagunak eta herriz herri izan dituen hainbat laguntzaile ere. Info7 badoa, baina urteotako lanak eta pilatutako esperientziak segida izango dute proiektu berri batean. Horretarako arrazoirik ez da falta, azken bi asteotan egindako elkarrizketetan ageri denez. Info7ren Agur Biraren atzetik ibili da GAUR8, geldialdi horietan kuxkuxeatzen.

Badira GARAren irakurle batzuk egunkaria hartu orduko azken orrialdera jotzen dutenak, eguraldiaren gaineko informazioaren bila. Agur Birak ere eguraldi gizonarenera jo du lehenenik, Joxe Landa Info7n hasiera-hasieratik meteorologia baldintzak iragarri izan dituen lagunarekin hitz egin eta aurrez aurre eskerrak emateko. «Egin izeneko mobida inportante batean» hasi zen Landa, eta gaur egun sei irratitan ematen du eguraldiaren berri. Haurtzarotik ondo ezagutzen ditu baserriko lanak, eta haien premiatik abiatuta hasi zen eguraldiari erreparatzen Joxe Landa. Irrati berriari zer eskatuko liokeen galdetuta, berehala erantzun zuen «euskalduna izatea, gutasuna, gu izatea eta hori mantentzea».

«Guri, zuri, zubi»

Info7k hastapenetik bertatik jasotako babesa eta ekarpenak eskertu nahi ditu. «‘Guri’ emandako babesa ‘zuri’, bazkide, kolaboratzaile, langile, laguntzaile, eskertu nahi dizugu. Gu eta zure arteko ‘zubi’ izan nahi baitu irratiaren opariak», eskertza eta aurrera begirako erronken aurrean zubiak elkarrekin igarotzeko gonbidapen.

“Guri, zuri, zubi” litografiak Info7 irratiaren agurra eta proiektu berria abian jartzea islatzen ditu eta espresuki egindako lana da. Haren egile Iñaki Rifaterra artista nafarra izan zen Agur Birako bigarren solaskidea, eta bere artelanen sortze prozesuaz mintzatu zen.

Bertsolaritza eta euskara

Abenduaren 3an, geldiune berezia egin zuen Info7k Barakaldokok BECen. Info7 irratia izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio guzti-guztiak zuzenean ematen lehena, baita herrialdeetako final guztiak ere. Jonmi Fernandez Elorzek Asier Alzedo eta Idoia Anzorandia Barakaldoko bertso eskolako kideekin hitz egin zuen BECen. Oso osasuntsu sumatzen dute biek bertsolaritza Bizkaian. Ezkerraldean ere urratsak egin dituela diote. Euskarak bezala «presentzia txikia du oraingoz, baina apurka-apurka bagoaz eremuak zabaltzen», bertso eskola indartuz eta eskoletan bertsolaritza sustatuz.

Euskararen Egunean bertan, Euskaraldian buru-belarri jardun zuten bi ahobizi esanguratsu elkarrizketatu zituen Info7k, Lutxo Egia Euskaraldiaren «lehen harrikada hura bota zuena», eta June Fernandez Bilboko Euskaraldiko hamaikakoko kidea. Euskalgintzak eta feminismoak bat egiten dutela esan zuten biek. «Disidentzia batetik errazagoa da beste disidentzien kontzientzia hartzea», esan zuen Fernandezek. Eta euskal hedabideak jarri zituen adibide, berdintasunaren aldeko apustu argiagoa egiten dutela esanez. Egiaren ustez, gazte jendeak uztartuko ditu feminismoa eta euskalgintza.

Irrati berriari «kultura eta sortzaileak mimatu» eta «euskaraz jarduten duten sortzaileei ahotsa» emateko eskatu zion Egiak. June Fernandezek, berriz, «etorkinak eduki ekoizle izatea eta ez albisteen protagonista soilik. Baita hedabide kritikoen saretzearekin jarraitzea ere».

Bazkideak eskertzen

Agur Birak zuzenean eskertu nahi zituen irratiko bazkideak, 2.000 bazkide, Info7 ekonomikoki, «eta baita moralki ere» lagundu dutenak. Hasiera-hasieratik proiektuaren aldeko apustua egin zuten hiru bazkiderekin elkartu zen Agur Bira hilaren 5ean Bilboko Etxebarrieta plazan, Anizeto Prieto, Mertxe Mendez eta Xabier Isasa. Edozein hedabidek gustura entzuteko moduko laudorioa bota zuten: «Besteek ematen ez duten informazioa eman digu Info7k». «Hurbiltasuna» ere eskertu zioten bereziki. Besteak beste, nazioartearen, borroka zehatzen, preso eta senideen errealitatearen gaineko informazioa ematen jarraitzeko eskatu zioten irrati berriari. Teknologikoki hobetzea ere nahi lukete, baina orain arteko baloreei eutsita.

Memoria historikoa

Memoria historikoak garrantzi handia izan du Info7n. Hori dela-eta, geldialdi sinbolikoa egin zuen Agur Birak hilaren 6an Gernikan. Orain dela 82 urte hango bonbardaketa bizi izan zutenen ilobekin, Lobak taldeko Unai Olaeta eta Itxaso Amunategirekin, elkartu zen Fernandez Elorz. Orduan euren aiton-amonek sufritu zuten egoera bera munduko leku askotan errepikatzen ari dela esan zuten. «Hemendik beste 80 urtetara beste loba batzuk egongo dira beste nonbait, badirudi ez dugula ikasi» esan eta ostegunero Lobak ekimenarekin bat egiteko gonbidapena egin zuten. «Irekia da, denok gara Lobak». Honakoa eskatu zioten irrati berriari: Lobak bezalako ekimenei bozgorailua jartzea Euskal Herri osoan horrelako mugimenduen berri izateko.

Memoria historikoa izan du gai Martxelo Alvarezen “La Memoria” programak. Asteartean Zazpikaleetan egindako elkarrizketan, Egin Irratian egiten zuen programan musikaren eta memoriaren arteko lotura idoro zuenekoa, Ahaztuak 1936-1977 elkartea eta beste izan zituen hizpide. Martxelok ere zenbait eskakizun plazaratu zituen: «Leku eta pertsona guztiengana iristen den irratia eskatuko nuke, eta nondik gatozen eta nor garen transmititzea zein garrantzitsua den ahazten ez duena».

Herri harresiak

Abenduaren 7an, elkartasuna herri harresi bihurtu zeneko zenbait protagonistarekin hitz egin zuen Fernandez Elorzek Ondarroan eta Donostian.

Urtza Alkorta Lea-Artibai eskualdeko beste hainbat lagunekin batera atxilotu zuten 2010ean. Baldintzapean atera eta 2013ko apirilean kartzelara sartzeko agindua jaso zuen, bere kontrako froga bakarrak torturapean lortutako testigantzak izan arren. Auzitegi Gorenak harentzako bost urteko kartzela zigorra berretsi zuen eta Alkortak herri harresia antolatzeko deia egin zuen. «Egun horietan bizitakoaren ondorioz, nik uste nuena baino bihotz gehiagotara iritsi nintzen. Elkarrizketa hau probestu nahiko nuke bihotz horiei guztiei benetako eskerrak helarazteko», esan zion Info7 irratiari egun haiek gogoratuta.

Donostiako Bulebarreko geldialdian Oier Lorente eta Mari Paz Casanova izan ziren solaskideak. Lorente atxilotze arriskuan zegoen gazteetako bat da eta Casanova Egoi Alberdiren ama, beste gazte haietako batena, alegia. «Batez ere, indarra sentitzen genuen, herriaren indarra eta babesa», esan zuen Lorentek. Mari Pazek, berriz, «egun zail horietan egin nituen lagunak, adin guztietako lagunak» gogoratu zituen.

Arrosa Sarea

Info7 irratia bere sorretatik Euskal Herriko irrati libre eta komunitarioen Arrosa Sarearen parte izan da. Gaur egun, Arrosa Irrati Sarea Euskal Herriko 21 irrati biltzen dituen federazioa da. Askotariko irratiak biltzen dira: irrati libreak, udal irratiak, eskualde mailakoak, nazionalak… Denen elkargunea euskara izan da hasieratik. Komunikabide handien aurrean, beste ikuspegi bat emateko sarea indartzea dute xede.

Astelehenean Molotov Irratiko Irantzu Jauregirekin eta Herri Irratiko Txema Auzmendi lehen administrazio kontseiluko kidearekin Arrosa Sarearen sorrera gogoratzeko geldialditxo bat egin zuen Agur Birak. 2001eko udaberrian, Herria Mugi ekimenak, Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, Barrian Euskal Herriko hainbat irrati deitu zituen irratien arteko elkarlana areagotu eta euren baliabideei probetxu hobea ateratzeko zer egin hausnartzeko. Euskal Herria Zuzenean festibalean egin zuten sortze bilera, Arrosan, horregatik hartu zuten izen hori.

Presoen senideak

Azken 13 urteotan ohiko hizpidea izan da euskal preso eta senideen egoera Info7n. Agur Birak Jone Artola eta Jagoba Goitia Etxerateko senideak izan zituen solaskide astelehenean Bilbon. Jone 1986an hasi zen lehen bidaiak egiten anaia ikusteko, eta oraindik hala jarraitzen du, semea bisitatzeko. Jagoba Goitiak duela 16 urtetik bisitatzen du semea kartzelan. «Zure senidea dagoen lekua da zure bizitokia, hori da munduaren zentroa», dio Jagobak. Jone Artolak anaia, barruan 27 urte eman eta gero, aske geratu zen unea gogoratu zuen, baita errepideko istripuak –horietako bat berak jasana–, Mirentxin furgonetak eta jendearen elkartasuna edo urtarrileroko manifestazio erraldoia eta horren berri emateko Info7 irratiak urteotan egin dituen saio bereziak ere. «Pilak kargatzen zaizkizu», esan zuten, «beti badugu esperantza bat hurrengo urtean ez garela han izanen», baina aurten ere, urtarrilaren 12an, Bilboko udaletxearen aurrean izango direla. Egoerak ez duela hobera egiten ere nabarmendu zuten elkarrizketan. «Lau preso hurbildu dituzte baina ez dituzte Euskal Herrira ekarri». Hala ere, senideek oinak lurrean dituztela esan zuten.

Argi du Jagobak nolakoa nahi lukeen irrati proiektu berria: «Gizartearen zerbitzura, orain arte bezala, lan handia dago-eta egiteko. Beraz, animo asko!». Jonek, aldiz, «ostiraleko agurra, agur berezia izan dadila, ‘bidaia on eta besarkadak banatu handik!’».

18/98 makrosumarioa

Topaketa interesgarria, halaber, asteazkenean Agur Birak «18/98ko sorgin-ehiza» sufritu zuten bi lagunekin egindakoa. Epaiketa hura mugarri bat izan zen, bereziki Euskal Herrian piztu zen elkartasunagatik, baina baita “dena ETA da” teoriaren hastapena izan zelako ere. Bergarako Olaso Jauregian, Telesforo Monzonen etxean, hain zuzen, Teresa Toda “Egin” egunkariko zuzendariorde ohia eta Jose Luis Elkoro ziren. Haiekin batera, Iker Bizkarguenaga epaiketa guztia bertatik bertara jarraitu zuen kazetari bakarra ere gonbidatu zuten solasera. Bizkarguenaga GARAko kazetariak egunero kontatu zigun Info7 irratiko uhinetan eta GARA egunkarian hamasei hilabete iraun zituen epaiketaren berri.

Jose Luis Elkorok esan zuen «antzerki bat bezala» oroitzen duela Madrilgo Casa de Campon bizi izandako guztia, ametsetik baino amesgaiztotik gehiago duen antzerkia. Teresa Todak auzipetuen artean sortu zen harremana eta elkartasuna nabarmendu zituen. Iker Bizkarguenagaren iritziz, «Estatuak mugimendu oso baten ibilbidea eta lana epaitu nahi izan zituen. Estatu operazio bat izan zen eta ondorio humanoak oso larriak izan ziren, baina uste dut politikoki ez zituela bere xedeak bete». Bat etorri ziren hirurak Estatuak bere helburuak ez zituela bete esaterakoan. Teresa Todak, azkenik, bidean geratu direnak oroituz amaitu zuen bere esku hartzea.

Langile borroka eta Feminismoa

«Ustezko krisiak» Euskal Herrian eragin zuen egoera gordinenik jasan zuten lekuetako bat Sakana izan zen. Ostegunean suntsidura haren bi lekukoren hitzen bila gelditu zen han Agur Bira. Oskar Telletxea Sunsundegi enpresako langile eta LABeko ordezkaria da, eta Fernando Iriarte Inasako langile ohia eta duela bost urteko borroka haietan parte hartu zuenetako bat. Iriartek bere enpresaren jokaera ez ezik, orduko Administrazioarena ere salatu zuen: «Kontua ez da ez zutela ezer egin, baizik eta multinazionalei lan zikina egin zietela». Telletxeak gogora ekarri zituen langileen mobilizazioak eta tristuraz gogoratu zuen zenbat lanpostu deuseztatu ziren, zenbat familiak jasan zuten hura, eta bereziki Javier Paniagua, enplegua erregulatzeko espediente baten bidez Sunsundegitik kaleratu zutenean bere buruaz beste egin zuena. «Oso gogorra izan zen».

Irrati berria «orain arte funtzionatu duena hobetzeko» izan dadila eskatu zuten, eta Euskal Herri osoan entzun dadila, orain arte bezala, ahotsik gabekoen ahotsa. «Eta pentsiodunen borrokarekin gogoratzeko, egunean-egunean pixka bat gehiago», erantsi zuen Fernandok.

Egun berean Iruñera ere heldu zen Agur Bira, mugimendu feministako kide ez ezik, irratiko kolaboratzaile ere badiren Amaia Zufiarekin eta Begoña Zabalarekin elkartzeko. Feminismoaren bilakaera gogoratu zuten, eta biongan kontzientzia feminista noiz piztu zen galdetuta, zenbait momentu gogoratu zituzten.

Amaiari gazte mugimenduan militatzen zuen garaia etorri zitzaion gogora, zehatzago Iruñean antolatu zituzten jardunaldi batzuk. «Hor deskubritu nuen feminismoa». Begoñaren kasuan, 1976ko urtarrilean Bilbon egin zuten lehen asanblada feminista izan zen momentua. Asanblada hartan, emakumeak bakarrik bildu ziren, gaur egungo ikuspegitik normala dirudiena baina garai hartan berritzailea zena. Beste une bat, 23 urte bete zituenean, amak Simone de Beauvoirren liburua, artean debekatuta, oparitu zionekoa.

Graxi Etxebehere

Atzo, azkenik, Ortzaizera jo zuen Agur Birak. Hantxe zuen zain Graxi Etxebehere, herri honetako bakegintzaren sinbolo bilakatu den emakumea. Eider Olazar eta Maite Bidartek 2015. urteko uztailaren 9an atxilotu zuteneko audioa jarri zioten. «Desarmatu nahi duen talde bat lagundu dut eta ez dut damurik. Militante bakoitzak hartu beharko luke bere konpromisoa», zioen orduan, besteak beste. Atzo, hura entzunda, «gogoratzen dut izugarri indartsu sentitzen nintzela, eta denbora berean banuela pisu bat izugarria, ene lagunena, ene auzoena, haiek askatu behar zirela derrigorrez». Astelehenean Graxiren eta haren lagunen aurkako epaiketa hasiko da Parisen; hala ere, oso ongi dagoela dio, «oso lasai barnetik, zerbait ongi egin dugun sentsazioarekin». Uste du zail izango dutela azaltzen zergatik diren gaizkileak eta bideratzen lagundu duten desarmeak zer duen txarretik. Hala ere, «Parisekin ez dakizu sekula». Hori bai, ez dela beldurrez joan behar uste du.

Presoen gaia konponduta ere ez dela euskal arazoa bukatzen dio Graxik: «Presoak dira gure zauria eta horrekin jolasten dira, baina helburua da Euskal Herriak ukan dezan geroan eta munduan bere lekua finkatua». Ez du oparirik espero Parisetik edo Madriletik, eta gizarte zibilaren presioa ezinbestekotzat jotzen du.

Merezi du benetan Graxirekiko solasa osorik entzutea, gainerako elkarrizketok bezala. Eta, zorionez, bada horretarako aukera, Info7 irratiak bere itxiera dela-eta prestatutako webgune berezian entzungai baitaude elkarrizketa guztiok eta beste zenbait, hala nola azaroan zehar egindako saioetan berreskuratutako audioekin osatu duten “Info7ko perlak” atala, esaterako. Bertan, azken 13 urteotako Info7 irratiko audio esanguratsuenak daude entzungai.